“Sedukzioari aurre egin behar zaio”

“Sedukzioari aurre egin behar zaio”

A. Larrabe Arnaiz

Gaur egun, herri eta hirietako dendetan erostea baino erosoagoa da merkataritza guneetara joatea, Imanol Esnaola Gaindegia behatokiko koordinatzailearen arabera (Lezo, Gipuzkoa, 1971). Horregatik, saltoki handien eta txikien arteko lehian baino gehiago, bizimodua antolatzeko eran jarri du arreta.

Azken urteetan, behera egin du saltoki txikien kopuruak. Gora, aldiz, saltoki handien kopuruak. Norantz doa merkataritza?

Bide asko ditu merkataritzak, eta kontraesanezkoak dira horietako batzuk. Bi kontu agerikoak direla esango nuke. Bat: saltoki eta banaketa sare handiek erosleak erakartzeko eta baimenak lortzeko duten erraztasuna. Eta bi: tokiko merkataritzaren inguruan eskaintza eta kultura sendo bat sortzeko dugun zailtasuna.

Kontsumo ohiturek eragina dute gizarte harremanetan?

Saltokiak ere elkarguneak dira, eta, ohituraren ondorioz, atseginak ere gerta daitezke. Gaur egun, saltoki handiek behar den guztia eskaintzen dute esperientzia atseginak eragiteko. Baina, ohituretan baino gehiago, gizarte antolamenduan dago gakoa. Merkataritza gune handiak lanetik etxerako bidean daude, errepide bazterretan, eta, autoan goazela, bide batez, erosketak egiten ditugu. Saltoki handiek gure ohiturei lotutako eskaintza egiten dute, eta, saltoki txikietara joateko, autoa uzteko ahalegina egin behar da. Beraz, saltoki txikien eta handien arteko lehian pentsatu beharrean, pentsa dezagun nola antolatzen dugun gure bizimodua.

Gero eta gehiago dira tokiko produktuen bandera erabiltzen duten merkataritza guneak.

Kasu askotan, kosmetika hutsa da bertako produktuen salerosketa. Demagun Abadiñoko saltoki txiki batean, herriko letxugak saltzeaz gain, Bastidako ardotegi txiki bateko ardoa edo Ipar Euskal Herriko gaztak ere saltzen direla. Denda ixten bada, ekoizle horiek guztiak ari dira kaltetzen, eta bezeroek sasoiari, eskualdeari eta ekoizleari lotutako berezitasun hori ere galtzen dute. Bertako zaporeak aberasten dituen ezagutza galtzen ari gara, banaketa sare handiek ezin dutelako kultura hori sortu. Datu bat azpimarratuko nuke: azken urteetan behera egin du Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban Nafarroari erosten dizkiogun elikagaien kopuruak. Zergatik? Banaketa sare handiek beste lurralde batzuetakoak sustatzen dituztelako. Bada, hor dago mozkina, eta hor gure galera; enplegu, ekoizpen, ezagutza eta esperientzia galera, alegia.

Enpleguaren sorrera ere aipatzen da saltoki handiak eraikitzeko egitasmoetan.

Azterketa osoa egin behar da. Enpleguaren auzia garrantzitsua da, baina prozesuak aztertu behar dira, banaketa sare handiek bestelako kalteak ere eragiten dituztelako. Hala ere, ukaezina da udalerri batean halako saltoki bat jartzeak enplegua sortzen duela eta ingurua dinamizatzen duela. Baina administrazioaren aldetik merkataritza txikia eta eskutik eskura egiten den salmenta sustatzeko estrategia eta baliabideak falta dira. Sortu gabe dago bertako merkataritzaren euskal sistema bat. Gure herri eta ohitura berrietara egokitzen den eredua, alegia. Dendari eta ekoizleak ezin dira bakarka aritu. Edonola ere, esango nuke badirela aukera interesgarriak espazioa, zerbitzua, harremana, produktua eta teknologia modu inteligentean antolatzen dituzten herrientzat.

Hiri eta herriak antolatzeko erak eragina izan du horretan?

Urte basatiak izan ditu eraikuntzak azken mendean. Asko eraiki da, eta eremu berrietan, gainera. Horrekin batera, bizitzeko ohiturak zeharo aldatu zaizkigu. Merkataritza txikiak, bizitzeko, dagoen lekuan dagoela, bezeroak behar ditu inguruan. Baina bezeroak inguru horretan bizi beharrean, lo egitera baino joaten ez badira… Indarrean egon den lurralde antolamenduak ekarritako ondorio sozioekonomikoak nozitzen ari gara orain. Erosketak eginez herrian paseatzea edo eskolatik haurrak hartzen ditugun bitartean afaltzeko zerbait erostea esperientzia ezezagunak bihurtu dira euskal herritar askorentzat.

Hortaz, hirigintza izan daiteke merkataritza eredua aldatzeko tresna?

Gure inguruarekin adiskidetzeko garaiak datoz, eta aukerak sortzen ari dira jende gehien biltzen den eremuetan. Bestelako hirigintza bat behar da, mugikortasun txikiagokoa eta inguruarekin abegikorragoa. Baina, horretarako, banaketa sare handien sedukzio indarrari aurre egin behar zaio. Hor dago gakoa. Bertako ekoizle eta saltzaileek sedukziorako aukera ematen duen inguru soziala behar dute, eta horrekin batera formula berriak asmatu behar dira.