“Talde bereziak ekarri ohi ditugu jaialdira”

“Talde bereziak ekarri ohi ditugu jaialdira”

Pello A. Zuazo

Oier Elorriaga Kostelo (1985, Ajangiz) rock zale amorratua da. Argi dauka zeri ez dion hutsik egingo Gernikako Lekuek festibalean: “Hamlet taldearen kontzertua egutegian apuntatuta daukat. 15 urterekin entzuten hasi nintzen lehenengo taldeetarikoa da”.

Iparragirre Rock Elkartearen hazia 2001. urtean erein zenuten. Zein zen orduko egoera?

Momentu hartan herriko musika taldeek entsegu lokalak behar zituzten, eta lokalak lortzeko asmoz sortu zen Iparragirre Rock Elkartea. Musika taldeak mugitzen hasi ziren, Gernikako eta inguruetako herrietako udalei entseatzeko leku bat eskatuz. Denborarekin, Gernikan txoko bat alokatzea lortu genuen. Txoko ziztrin bat zen: lau lokal eta eszenatoki txiki bat. Halere, 25 talde inguruk entseatzen zuten han.

Gerora, lekuz aldatu duzue zuen bilgune hori.

2011. urtean izan zen hori: pabiloi berri bat hartu genuen. Hutsik zegoen eta, lehenik eta behin, entsegu lokalak egin genituen. Lekua handia da, eta, lokalez gain, kontzertuak egiteko areto eder bat eraiki genuen. Lokalak urtebeteko epean jarri ziren martxan baina aretoa duela bi urte estreinatu genuen. Elkarteko kideen %95 musikariak dira eta argi genuen lokalak zirela funtsezkoena.

Zerk bultzatu zintuzteten aurrerapauso hori ematera?

Herrian gero eta musikari gehiago zeuden. Eta musikari horiek lokalak eskatzen zituzten. Momentu hartan pauso hori eman behar genuela erabaki genuen. Gastu handia izan da, eta gure baliabide propioekin egin diogu aurre gastu horri. Merezi izan duela uste dugu, noski.

Zein diru iturri ditu elkarteak?

Iparragirre Rock&Rally jaialdia antolatzen dugu urtean behin, eta, bestalde, Gernikako jaietan txosna jartzen dugu. Horiexek dira elkartearen diru iturri nagusiak. Aretoko tabernan ateratzen dugun dirua aretoaren mantentze lanak egiteko erabiltzen dugu batik bat.

Eta nola kudeatzen duzue?

Musikari bakoitza bazkidea da, eta guztien botoek berdin balio dute. Gaztetxe baten antzera funtzionatzen dugu, eta lantalde desberdinak daude. Lantalde bat kontzertuak antolatzeaz arduratzen da, beste bat aretoko mantentzeaz, diru kontuez… Noizean behin lantalde bakoitzeko arduradunak biltzen dira eta zuzendaritza antzeko batek kudeatzen du dena. Bazkide bakoitzak 20 euro jartzen ditu hilero, pabiloiaren alokairua ordaintzeko.

Gaurko egunez, zer eskaintzen du Iparragirrek?

Eskualdeko musikarientzat elkargune bat da. Ez gernikarrentzat bakarrik, Bermeo edota inguruetako beste herrietatik ere musikariak etortzen dira. Espazio mugatua daukagu, baina ahal den neurrian guztiei lekua egiten saiatzen gara. Zortzi entsegu lokal ditugu, eta 15-20 talde inguruk entseatzen dute. Horrez gain, kontzertuak antolatzen ditugu. Aretoak 275 pertsonarentzako edukiera dauka eta soinu ekipo ona daukagu. Horrela bada, gaurko egunez, talde entzutetsuak ekarri ditzakegu, nazio eta nazioarte mailako taldeak.

Gernika aldean, nondik dator horrenbesteko musika zaletasuna?

Ba ez dakit oso ondo. Gernika aldeko musika giroari buruzko libururen bat irakurri dut noizbait eta esango nuke musika zaletasun hori aspalditik datorkigula. Rockaren inguruko saltsa hori 70eko hamarkadan hasi zela esango nuke. Eta 80ko hamarkadatik aurrera indarra hartu zuen. Jendea sasoi horretan hasi zen taldeetan jotzen eta beraiek zabaldu zuten bidea. Mugarria horixe izan zen, eta ordutik talde asko pasatu dira Gernikatik, eta talde asko sortu dira Gernikan bertan.

Hamasei urte hauetan hamaika komeria bizi izango zenituzten. Kontatzeko moduko bizipenik?

2001. urtean, elkartea hasi berritan, Non dago Iparragirreren gitarra? ikur edo eslogana sortu genuen. Eta Iparragirreren gitarra lapurtu dutenaren zurrumurrua zabaldu genuen herri guztian zehar. Albiste faltsu bat ere idatzi genuen eta zenbait egunkaritan agertu zen. Zurrumurruak eskuetatik ihes egin zigun eta jendeak sinetsi egin zuen lapurretarena. Urrutiegi joan zen kontua. Gero, prentsaurreko bat egin genuen guztia azaltzen, gezurrezko gitarra batekin. Baita musika jaialdi bat ere. Egia esan, txantxa guzti hau ondo etorri zitzaigun gure burua ezagutzera emateko.

Gernikako Lekuek festibalean zein modutan parte hartzen du Iparragirrek?

Iparragirre, Astra eta Trinkete aretoen zeregina, urte guztian egin ohi ditugun kontzertuak aste baten pilatzea da. Gainera, talde bereziak ekarri ohi ditugu, normalean ekartzen ez ditugunak, bai jaialdiak eta baita aretoak ere oihartzun gehiago izan dezaten. Festibaletik kanpo zailagoa izango litzateke horrelako taldeak ekartzea. Hortaz, esan daiteke festibalak kontzertuak lortzeko erraztasuna ematen digula, eta guk, ordez, aurpegi makarra eta rockeroa jartzen diogula. Bai, bereziki guk!