“Prozesu demokratiko eta zabala izan zen”

Natalia Salazar Orbe

Ados plataformak antolatuta gauzatu zuten Arrankudiaga-Zollon independentziari buruzko galdeketa, 2014ko azaroaren 2an. Euskal estatu subirano bateko kide izan nahi duela ebatzi zuen herriak: 815 herritarrek zuten botoa emateko aukera, eta 502 boto-emaileetatik 450ek baiezkoa eman zuten; 33 boto zuri izan ziren, hamahiru ezezko, eta baliorik gabeko sei. Joseba Martin (Santurtzi, 1961) plataformako kidea da.

Estatu subirano baten herritar izan nahi ote zuten galdetu zenieten herritarrei. Ondo hausnartutako galdera izango zen.

Oso prozesu demokratiko eta zabala izan zen. Kontsulta asko egin genituen, bai egin beharreko galderari buruz, eta baita prozesua bultzatzeko moduari buruz ere. Batzar asko egin genituen herritarrekin. Hainbat aukera eskaini ziren, eta horien artean erabaki genuen denok.

Sentsibilitate guztietako jendea erakartzea zenuten helburu. Lortu zenuten?

Bai, zalantzarik gabe. Lortu genuen ez bakarrik sentsibilitate politiko guztietakoak erakartzea, baita erlijio zein kultur alorrekoak ere. Adibidez, mojak joan ziren botoa ematera. Erlijio zehatz batekin oso lotutako jendea etorri zen. Beste batzuk ez ziren horren erlijiosoak, eta sinesgabeak ere bazeuden. Lortu genuen denetariko herritarrak erakartzea. Egun horretan batzuen eta besteen arteko desberdintasunak alde batera utzi genituen, eta egunaz gozatu genuen denon artean. Oso egun alaia izan zen, eta denok geunden pozik. Elkarrekin partekatu genuen poztasun hori.

Zaila izan zen galdeketa antolatzea: finantzaketarik ez zenuten, ezin zenuten erakundeen laguntzarik eskatu… Zelan aurre egin zenioten egoera hari, eta zein gomendio emango zenieke orain galdeketak prestatzen ari diren herriei?

Garai hartan presente geneukan Katalunian gertatu zena [2009an herri galdeketa egin zuten Arenys de Munten]. Bagenuen Etxarri Aranatzen kasuaren berri ere: Espainiako Gobernuaren ordezkaria atzetik izan zuten han ere. Bagenekien Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria ere gainean egongo zela. Hala, ezin genuen harremanik izan erakundeekin, eta ezin genion laguntzarik eskatu inori. Euskal Herrian herri mugimenduek beti egin dutena egin genuen: bazkariak eta jaialdiak antolatu, txapak, eranskailuak eta bonuak saldu… denetarik egin genuen. Diman egon gara eurekin esperientziak partekatzen. Imajinazioa astindu behar dutela azaldu diegu. Eta herriko jendearekin egon behar dutela.

Zelakoa izan zen ideologia ezberdineko jendea elkarlanean aritzea proiektu horren alde?

Ideia bultzatzen hasi nintzen hemen hiru agintalditan EAJko alkate izandakoarekin batera. Ni ezker abertzalekoa naiz. Gu bion artean ez geneukan harreman onik, egoera politikoaren ondorioz. Elkartu ginen, eta baloratu genuen zein zen une politikoa. Nazioarteari erreparatu genion, eta hor zeuden Eskozia, Katalunia… eta etxean, Etxarri Aranazko galdeketa. Arrankudiaga-Zollon ere era horretako zerbait egin genezakeela pentsatu genuen. Oztopoak gainditu behar genituen: gure arteko aurreiritzi eta mugak. Apurka lortu genuen denetariko jendeak bat egitea. Argi geneukan Euskal Herrian alderdiekiko mendekotasun handia dagoela, eta, beraz, horietatik kanpo jardun behar genuela. Alderdiek euren interesak tartean sartuz gero, ekimen hauek porrot egingo dute.

Elkarlan horrek izan du jarraipenik?

Ez, oraingoz ez. Agian beste kontsulta bat planteatuko dugu herri mailan, beste dimentsio batekin. Hala ere, herrian harremanak aldatu dira, nahiz eta hauteskunde aurreko garaiak berriz ere zapuztu dituen apur bat. Harreman pertsonaletan nabari da zerbait aldatu dela.

Zer erein du galdeketak etorkizunera begira?

Agerian geratu da posible dela herriari kontsulta egitea eta herritarrek modu naturalean parte hartzea. Frogatu dugu posible dela demokrazia zuzena gauzatzea, normaltasun osoz eta beldurrik gabe. Askotan pentsatu dugu era horretako galdeketak egin beharko liratekeela ez bakarrik subiranotasunari buruz, arlo guztiei buruz baizik.

Zein ondorio atera zenituzten parte hartzeari zein emaitzei dagokienez?

Ados plataforma gisa, gure helburua ez zen baiezko edo ezezko emaitzak nagusitzea. Parte hartzea eta prozesua bera bultzatzea zen egin gura genuena. Bozka zezaketen herritarren %62k parte hartu zuten. Lorpen garrantzitsua izan zen. Horregatik, jendeari zalantza guztiak argitu behar zaizkio, eta konfiantza eman. Galdeketa egunean jende nagusia negarrez ikusi genuen, hunkituta, ez zutelako pentsatzen hil aurretik horrelakorik egingo zutenik. Gauza handia izan zen guretzat.

Eta, orain, zer?

Urteurren egunean zerbait egitekoak ginen. Azkenean, aurten egingo dugu. Herri mailan jarraipena eman gura diogu. Gero eta herri gehiago anima daitezen nahiko genuke. Oso prozesu polit eta interesgarriak dira hauek.