Lehiakortasunaren bila

Ander Gartzia

Gorpuztuz doa 2016. urteko Bizkaia-Durango txirrindulari taldea. Bizkaitarrek ilusioz ekin nahi diote denboraldi berriari, eta dagoeneko hamasei txirrindulariko taldea osatu dute. UCI mailako taldea da Bizkaia-Durango, eta, denboraldi gogorrari aurre egiteko, Agurtzane Elorriaga zuzendariak txirrindulari berriekin indartu du taldea. Asko atzerritik iritsi dira, eta gehienak oso gazteak dira. Esaterako, Marga Lopez esprinter balearra gazte mailako txirrindulari onenetarikoa izan zen iazko denboraldian, eta bere aurreneko denboraldia egingo du Bizkaia-Durangon, 23 urtez azpiko mailan.

Bestalde, pelotoian izen handia lortu duten nazioarteko txirrindulariak iritsi dira: Heidi Dalton eta Lise Olivier hegoafrikarrak, Roos Hoogeboom herbeheretarra, Kim Le Court mauriziarra, Andreina Rivera kolonbiarra eta Olga Shekel ukrainarra. Olivier igotzaile petoa da, 32 urte ditu eta iazko denboraldian UCI mailako lasterketetan hainbat aldiz sartu zen helmugan aurreneko bost postuetan. Hoogeboom (33 urte) igotzailea da, eta UCI lasterketetan hainbat postu esanguratsu erdietsi ditu. Tartean, garaipena Ronde van Heemskerk lasterketa garrantzitsuan.

Bi euskaldun

Fitxatuen artean bi txirrindulari euskaldun daude. Alde batetik, Irati Idirin zeberioztarra. 21 urteko txirrindulari bizkaitar hori Espainiako Txapelketako protagonista izan zen iazko denboraldian, hainbat lasterketatan buruan ibiltzea lortu baitzuen. Bestetik, Naia Leonet errenteriarra. Leonetek 18 urte ditu, eta 2015ean gazte mailako euskal txirrindulari onena izan zen. Iazko apirilean Euskadiko Txapelketa irabazteaz gain, beste hainbat probatan jaso zituen besoak; Euskal Torneoko eta Bergarako lasterketako etapa bana, besteak beste. Iazko denboraldian egondako sei txirrindularik osatuko dute taldea: Coral Casadok, Elisabet Escursellek, Mavi Garciak, Paula Lanzek, Lierni Lekuonak eta Lourdes Oiarbidek.