“Helburua jendea txoriekin eta hezeguneekin lotzea da”

“Helburua jendea txoriekin eta hezeguneekin lotzea da”

Ander Zarraga

Hegaztiak dira haren pasioa, eta haiei begira bizi da Edorta Unamuno (Ermua, 1970). Aranzadi zientzia elkarteko biologoa da, Urdaibai Bird Centerreko teknikaria, hegazti markatzailea, eta Birdflyway egitasmoaren sortzaileetarikoa. Ilusioz bete du abiatzear den proiektuak, seguru baitago arrakastatsua izango dela.

Nola sortu zen Birdflyway eratzeko ideia?

Orain dela urte bi hasi ginen pentsatzen proiektu honetan; batez ere, aztertzeko hegaztiak eta turismoa nola ahal genituen lotu. Ideia hainbat lekutan aurkeztu genuen, eta Espainiako Gobernutik etorri zen diru laguntza bat, proiektua martxan jartzeko. Asmoa zen hegazti biren (antzara eta arrano arrantzalea) migrazio bideak hartzea, horien bideetan dauden zentroekin harremanak sortzea eta bisitariak elkarren artean trukatzea, edo, behintzat, ibilbide bat sortzea.

Nolakoa izan da zentro horien erantzuna?

Gu Migratory Birds for People sarean gaude, Europan eta Afrikan hainbat zentrorekin harremanetan, eta planteamenduarekin oso pozik agertu ziren. Haiek ikusi zuten sare horretako helburua hori zela: jendea lotzea hezeguneekin eta txoriekin. Beraz, haien laguntza dugu zentroen arteko loturak egiteko eta elkarrekin komunikatzeko. Gehienak oso prest agertu ziren, eta beste batzuek, nahiz eta nahi izan, ezin izan zuten proiektuan parte hartu hainbat arrazoiengatik. Gaur egun, bederatzi herritako hamasei zentro gaude proiektuan.

Maiatzaren 8an jarriko da martxan proiektua. Prest al duzue dena?

Bai. Aurkezpena aspaldi egin genuen. Hasieran, antzaren bidea soilik hartu genuen kontuan, baina ikusi genuen Ingalaterra, Eskozia eta halako herrialdeetako zentro asko eskegita gelditzen zirela. Haiek eskatu ziguten proiektuan integratzeko, eta pentsatu genuen arrano arrantzalea ere sartu ahal genuela proiektuan. Horrela, antzararen ibilbideak Finlandiatik hasi eta Urdaibaira arteko bidea hartzen du, eta, arrano arrantzalearenak, Islandia eta Eskoziatik hasi eta Gambiara artekoa. Ibilbide horrek Y moduko bat egiten du; horregatik proiektuaren logotipoa.

Zein turismo mota bultzatu nahi duzue?

Azken finean, Donejakue bide bat izatearen modukoa da, baina hegazti biren migrazioa jarraituz eta jendeari erakutsiz hegazti horien inguru giroa. Leku horiek natur ikuspuntutik oso erakargarriak dira, gehienak hezeguneak baitira. Batez ere, natur turismoa gustuko duen jendearentzat da. Ez bereziki ornitologoentzat. Hau da, familientzat, bikoteentzat, natura maite dutenentzat sortutako ideia da. Dagoeneko, jendea hasita dago deika ea noiz hasiko garen galdetzen.

Beste zentroetan Urdaibai ezagutaraziko duzue, eta aldrebes?

Bai; zentro bakoitza izango da beste zentroen enbaxadore modukoa. Beraz, Urdaibai presente egongo da beste zentro guztietan.

Zenbat pertsona mugiaraztea espero duzue proiektu honen bidez?

Egindako estimazioen arabera, aurten Urdaibain 1.500 pertsona sartuko direla uste dugu. Behintzat pasaportea hartuko dutela eta proiektuaren berri jakingo dutela. Horrela, jende hori hurrengo urtean beste herrialde bateko hezegune bat bisitatzera joango da, adibidez. Azken finean, aitzakia bat da beste leku batzuk ezagutarazteko. Guk 28.000 bisitari izan genituen 2015ean, baina Europako beste zentro batzuetan 100.000 bisitaritik gora izaten dituzte. Horiek ere Urdaibai ikusiko dute, eta nork daki beste batean hona etorriko diren.

Zuek prestatutako erronketan, ibilbide historikoa proposatu duzue.

Bai, eskualdea ezagutzeko pare bat eguneko ibilbidea proposatzen saiatu gara. Beste zentroek ere antzeko gauzak egin dituzte; bakoitzak bere bitxikeriekin. Guk, Biosferaren Erreserba garen heinean, planteatu genuen bisita historiko eta kulturalak egitea.

Mugituko den diruaren aurreikuspena ere egin duzue.

Euskal Herrira datorren jendeak zenbat gastatzen duen aztertuz Basquetourrek urtero argitaratzen dituen datuak hartu genituen. Azken finean, hona baldin badatoz, hemen egin behar dute lo, jan, leku batzuk bisitatu… Atera ziren kalkuluen arabera, 225.000 euro utziko dute urtean, batez beste.

Lehengo diru mugimenduaz gain proiektuak sortuko duena ikusita, bertako enpresak erakartzea lortu duzue?

Bizkaiko Foru Aldundiak egin du proiektu bat, Birdflyway-k Urdaibain izan dezakeen eragina kontuan hartuta. Bertako enpresak, nekazaritza turismoak, hotelak, jatetxeak eta abar txertatuta, proiektuari plus bat ematea da asmoa. Inguruko jendearekin sinergiak sortzea da helburua.