“Emakumeen zirkuituak sor daitezke, adin eta maila guztietan”

P.A.Z.

Pala jokalaria da izatez Iratxe Ibarra (Markina-Xemein, 1974). Baina Emakume Cup txapelketan parte hartzeko deitu zioten, eta onartu egin zuen gonbita. Lutxi Fonseca bikotekide duela, Bigarren Mailako finala irabazi du.

Nondik datorkizu esku pilotarako zaletasuna?

Aita oso pilotazalea zen; herriko pilota elkarteko lehendakaria zen. Harengandik datorkit zaletasuna. Umetan nire kontura hasi nintzen, eta herriko taldean gero.

Zein da zure ibilbidea?

Adin batetik aurrera, mutilekin alde handiak daude. Hori dela eta, ni gazteagoekin entrenatzen nintzen, eta 16 urte nituen arte ibili nintzen. Gero Bilbora ikastera joan, eta pala probatu nuen. Harrezkero, herriko mutilekin jokatu izan dut palan, eta Abadiñoko trinketean sortu zen neska taldean ere ibili naiz.

Xistera jokalarien harrobi izandako herria da Markina. Aritu izan zara noizbait xisterarekin?

Sekula ere ez. Ez dakit pilota xisteran sartzen ere. Familian zesta-punta jokalariak izan ditugu, baina ni ez naiz inoiz ibili. Markinan, xistera eta esku pilota elkarren artean lehiatu izan dira beti. Lehen, esku pilotari onenak xisterara pasatzen ziren. Orain alderantzizkoa gertatzen da.

Nola entrenatzen zara?

Gaurko egunez ez dut eskuz jokatzen. Baina Bizkaiko Federazioak Emakume Cup txapelketarako harrapatu nau. Ezagutzen naute, eta badakite urte luzez aritutakoa naizela esku pilotan eta palan. Baina, egia esan, 17 urte nituenetik ez dut eskuz jokatu.

Eta konbentzitu zintuzteten.

Bai. Baldintza bakarra jarri nien: Bigarren Mailako Txapelketan jokatzea, maila baxuagoan. Eskuak bigunduta dauzkat, eta sufrituko ote nuen beldur nintzen.

Dena den, txapela irabazi duzu.

Nahiko erraz irabazi genuen finala, lehiakideak urduri zeuden, eta huts asko egin zituzten. Eskularruekin jokatu dut txapelketan. Eta, hala ere, pilota asko sentitzen nuen. Baina finalean gustura aritu naiz, ez dut inongo minik igarri. Uste dut eskuak ohitu egin zaizkidala. Esku pilota kirol gogorra da, eta nik adin bat daukat.

Jende andana bildu zen final egunean Larrabetzun.

Bertako jende asko zegoen. Propaganda handia egin dute. Meritua dauka frontoia horrela betetzeak, profesionalen partidekin ere ez dira betetzen askotan eta. Larrabetzun zaletasun eta mugimendu handia dago. Iaztik indarra hartu du txapelketak, eta gehiagora joango da. Gure eskualdean, ostera, ez dago pilota elkarterik.

Emakumeek zein bide egin dezakezue beti gizonezkoentzat jo izan den kirol honetan?

Emakumeen elkarteak egonik eta federazioen laguntza izanik, txapelketak antolatu eta gure artean lehiatu gaitezke. Zirkuituak sor daitezke, adin eta maila guztietan. Aukerak badaude.