“Kaleratzeak saihesten saiatzen ari gara”

A. L. L.

Amaia del Campo alkate jeltzaleak (Barakaldo, 1966) badaki gidatzen duen hiriko herritar askoren premiak larriak direna. Horiek asetzeko lanean ari dela azaldu du, baina nabarmendu du laguntza behar dutenek udalera jo behar dutela horretarako.

Zortzi etxe kaleratze daude iragarrita otsailean Barakaldon, etxe kaleratzerik gabeko herri izendatuta dagoen lekuan…

Datu hori ez da erabat zuzena. Guk ez genuen etxe kaleratzeen berririk. Ni neu eta Gizarte Ekintzarako zinegotzia Barakaldoko epaile dekanoarekin bildu ginen informazioa jasotzeko, eta hor jakin genuen etxe kaleratze batzuk zehaztuta zeudela. Baina berriro diot: kasu bakar batean ere gure langile sozialek ez zuten egoeraren berri. Zerrenda jaso genuenean, gizarte langileen esku jarri genuen, haiek baitira eman daitezkeen laguntzak ondoen ezagutzen dituztenak.

Ez daude zortzi kaleratze agindu?

Ez da erabat zuzena. Astelehenean kaleratze bat geldiarazi zen, zorionez. Baina berriro diot: familia horrek ez zion udalari jakinarazi zailtasunak zituela. Beste batzuek etxebizitza utzi dute dagoeneko; familia batek esan du ez duela gizarte zerbitzuekin loturarik izan nahi, eta gainontzekoekin kaleratzeak saihesteko lanean ari gara; saiatzen.

Astelehenean kaleratu behar zuten familiak azaldu du ez dela egia zuk esandakoa; haiek udalera jo zutela eta bizkarra eman zitzaiela.

Nik eman ditudan datuak gizarte langilearen espedientean daudenak dira, eta ezin dut zalantzan jarri langile horren profesionaltasuna. Espedientean dauden datuak dira egia. Gizarte langilea jarri zen familiarekin harremanetan; hark ez zion udalari jakinarazi etxe kaleratzerako data jarria zuela. Horregatik esan nuen lehengo egunean ezin dela lagundu laguntzen uzten ez dena. Kaleratzeko arriskuan daudenak hasieratik gizarte langileekin harremanetan jartzeak duen garrantzia nabarmendu nahi dut. Zenbat eta arinago izan arriskuaren berri, orduan eta errazagoa izango da familiarentzat emaitza onuragarria lortzea.

Edozein kasutan, Eusko Jaurlaritzak emandako datuak ikusita, egia da arazo larria dela etxe kaleratzeena eta Ezkerraldea bereziki jotzen duela. Zer egiteko prest dago Barakaldoko Udala?

Hainbat bidetan ari da lanean. Lehenik, kaleratzeen kontrako zerbitzua indartzen ari gara. Hipotekekin lotutako kaleratzeetan, bankuekin ari gara, eta oso emaitza onak lortu ditugu; batzuetan errazagoa da banku batekin negoziatzea. Bestetik, abokatuen elkargoarekin egindako hitzarmenari esker, aitzindari gara partikularren arteko alokairuetan abokatuak bitartekari jartzen. Gizarte langileen bidez itxaron zerrenda arintzen eta premia handiena dutenei lehentasuna ematen ere ari gara. Zoritxarrez, udalak ez du eskaera guztiak betetzeko adina etxebizitza, baina hutsik genituenak behar dituzten herritarren eskuetan jartzen ari gara.

Bada udal etxebizitza batetik kaleratzeko agindua duen familia bat: lau seme-alabako familia eta beste bi pertsona kaleratzeko erabaki hori udalarena da.

Tira, nik hasieratik esan nuen atea ostikoz botatzea ezin dela izan baliabide publiko bat eskuratzeko bidea. Etxebizitza sozialak eskuratzeko, gizarte zerbitzuetara jo behar da. Gizarte langileak dira lehentasunak ezarri eta udalera laguntza eske doazenei erantzuna eman behar dietenak. Kasu honetan ere, familia honek arazoa zuela jakin genuen barakaldoar guztien baliabide batera legez kanpoko modu batean sartu zirela esatera etorri zirenean. Egoeraren berri izan genuenean, laguntza eskaintzeko lanean jarri ginen. Baina ordezkari publiko garen aldetik, espazio publikoen erabilera egokia ziurtatu behar dugu.

Nolanahi, familia horrek kalean geratzeko arriskua du?

Hori gertatzea saihesteko lanean ari gara lehen momentutik.

Larrialdi egoeretarako bideratzen den diru saila ere kritikatu dute eragileek. Gero eta eskaera gehiago dauden arren diru saila ez dela handitu salatu dute eta familia bakoitzari ematen zaion laguntza txikitu dela. Hala da?

Beti kezkatu gaituen gaia da hori. Gogoratu nahi dut udal honetan onartu diren azken aurrekontuetan PSEk egin nahi zuen 200.000 euroko murrizketa EAJren zuzenketa bati esker saihestu zela. PSEk gobernatzen zuen orduan udala. Barakaldoko Udalak ez du murrizketarik egin gizarte laguntzarako laguntzan; hala egitea pentsaezina litzateke, gainera.

Gustura zaude udala gai horretan egiten ari den lanarekin eta lortzen ari denarekin?

Ez, noski. Sekula ez da nahikoa, eta nire herriko familia guztiek dituzten beharrei berehalako erantzuna ematea nahiko nuke. Ez da konformista izan behar; autokonplazentziak ez du lekurik. Laguntza behar duen familia bat dagoen bitartean eta behar duten guztientzako etxeak ez ditugun bitartean, ez da nahikoa. Helburua lortzeko urruti gaude oraindik, eta, beraz, lan handia dugu egiteko.