“Egoera kezkagarria dugu ezkerraldean industriaren alorrean”

“Egoera kezkagarria dugu ezkerraldean industriaren alorrean”

A.L.A.

Lan gatazkak pilatu zaizkio Trapagarani. Azken asteetan, hedabideen arreta gune izan dira Tubos Reunidosek Galindon duen plantan aurkeztutako erregulazio txostenaren auzia eta herriko eguneko zentroko langileen protestak. Kate luze baten azken katebegiak dira horiek. Izan ere, meatzaldeko industriaren egoerak okerrera egin du azken urteetan, Xabier Cuellar alkatearen arabera (Trapagaran, 1956). Langabezia tasa handia dute eskualdean, eta kopurua ahalik eta gehien jaisteko neurriak hartzea beharrezkotzat jo du.

Tubos Reunidoseko erregulazio txostena batetik, eta eguneko zentroko langileen protestak bestetik. Lan gatazkak dira Trapagaranen berri nagusiak. Nola kokatzen da udala horietan?

Jakinekoa zen enpresak arazoak zituela, eta udalean bagenekien petrolioaren salneurriek eraginda gorabeherak zituztela. Erregulazio txostena aurkeztu aurretik enpresako zuzendaritzarekin bildu ginen egoerari buruz aritzeko. Guretzat oso garrantzitsua da Galindoko enpresa; ia 500 langile ditu, eta eskualdeko herritar askok egiten dute bertan lan. Ezkerraldean egoera kezkagarria dugu industriaren alorrean. Azken urteetan desindustrializazio prozesua nabari dugu, eta horrekiko neurriak hartzea beharrezkoa da. Edonola ere, merkatuaz ari garenean, zaila da ezer aurreikustea. Hamasei industrialde ditugu guk herrian, eta, oso handiak ez badira ere, etekinak ematen dituzte. Horiek denak babestu egin behar dira.

Desindustrializazioa aipatu duzu. Udalak neurriak hartu al ditu?

Neurri ugari lantzen ari gara. Enpresen mintegi bat abiatu genuen joan den astean. Aspaldi azoka kokatzen zen eraikina egokitu dugu. Bekak ere ematen ditugu. Langileen eta Somorrostroko enpresen arteko zubi lana egiten dugu. Orain arte emaitza onak izan ditu. Uste dugu bide horretatik urratsak egin behar ditugula. Baina jakitun gara ez dela nahikoa. Eusko Jaurlaritzarekin ere harremanetan gaude. Legebiltzarrean meatzaldeko eta ezkerraldeko industriaren egoera zein den aztertzeko batzorde bat eratu da, eta herrietako alkateak gaude han. Inguruko herriekin alderatuta, langabezia tasa gutxiago dugu guk. Baina neurriak hartu behar dira, hala ere. Eskualdea berpizteko egitasmoak bultzatzen ari gara orain, eta kanpoko enpresak erakarri nahi ditugu horretarako. Trapagaranen teknologia parkea eraikitzeko proposamena egin genuen legebiltzarrean, baina hartzekodunen lehiaketan dago oraindik.

Zenbat langabe dago orain herrian?

Trapagaranen, herritarren %16,5 daude langabezian. Eskualdean, Sestao da kopuru handiena duena: %24 daude lanik gabe. Edonola ere, askoren mina txoroen atsegina. Nork bere herrian lan egin behar dugu kopuru hori ahal denik eta gehien jaisteko.

Ba al duzue erantzunik udaletxera lan bila doazen herritarrentzat?

Elkarte bat dugu udaletxean, eta herritar asko etortzen da lanik ote dagoen galdezka. Zoritxarrez, ezin dugu gauza askorik egin. Lan poltsa bat dugu, eta behin-behineko lanak egiteko edo udalak dituen momentuko beharrei erantzuteko lan poltsa hori erabiltzen dugu. Herriko enpresek oporrak edo aldi baterako bajak bete behar dituztenean, lan poltsa hori erabiltzen dute. Baina badakigu gutxi dela hori, aldi baterako konponbideak besterik ez direlako.

Eguneko zentroaren gatazkari dagokionez, udalaren arazoa ere badela dio ELA sindikatuak, udalak kontratatzen baitu zerbitzua.

Langileak urtarrileko eta otsaileko soldata kobratu gabe daude, eta hori gertatzen den heinean, udalaren arazotzat hartzen dugu. Udalak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak bezala, lehiaketa publiko bidez aukeratu zen eguneko zentroa kudeatzeko enpresa: Clece-Selectia. Soldata igoera eskaeran dago gatazkaren iturburua. Iaz eskatu zuten langileek. Gu orduan ez ginen auzian sartu, enpresaren eta beharginen artean konpondu beharreko arazoa zela uste genuelako. Berez, %11ko soldata igoera adostu zuten. Baina badirudi langileek ez dituztela azken hilabeteetako nominak jaso.

Dirua eskatu dio Clecek udalari.

Soldata igoeraren ondorioz zerbitzua defizitarioa dela dio enpresak, eta, horregatik, diru gehiago eskatzen digu guri; 14.000 euro, alegia. Baina udalak aurrez onartua zuen zerbitzuak kudeatzeko baldintzen txostena. Lehiaketa publikoa egin ondoren eta zerbitzua Cleceren esku utzi ondoren, ezin diegu diru gehiago eman. Hori legez kanpokoa litzateke. Guk, gure aldetik, enpresa salatu dugu. Langileen nominak ordaintzen ez badituzte, udalak emandako fakturak enbargatzeko eskatu dugu, zehazki. Oraingoz ez dakigu auziarekin zer gertatuko den, baina ziur gaude langileek kobratu ez dituzten nominak jasoko dituztela.

Otsailaren 29an bukatu zen Clecek eguneko zentroa kudeatzeko zuen kontratua. Orain, zer?

Martxoaren 1ean bukatu zen eguneko zentroa kudeatzeko lehiaketa publikora aurkezteko epea. Baina oraindik ez da erabaki noren esku utziko den. Hiru enpresa aurkeztu dira, eta horietako bi kanpoan geratu dira, eskaera ez dutelako ondo bete. Helegitea aurkeztu dute, eta atzeratu egin da prozesua horregatik. Bien bitartean, Clece enpresa derrigortuta dago zerbitzuarekin jarraitzera, legez.

Langileekin elkartu zarete?

Bai. ELA sindikatuarekin hitz egin du udalak. Baina orain arteko hartu-emanak ez dira onegiak izan. Edonola ere, ulertu egiten dut beraiek haserre egotea. Ez dute egindako lanagatik kobratu, eta hori oso larria da. Guk argi dugu langileak kobratu gabe egotearen erantzulea enpresa dela. Ea auzia berehala konpondu eta eguneko zentroaren zerbitzua iskanbilarik gabe ematea lortzen dugun.