Basurtuko bizilagunek auzoarentzako kiroldegia nahi dute

N. S. O.

San Mamesek erabilera publikoa eta pribatua izango ditu. Erabilera publikoa oraingoz ez da gauzatu, baina estadioak badu horretara bideratuko duten 5.000 metro koadroko eremu bat. Udalari dagokio zati bat, eta Eusko Jaurlaritzari bestea. Udalarena den eremuan kiroldegia egingo dute.

Azpiegitura hori eurek erabiltzeko modukoa izan dadin gura dute Basurtuko bizilagunek. Hala jakinarazi diete Udalberri taldeko kideei. “Basurtun zerbitzuak egon badaude, baina orokorrak dira, ez soilik bertako bizilagunentzat: ospitaleak eta unibertsitateak, esaterako, Bilbo zein Bizkai osoari ematen diete zerbitzua”. Horixe nabarmendu du Carmen Muñoz taldeko bozeramaileak. Beraz, kiroldegia auzoarentzako izatea nahi dute.

Dena den, bereziki gura dutena da kiroldegia lehenbailehen egitea, orain ez dutelako horrelakorik. “Bi urte pasatu dira, eta ez da ezer egin. Aurten, proiektua baino ez dute egingo. Gero, gerta liteke proiektu hori beste bi urtez tiraderan gordeta uztea”. Kiroldegia egiten hasteko diru saila eskatu zuen Udalberrik iaz.

Proiektua eratzeko, 75.000 euro aurreikusi ditu udalak. Hala azaldu du Ricardo Barkala obra eta zerbitzuetako zinegotziak. Kiroldegia eraikitzeko proiektua modu parte-hartzailean osatuko dute, aurten. “Inguruan dagoen eskaintza kontuan hartuta definituko dugu azpiegitura berriaren kirol eskaintza”. Lanak 2018rako bukatzeko asmoa du Bilboko Udalak.

EH Bildu koalizioak bi eskaera egin dizkio udal gobernuari: kudeaketa zuzena egitea udalak berak, eta auzoko elkarteen beharrizanak kontuan hartzea. Bruno Zubizarreta zinegotziak azaldu ditu biak: “Kudeaketa udalak berak egitea nahi dugu. Tentazio asko egon daiteke; kiroldegia San Mamesen egonik, oso erakargarria izan daitekeelako”. Basurtuko kirol elkarteek bilerak egiteko zein entrenamenduetarako lokalak eskatu dituztela ere nabarmendu du Zubizarretak. “Eta hori, printzipioz, udalak ez dauka aurreikusita”.

Auzoarentzako kiroldegia izan behar dela uste du koalizioak ere: “Baliteke kiroldegi elitista bat egiteko tentaldia sortzea, dirua ateratzeko”.

San Mames Barria

San Mames berria eraikitzeko osatu zen elkartearen barruan Eusko Jaurlaritzak, aldundiak eta Bilboko Udalak parte hartzearen arrazoietako bat da kiroldegia. Horrek bermatzen du estadioak erabilera publikoa ere izatea, eta erakunde publikoek egindako inbertsioak justifikatzen ditu.