“Aldundiaren jokaerak Euskal Herriko otso denak desagerrarazi ditu”

Instituzioak egin ditu Illanak otsoa Euskal Herrian desagertzearen erantzule. Otsoa Arriskuan dauden Espezieen Katalogoan sartu beharra plazaratu du, eta elkarbizitzarako neurriak eskatu ditu.

Aitziber Laskibar Lizarribar

Karrantzako azken otso taldea hil izanak haserrea eragin du otsoen babeserako taldekoen artean. Jarrera aldatzeko eskatu dio Jaurlaritzari Andres Illanak (Gasteiz, 1965). Bestela, Europan salaketa aurkeztuko dutela ohartarazi du.

Badirudi hiruzpalau otso hil dituztela joan den asteburuan Karrantzan. Zehazki zenbat diren badakizue?

Lau, ofizialki. Eta iturri ez ofizialek diote zazpi ere hil dituztela.

Euskadiko Otso Taldeak salatu du Bizkaian zeuden otso guztiak desagerrarazi dituztela. Azken uxaldien ondorioz, ez dago otsorik Bizkaian?

Ez soilik Bizkaian; Euskal Herri osoan ere ez. Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko eta Arabako aldundiekin iaz egin zuen txostenaren arabera, Euskal Herrian geratzen zen talde erreproduzitzaile bakarra zen Karrantzakoa. Bizkaiko Foru Aldundiaren jokaerak Bizkaiko eta Euskal Herri osoko otso guztiak desagerrarazi ditu.

Nafarroan eta Iparraldean ere ez dago otsorik, beraz?

Ez. Mendebaldetik etortzen dira otsoak, Burgos aldetik. Karrantzatik edo Araba mendebaldetik sartzen saiatzen dira.

Legearen barruan jokatu da otso guztiak hiltzean?

Bai. Ezin da esan legez kanpo aritu direnik. Arazoa da otsoa ez dagoela sartuta Arriskuan dauden Espezieen Katalogoan eta ez dela ehiza espeziea. Bizkaiko Aldundiak ez du harrapatze kuporik jarri, eta, beraz, ezin da esan legez kanpo aritu denik; ez behintzat Bizkaiko Aldundiak egun indarrean duen araudiaren arabera. Baina hipokrita da aldundiak esatea abeltzaintza babesten eta otsoarekiko oreka bilatzen saiatu dela. Uxatze kuporik jartzen ez denean, ikusten diren otso guztiak hiltzea baimentzen ari da.

Zenbatuta zeuden otsoak?

Ez. Guk ez dugu nahi izaten kopuruaz hitz egin, oso moldagarria baita. Talde erreproduktiboei buruz aritzen gara gu. Talde erreproduktiboa bost, sei, zortzi otsok osa dezakete, baina bik soilik ugaltzen dute: ar eta eme alfek. Talde handia izan arren, otso eme bakarrak ekarriko ditu kumeak. Horregatik hitz egiten dugu eremu batean egonkortuta dauden talde erreproduktiboei buruz. Halako talde bat genuen Euskal Herrian: Karrantzakoa. Eta hori desegin da. Ostiralean hiru otso hil zituzten Karrantzan. Larunbatean beste uxatze bat egon zen han, eta igandean beste otso bat hil zuten ArmaƱonen. Badirudi erabateko jazarpena izan dela, denak suntsitzera joan direla.

Badago konponbiderik?

Denbora asko daramagu egoera berean, eta ezin da horrela jarraitu. Diputazioak ez die kasurik egiten otsoei; kalteren bat dagoenean, kalte-ordainak ordaintzen ditu, eta egoera lasaitu egiten da. Baina kalteak jarraituak direnean, abeltzainak haserretu egiten dira, aldundiari presioa egiten diote, aldundiak uxatzeak baimentzen ditu, eta, otsoak hiltzen dituztenean, gu haserretzen gara. Ez du zentzurik. Otso talde hau desagerrarazi da, eta abeltzainak denbora batez lasai egongo dira. Baina itzuliko dira otsoak Karrantzara, eta egoera berean egongo gara. Bestelako neurriak behar dira. Legea eskuetan, otsoa Arriskuan dauden Espezien Katalogoan sartu behar du Jaurlaritzak. Euskal Herriko faunaren zati da otsoa, eta, legearen arabera, ezin da desagerrarazi.

Zer ekarriko luke izendapenak?

Ezingo litzateke halako uxatzerik egin, eta lehen aldiz onartuko genuke ona dela otsoak egotea Euskal Herrian. Atentzioa ematen du instituzioetako ordezkariak eta politikariak biodibertsitatea defendatzen entzuteak. Izan ere, ezin da biodibertsitaterik edo ekosistema osorik egon, traba egiten diguten animaliak ezabatzen baditugu.

Zer-nolako kudeaketa proposatzen duzue?

Guk prebentzioan oinarritzea proposatzen dugu: dirua ez bideratzea eragindako kalteak ordaintzera, prebentziora baizik. Behin kalteak egin direnean, zaila da hori konpontzea, eta, beraz, otsoek abereei eraso egitea da saihestu behar dena. Alor horretan, dena asmatuta dago: mastin txakurrak jarri eta artzainen figura berreskuratu daiteke, esaterako. Baserri askotako ganadua zaindu ahalko luke artzainak, eta, agian, guztion artean ordaindu beharko genuke artzain hori. Nik nahiago dut artzaina ordaindu otsoak hiltzera joango den abere-hiltzailea ordaindu baino. Neurriak badaude, eta ezin da esan otsoa eta abeltzaintza bateraezinak direla.

Hemendik aurrerako lana, beraz, katalogazioa lortzera bideratuko duzue?

Jakina. Jaurlaritzaren txostenaren zain gaude, eta, ez badira neurriak hartzen, Europara ere joko dugu gertatzen ari dena salatzeko. Azken otsoak Natura 2000 sarean babestuta dauden guneetan hil dituzte: Ordunten eta ArmaƱonen. Bi eremu horiek Biodibertsitatearen Babeserako Europako Sarean daude, eta hor esaten da komunitateko espezie eta ekosistemak mantendu behar direla egoera onuragarri batean. Otsoak inolako kupo eta mugarik gabe hiltzean ez da espeziea babesten, eta ez da Europako araudia betetzen. Beraz, Jaurlaritzaren justifikazioaren zain gaude, eta ez duela katalogoan sartuko esaten badu, Europan salatuko dugu Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek ingurumen alorrean egiten duten politika.