Yolanda Gonzalez, azkenean gertu

Eneko Herran Lekunberri

36 urte luze pasatu dira Yolanda erail zutenetik, bere etxetik urrun, Madrilen, 19 urte betetzetik oso egun gutxira. Hemen, Deustuko Erriberan geratu ziren gurasoak, ahizpa eta neba… zain. Eta zain geratu ziren bere lagunak eta bere auzokideak ere. Dolua, mina, ezintasuna…

“Tra(nts)izio” garaian erail zuten Yolanda, eta guk, auzokideok, gure trantsizio propioa egin genuen jada duela urte batzuk. Orduan, Bekoerri elkartea hasi zen auzoan haren erailketaren urtemugan omenaldi xume bat prestatzen, eta gero Auzo Elkartea gehitu zen. Horrela, duela bi urte hasi ginen Yolanda Gonzalez plazatxoa ofizialki izendatzeko urratsak egiten. Hasteko, auzoan sinadura-bilketa bat egin genuen, Yolandaren senideekin batera, eta jasotako 333rekin, 2014ko urrian, eskaera egin genion alkateari. Asmoa zen haren hilketaren 35. urtemugarako lortzea (2015ean), baina ezinezkoa izan zen, tamalez.

Denbora pasatu ahala, erantzunik ezak kezka eta samina ekarri zigun… Madrilen posible izan zena, hemen, bere herrixkan ezinezkoa? Ezin genuen ulertu.

2015eko abenduan, berriro egin genuen eskaera, eta aurtengo urtarrilean, nolabaiteko erantzuna behartu nahian, udal batzarrera eramatea erabaki genuen. Orduan bai, dena azkartu egin zen azkenean.

Udalbatzar horretan —urtarrilaren 28an—, bai alderdi politiko guztiek, bai alkateak berak Yolandari hitz goxoak eta politak eskaini zizkioten, eta aho batez onartu zuten gure eskaera. Han egon ginen Asier, Yolandaren neba, eta biok, eta une hunkigarria bizi izan genuen.

Auzoko aurtengo ekitaldian, bi egun eskas geroago, harro eta ozen esan ahal izan genuen: Lortu dugu!!

Yolanda konprometitu egin zen gizartearekin eta guztiontzat bizi-baldintza duinak lortzeko borrokarekin, eta Bertolt Brecht-ek esan zuen bezala: “Horiek dira ezinbestekoak”. Oso goiz eraman zuten sasi-gizakiek, baina Libek —gure auzokide eta Yolandaren lagunak— esan zuen bezala, “Yolanda, betiko bizirik… bai gure bihotzetan, bai gure bizitzetan, bai geuregan ere”.

Yolanda, gure auzokidea ez ezik, gutakoa ere bazen —eta bada—, eta horregatik urte hauetan guztietan ez dugu ahaztu. Orain, era batean edo bestean, zirkulu baten itxiera izan dela sentitzen dugu, eta Yolanda bere auzora itzuli dela, betirako geratzeko, bere senideen eta auzokideon alboan, bere etxetik 50 metro eskasera: Yolanda Gonzalez plazatxoan.