Tokiei gehiegi begiratu gabe

Tokiei gehiegi begiratu gabe

A. Larrabe Arnaiz

Azken urteetan behin eta berriz errepikatu den esaldia da: “Krisi ekonomikoak gogor astindu du merkataritza txikia”. Langabeziak eta erakundeetatik ezarritako murrizketek familien erosteko ahalmenari eragin diote. Kontsumoaren beheraldia ekarri du horrek, eta herri eta hirietako denda txikiek nozitzen dute gehien estualdi hori. Iaz, 149 negozio txiki itxi ziren Bizkaian, Euskomer patronalaren arabera. Baina merkataritza txikiaren kontrako bidean ari denik ere bada. Atzeraldi ekonomikoari aurre egin eta merkataritza gune berriak irekitzen ari da Mercadona, Valentziako supermerkatua. Barakaldon eta Basaurin ireki zituen Bizkaian iaz, eta, 2017 bitartean, beste bost inauguratuko ditu. Bilboko San Adrian auzoko Urretxindorra ikastolaren jolastokiaren azpian irekiko dute horietako bat.

Ez da ohikoa, eta, herritar askorentzat, “surrealista” ere izan daiteke ikastetxe baten azpialdean supermerkatu bat eraikitzea. 2014an zabaldu ziren proiektuari buruzko lehen zurrumurruak auzoan, eta baieztatu da egitasmoa orain: otsailean abiatu zituzten Mercadona merkataritza gunea egiteko lanak. Ikastolak eta Valentziako kateak zituzten beharrak aseko omen dituzte: merkataritza guneak denda irekitzeko espazioa lortu du Bilbon, eta ikastolak, berriz, zentroa handitu eta azpiegiturak konpontzeko baliabideak lortu ditu trukean. Bi solairuko merkataritza gunea eraikiko du Mercadonak ikastetxearen jolastokiaren behealdean. Aparkalekua egingo dute batean, eta supermerkatua, bestean. Ordainetan, eraikin berri bat lortuko du ikastolak, eta jolastokiaren azpiegiturak ere berrituko ditu. Azken urteetan espazio faltan izan da ikastetxea, eta eraikin berriak ikastolak hirugarren lerroa zabaltzea ahalbidetuko du.

2017an irekiko ditu ateak San Adriango Mercadonak. Baina ez da izango kateak hiriburuan irekiko duen merkataritza gune bakarra. Apirilaren 28an, Urkijo zumarkalean 1.500 metro karratuko denda inauguratuko dute. Eta, urtea bukatu aurretik, Bolueta auzoan beste denda bat irekitzeko asmoa ere badu.

Zerrenda ez da hor bukatzen. Lurralde osoan hedatu nahi du kateak, eta Berangoko Landaida Goikoa auzoan supermerkatu bat irekiko du 2017an, eta Santurtziko Kabiezes auzoan beste bat. Beraz, zabaldu berri diren Barakaldo eta Basauriko dendak aintzat hartuta, zazpi merkataritza gune izango ditu Mercadonak Bizkaian bi urteko epean. Horra, saltoki handi eta txikiek duten egoeraren berri ematen duen beste datu bat.

Lan baldintzen okertzea

Denek ez dute begi onez ikusi Valentziako katearen etorrera. Merkataritza txikiari kalte egiten diola eta “prekarizazioa” eragiten duela salatu zuten ELA, LAB, Steilas, ESK eta CNT sindikatuek eta hainbat herri eragilek Bizkaiko lehen Mercadona supermerkatuak ateak ireki zituenean, Barakaldoko Megapark merkataritza zentroan. Azaldu zuten, halaber, langileen eskubideak urratzeagatik 60 sententzia baino gehiago pilatu dituela Mercadonak, eta lan baldintzak hobetzeko eskaerei kaleratze mehatxuekin erantzuten diela.

Merkataritza gune asko eraiki dituzte Ezkerraldean azken urteetan. Horien artean daude Ballonti, Max Center eta Megapark. Orduz geroztik, langabezia eta miseria egoerak areagotu egin direla azaldu zuten eragile eta sindikatuek, supermerkatuaren aurrean egindako protestan. Eta eman zituzten datuak ere: langileen %55ek 600 euro baino gutxiagoko soldata dute. Eskualdea “pobretzen” ari direla uste dute. Hain zuzen, Euskal Herriko langabezia tasarik handienetakoa duen eskualdea da Bizkaiko Ezkerraldea, lan egiteko adinean dauden pertsonen %21 beharrik gabe baitaude.