Munduari itsasotik begiratzen diotenen bizipenez gainezka iritsi da Sail In

Munduari itsasotik begiratzen diotenen bizipenez gainezka iritsi da Sail In

N. S. O.

Zurarekiko eta itsasontziak bere eskuekin eraikitzearekiko pasioa du Ben Harrisek. Berak sortutako elementu batekin itsasora ateratzeak sortu zion zirrara ezagutu ostean, ezin izan dio utzi lan horri. From Timber to Ride filmean azalduko ditu bere hastapenak Harrisek. Berak eraikitako ontzietan nabigatzearen esperientzia ere kontatuko du gaur, Bilboko BBK aretoan. Belak transmititzen dituen balio sendoak ezagutzera emateko aukeretako bat izango da Sail In jaialdiak eskainiko duen hori.

Atzo eman zioten hasiera naturarekin bat egitea, abentura, askatasuna zein talde lana transmititzen dituen jaialdiari. Hirugarrenez iritsi da Bizkaiko hiriburura. Domekara bitartean izango da bertako hiru egoitzatan: BBK aretoan, Itsasadarra Itsas Museoan eta Bilboko metroko zenbait geltokitan.

Lau sailek osatzen dute jaialdia: filmen emanaldia jasotzen duen Sail in Films; mahai inguruak, filmen estreinaldiak zein nabigatzaile ospetsuek azaldutako proiekzioen emanaldiak eta estropaden aurkezpena hartuko dituen Sail in Talks; itsas argazkilari onenen erakusketak ikusgai jarriko dituen Sail in Expo; eta, aditu eskolak eskainiko dituen Sail in Class.

Biharko filmen artean, itsasontzi batean hazi izanaren esperientzia eramango du BBK aretora Aurora Ulani izeneko neskatxak. 10 urte ditu. Gurasoekin batera urteak eman ditu Dharma Bum III.a katamaranean nabigatzen. Taiwanen jaio zen, eta katamaranean hazi zen, munduan barrena.

Hainbat herrialdetako 20tik gora film, film labur eta dokumental proiektatuko dituzte. Denek ala denek bela izango dute protagonista. Nazioarteko hamabost gonbidaturen esperientziak zuzenean entzuteko aukera ere izango da.

Oraingo honetan, Sir Robin Knox-Johnston nabigatzaile ingelesa omenduko dute. Munduari bira itsasoz bakarrik eta geldialdirik egin gabe burutu zuen lehenengo pertsona izan zen. Bizitakoa protagonistaren beraren ahotik entzungo dute belazaleek, bihar.

Naturak eskaintzen dituen baliabide eta oztopoen argazki errealista eskainiko du jaialdiak, betiere itsasoa protagonista hartuta.