“Euskal Herrian ez zaio rock&rollari arretarik jartzen”

“Euskal Herrian ez zaio rock&rollari arretarik jartzen”

Pello A. Zuazo

Ritxi Blanco (Durango, 1992), Jon Gartzia eta Asier Elias dira Mocker’s. Hurrenez hurren, 23, 22 eta 22 urte dituzte, eta, halere, beraiek jaio baino hogei urte lehenago boladan zegoen musika dute gustuko. “70eko urteetako rock&rolla aldarrikatzen dugu”.

Gazteak eta goiztiarrak. Nondik eta nora rock zaletasun hori?

Hirurak goiz hasi ginen herriko musika eskolan. Bestalde, Asierren aita musikaria da, oso blues zalea, eta Jonen aitak Bruce Springsteen maite du. Nire aita, aldiz, Eric Claptonen eta Cream taldearen fan sutsua da. Koktel horretatik seme-alaba rockeroak soilik irten daitezke.

Berehala sortu zenuten taldea.

2010. urtean, 16 urte genituela. Sasoi hartan bertsioak egiten genituen: Hellacopters, Gluecifer… eta pixkanaka gure kanta propioak sortzen hasi ginen. Kontzertu dezente eman eta 2011n lehen maketa argitaratu genuen. Maketak ateak zabaldu zizkigun kontzertu gehiago emateko. Iazko urtarrilean disko berria atera genuen: Percute animas. Jada, ehun kontzertutik gora eman ditugu taldea sortu genuenetik.

Zein da zuen estiloa?

70eko hamarkadako rock&rolla egiten dugu. Horixe dugu gustuko, eta horretan oinarritzen da gure soinua: Led Zeppelin, Deep Purple, Grand Funk Railroad, Mountain, Free… dira gure erreferenteak. Dena den, stoner estiloko zertzelada modernoagoak ere ematen dizkiegu kantuei noizbehinka. Jotzen hasi ginenean punkyagoak eta high energy zalegoak ginen.

Rock&rolla hiltzen ari da?

Euskal Herritik eta gu mugitzen garen zirkuitu txikitik kanpokoa ikusiz gero, hemengo egoera ez da oso pozgarria. Baina Europan, momentu honetan, rocka osasuntsu dago eta zirkuitu handiak ditu. Talde indartsuak daude, bai zaharrak eta bai berriak. Hemen ere, Euskal Herrian, sekulako taldeak daude. Hogei urtetik honako tartea kontutan harturik, esango nuke oraintxe daudela talde rockero onenak. Kalitate handia egon arren, ez dagoen zirkuiturik apenas; ez da rock&rolla bultzatzen, ez zaio arretarik jartzen. Batik bat, guk egiten dugun rock&roll underground horri.

Zergatik abesten duzue ingeles hutsean taldeko hirurak euskaldunak izanik?

Inertziaz horrela hasi ginen, entzuten dugun musika ingelesez delako. Agian, euskaldunak izanik geure aletxoa jarri beharko genuke euskararen alde, eta abesti batzuk sikiera euskaraz egin. Baina guretzat naturalagoa da ingelesez egitea; horrela irteten zaigu berez, besterik gabe.

Aurten Mundakako jaialdian joko duzue; hitzordu handia.

Jaialdi berria da, baina itxura paregabea dauka. Iaz The Sonics taldeak jo zuen! Ez dugu inoiz jo hain jaialdi handi batean. Ostera, urtarrilean The Darkness talde ingeles entzutetsuarekin jo genuen Bilboko Santana 27 aretoan. Eta Capsula argentinar-bilbotarrekin ere bi aldiz jo dugu.

Badaukazue festibal kutunik?

Gasteizko Azkena Rock festibalean jotzea ametsa da kasik, bai guretzat eta baita beste rockero askorentzat ere. Urtero joaten naiz ikusle moduan, eta asko gozatzen dut. Jaialdi itzela da eta etxetik hurbil daukagu gainera.

Euskal Herrian, eta Bizkaian batik bat, musika festibalek gorakada izan dute azkenaldian. Zein iritzi duzu horiei buruz?

Festibalak egitea gauza positiboa da, musika mugimendua sortzen baita. Baina festibal horien estiloari dagokionez, esango nuke joera pop, indie eta elektronikoa gailentzen ari dela, agian, Bilbao BBK Live festibalak markatutako ildoari jarraiki. Iritzi subjektiboa da hori, noski. Kontua da festibalek sarrerak saldu behar dituztela, eta, oro har, metal, punk, hardcore edota bestelako underground estilodun taldeek ez dutela sarrera askorik saltzen, baldin eta talde famatuak ez badira. Nolanahi ere, Azkena Rock festibala, adibidez, festibal berezitua da, bai musika taldeen aldetik eta baita publiko aldetik ere. Publiko fidela izaten du eta taldeak ondo hautatutakoak izaten dira. Nik Bilbao BBK Live kontsumismoarekin eta masifikazioarekin lotzen dut, eta Azkena Rock, fideltasunarekin eta kalitatearekin. Festibal kontzeptu desberdinak dira. Biak errespetagarriak, noski.

Euskal taldeei lekua egiten zaie festibal horietan?

Banden Lehia, Gaztea eta Villa de Bilbao musika lehiaketetako irabazleei festibal horietan jotzeko aukera eman diete azken urteetan. Baina horrez gain, ez dut uste bertako taldeei bultzada berezirik ematen dietenik. Lehenago esan dudan bezala, Euskal Herrian kalitate handia dago, musika estilo guztietan, eta sustatu egin beharko lituzkete. Gainera, festibal horiei ez zaie ezer kostatzen talde euskaldun batzuk eramatea, eta aldiz, taldeei kristolako mesedea egiten diete;º eta seguraski, baita publikoari ere.