Produktu osasuntsuak, edonon eta edonoiz

K. Barber

Nola elikatuko gara etorkizunean?”, galdera hori izan du abiapuntu Azti-Tecnalia ikerketa zentroak EATendencias munduko elikadura joerei buruzko lana osatzeko. Kontsumitzaileen kontsumo ereduak eta eskaerak aztertu ditu ikerketa zentroak, eta bederatzi kontsumo joera bildu ditu azterlanean. “Etorkizunean gero eta produktu osasuntsuagoak eta naturalagoak eskatuko dituzte kontsumitzaileek; baita bizitza estilo berrietara egokitutakoak ere”, adierazi du Nagore Pikazak. Azti-Tecnaliako Merkatu Joeren eta Elikadura Berrikuntzaren Behatokiko arduraduna da Pikaza, eta beste hainbat ikertzailerekin plazaratu du kontsumo joerei buruzko lana.

2012an amaitu zuten ikerketaren segida da berriki aurkeztu dutena. “Gizartea aldatuz doan heinean, joerak eta kontsumitzeko moduak ere aldatuz doaz; horiek izan ditugu ikergai”. Egun, joera horiek gizartean atzeman daitezkeela, eta hurrengo urteetan “zabaldu eta finkatu” egingo direla ziurtatu du adituak. Besteak beste, honako joera hauek ikusi ditu ikerketa zentroak: hiriko bizitza erritmoaren beharretara egokitutako elikadura, osasuna eta ingurumena errespetatzen dituzten jakiak, pertsona bakoitzaren behar espezifikoetara egokitutako elikagaien eskaera, eta janaria plazer iturria izatea.

Pikazaren aburuz, hein handi batean elikadura orekatu baten bidez osasuna zaintzea eskatzen dute kontsumitzaileek, eta, joera hori beti presente egon den arren, argi du gero eta indar handiagoa hartu duela. Hartara, sektorea espezializatuko da kontsumitzaileen behar berrietara egokitzeko, bakoitzaren behar zehatzetara egokitutako elikagaien eskaera areagotuz. “Dietak pertsonalizatua izan behar du, bakoitzaren ezaugarri, osasun egoera, bizimodu eta ohiturak desberdinak baitira”, ohartarazi du Pikazak.

Txostenak jasotzen duen moduan, bertakoak eta ingurumena errespetatzen duten produktuak gero eta garrantzi handiagoa dute gizartean. “Horiek ekoizteko lanari eta ahaleginari balioa ematen dio kontsumitzaileak, eta zertxobait gehiago ordaintzeko prest dago trukean”. Bere balio pertsonalekin bat datozen enpresekin identifikatzen da kontsumitzailea.

Azterlanak biltzen duen beste joeretako bat gaur egungo bizitzaren erritmo azkarra da. Horrek eragina du elikaduran eta kontsumitzaileek “nonahi eta noiznahi” filosofiari heltzen diote. “Eguneroko bizitza erraztu eta azkar eta arin kontsumitzeko produktuak hedatzen ari dira”, dio Pikazak. Adibideak jarri ditu: vending makinak “gero eta sofistikatuagoak” dira, eta gazteen artean food truck janaria saltzen duten postu ibiltariek “arrakasta” dute.

“Kontsumoa nork bere nortasuna adierazteko beste modu bat da, eta, beraz, nortasun hori indartzen laguntzen duten produktuak eta zerbitzuak nahi ditu publikoak”, gaineratu du. Gainera, teknologia berrien eta sare sozialen eraginez, gaur egun kontsumitzaileak ez dira “janari hartzaile soilak”, esperientzia baten parte baizik. “Jatea une gogoangarri bat izatea nahi dute”.