“Erakundeen kanpainek azaleko interpretazioa egiten dute”

Pello A. Zuazo

Gaitasun politikoa eta eraginkortasuna lortzea da boterea hartzea, Hegoa Ugalderen ustetan (Bilbo, 1983). “Botere hori beharrezkoa da mapa politikoa baldintzatu ahal izateko”. Horrela bada, mugimendu feministak aitortza politikoa lortu behar duela uste du, botere guneak irabazteko.

Berdintasun legeek urteak daramatzate indarrean, eta berdintasun teknikariek aspalditik dihardute lanean instituzioetan. Zer deritzezu politika horiei?

Erakunde mailako politikan, gai bat legeetan sartzea eta erakunde mailako planak garatzea seinale izaten da estatus bat eman zaiola. Beraz, alde horretatik, positiboa da gaiari heldu izana. Halere, nire ustez, gaia ez da behar bezala landu. Gure jendartea patriarkala da, eta sistema osoa mantentzen duten erakundeak oraindik ere patriarkalak dira; sistema bere horretan mantentzea dute helburu. Azaleko interpretazio bat egiten da, eta ez da saiatzen benetako aldaketa lortzen. Bestalde, horrelako legeak eta berdintasun planak garatzeko orduan, ez da kontuan hartzen mugimendu feminista. Horrek asko esaten du erakundeen benetako intentzioei buruz. Teknikariei dagokienez, askotariko profilak daude: benetan feministak direnak eta lan sakonagoa egin dezaketenak, baina baita sistemari guztiz moldatuak daudenak ere. Lehenengoen kasuan, ikusi beharko litzateke zer-nolako baliabideak eta erabaki ahalmena ematen zaizkien lan egiten duten erakundeetan, gehienetan mugak aurkitzen baitituzte.

Egiten diren kanpainak eraginkorrak dira?

Esan bezala, erakundeek egiten dituzten kanpainak oso azaleko interpretazioa daukate gaiaren inguruan; itxurakeria. Ez daukate egoera eraldatzeko helburua duen benetako ikuspegi feministarik. Gainera, askotan bikoteen arteko tratu txarretara mugatzen dira, edo soldatapeko lanaren esparrura… Oso ikuspegi mugatua da. Ez dute kontuan hartzen emakume guztiok gure jendarteko eremu guztietan pairatzen dugula zapalkuntza, eta, askotan, hain agerikoa ez den oso modu sotilean. Esango nuke kanpaina horiek oro har ez direla eraginkorrak.

Emakumeen lorpen guztiak antolakuntza eta borroka feministaren emaitza dira?

Mugimendu feministaren lanari esker, hainbat eremutan eskubideak lortzen ari gara. Dena den, oraindik asko daukagu egiteko. Kasu gehienetan, eskuratutako lorpenak ez dira inolaz ere nahikoa —adibidez, abortua soilik kasu batzuetara mugatuta dago—. Eta, horrez gain, eskuratutako eskubide asko murriztu egin dira gaur egun, edo atzera egin dute. Beraz, feminismoak egiten duen presioari eta borrokari esker gauzak aldatzeko gai garela uste dut, baina adi egon behar dugu, eta nahi dugun eraldaketarantz pausoak ematen jarraitu.

Zer esango zenieke genero berdintasunaren bidean asko irabazi den sentipena dutenei?

Diskurtso hori defendatzea oso arriskutsua da. Egia da gauza asko lortu ditugula, baina ezin dugu pentsatu berdintasunean bizi garela. Askotan esaten da gazteak berdintasunaren jendartean hezi direla, eta ez da horrela: euren bikotekidea erail duten gizon gazteak gehiago dira gizon helduak baino. Hori muturreko kasua da, baina icebergaren punta mantentzen duten milaka egoera daude oraindik ere, jendarte matxista batean bizi garela erakusten dutenak. Diskurtso horrek hainbat egoera detektatzea zailtzen du, eta kolektiboen desaktibazioa du helburu, dena eginda daukagulako ideia zabaltzen baitu. Hortaz, dena lortu badugu, zertarako borrokatu?

Gazteengan eta gazteen kontzientziazioan jartzen da gero eta arreta handiagoa. Hor dago berdintasuna lortzeko gakoa?

Gazteek egoeraren kontzientzia izatea gako bat da, baina ez bakarra. Ezinbestekoa da belaunaldi berriak feminismoan heztea, jendartearen parte diren heinean gauzak aldatzeko. Baina, horiekin batera, pertsona guztiok egin behar dugu zerbait; gazteek eredurik ez badute, zailagoa izango zaie bestelako jendarte bat eraikitzea. Gainera, askotan etorkizuna haiena dela aldarrikatzen da, baina ez zaie benetako aitortza egiten. Elkarlana beharrezkoa da, eta baita gazteei indarra aitortzea eta benetako erabaki ahalmenerako espazioa ematea ere. Esaterako, hezkuntza sistemak patriarkatua erreproduzitzen du, eta, beraz, haurrak txikitatik ideia horretan hezten dira. Hezkuntzan ere, sakoneko aldaketa bat planteatu behar da.

Bortizkeria mota asko oharkabean pasatzen dira eta normaltzat jotzen dira.

Gauza asko ditugu naturalizatuta, eta, hori dela eta, oso zaila da arazoa bere osotasunean kokatzea, alderdi guztiak kontuan hartzea eta askotariko indarkeria egoerak identifikatzea. Urte askoan finkatuta egon diren gauzak identifikatzea eta aldatzea zaila da. Horrez gain, argi dago zenbait pertsonak ez dituztela boterea eta pribilegioak galdu nahi. Ez dute benetako interesik gauzak aldatzeko, eta ez dute nahi benetako kontzientziazio eta eraldaketa bat. Mendebaldeko gizon zuri heteronormatiboek, euren botere egoerari eusteko, beharrezkoa dute indarkeria sexista erabiltzea, sistema mantentzeko duten tresna nagusia baita.

Aurtengo martxoaren 8an zein izango da aldarri nagusia?

Euskal Herriko Bilgune Feministaren leloa honako hau da: Hau ez da gure bakea! Feminismoak egingo gaitu herri. Diskurtso politiko hegemonikoetan bake prozesuaz hitz egiten ari diren garaiotan, bakea aldarrikatzen dugu guretzat. Bake hori giza eskubideekin, garapen sozialekin eta naturaren errespetuarekin lotzen dugu; epe ertain eta luzera begirako prozesu konplexu gisa ulertzen dugu.

Guretzat, normalizazioa ez da patriarkatuaren funtzionamendu baketsua. Guk burujabetza feministaren bidea hautatu dugu, eta, bide horretan, feminismoak herritarron ahalduntze kolektiboaz egingo gaitu herri. Demokrazia erradikalaren bidez, parte hartuz, gatazken kudeaketa negoziatuz, justizia sozialaren alde aliantza askotarikoak eginez, alternatibak eraikiz eta saretuz, eta aniztasunean oinarritutako Euskal Herria sortuz.

Eta zein da erronka nagusia?

Erronka asko ditugu aurrera begira. Gaur egun, Euskal Herrian burujabetza feminista eraikitzeko helburuz, feministok kalean kontra-boterea artikulatu eta boterearen jabe izan behar dugula uste dugu. Boterea hartzea gaitasun politikoa eta eraginkortasuna lortzea dela ulertzen dugu, mapa politikoa baldintzatu ahal izateko, hartzen ari diren erabaki eta neurrietan eragiteko eta aldaketa sozialaren oinarriak markatu ahal izateko. Ez hori bakarrik; boterea hartzea ahalduntze pertsonal eta kolektiboarekin lotzen dugu. Horretarako, mugimendu feministaren aitortza politikoa lortu behar dugu, lidergo feminista bat osatuz eta botere guneak irabaziz. Hori epe motzean lor dezakegu aliantza eta estrategia komunak ezarriz gero, eta Euskal Herrian feminismotik eragingo duen gune feminista iraunkor bat osatuz.