Zubi berriaren atzeko auzoa

Zubi berriaren atzeko auzoa

Lander Muñagorri Garmendia

Urruti geratu da 2004ko urria. Hamarkada bat igaro da Zaha Hadid arkitekto irakiarrak Deustuko Erriberarako diseinatu zuen hirigintza proiektu entzutetsua aurkeztu zuenetik. Auzoa goitik behera aldatuko zuen egitasmo handizalea zen, eta berehala hautsak harrotu zituen. Auzotarrekin gorabehera ugari izan ditu, eta aldaketa ugari izan ditu hamabi urte hauetan. Egitasmoa behin baino gehiagotan aldatu dute, eta krisi ekonomiko gogor batek lanen hasiera atzeratu du urtez urte. Azken finean, Deustuko Erribera penintsula izateari utzi eta uharte bihurtzea aurreikusten du proiektuak, eta bertan eraikin berriz osatutako auzo bat egitea da asmoa. Ez da kasualitatea proiektuari askok jarri dioten ezizena: Bilboko Manhattan.

Azkenean, baina, badirudi Master Plana moduan ezaguna den proiektua martxan jarriko dela. Deustuko Erribera Deustuarekin lotuko duen Frank Gehry izeneko lehen zubia asteartean zabaldu zuten autoentzat, eta, urtea amaitzen denerako, penintsula zena uharte bihurtuko da. Hala jakinarazi zuen, behintzat, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak zubia zabaldu zen egunean bertan: 2017ko udaberrirako espero zen uhartea urte berria baino lehen izango dela.

Ordurako espero da, halaber, lehen urbanizatze prozesuko lanak hastea. Pablo Otaola Zorrotzaurreko Kudeaketa Batzordeko arduraduna gustura dago: “Garrantzitsuena lanak hastea da, behin hasitako lanak amaitu egiten direlako”. Deustuko Erriberako lurren banaketa berria onartu du orain gutxi udalak, eta albiste hori “mugarri bat” dela dio: “Gauzak horrela, urbanizatze proiektua onartzea falta da lanekin hasteko”. Eta horrela abiatuko da Master Planaren lehen fasea. Pauso hori emanda, lursailen jabeak diren sustatzaileek etxebizitzak eraikitzen hastea besterik ez da geratuko, baina noiz hasiko diren ez dago garbi, ordea. “Lanak hasteko epetik gero eta gertuago gaude; jakin behar da, ordea, hau guztia bere martxan mugituko dela”. Lanak noiz hasiko diren jakin barik, uharte izango den auzoa bere hartan dago gaur-gaurkoz, utzita.

Hori da, bederen, auzora joanez gero bisitariak izan dezakeen irudipena. Bere garaian jarduera ekonomikoa izan zuten pabiloi industrialak hutsik eta erortzeko arriskuan, utzitako orubeak eta graffitiz betetako hormak bata bestearen jarraian. Eta hori da, hain zuzen, auzotarrek behin eta berriro salatu dutena: erakundeek auzoa ahaztuta eduki dutela urte luzetan. “1980ko hamarkadan esan ziguten auzoaren eraberritze bat egingo zutela, baina ez dute ezer egin bien bitartean”. Eneko Herran Deustuko Erriberako bizilagunen elkarteko kidea da, eta Master Planaren inguruan hitz egiten duenean ez dauka hitz politik hari buruz. “Auzo berri bat egingo dutela esaten dute, baina ez gaituzte kontuan hartzen bertan bizi garen auzotarrak”. Eta adibidea jarri du: Deustuko Erriberako hirigintza proiektuko lehen bi faseak uhartearen alde banatan egingo dira, eta han egingo dituzte eraikin eta etxebizitza denak hasiera batean. Bi fase horiek amaitzen direnerako urte ugari pasatuko direla onartzen du Otaolak ere. “Bien bitartean, auzotarrak penintsularen erdialdean bizi gara, eta zerbitzu guztiak guregandik aparte eraikiko dituzte”. Egoera horretan dauden bitartean azpiegitura edo eskaera txikiei ez dietela jaramonik egingo ere badaki Herranek: “Plan integrala daukate eurek buruan, eta, gure eskaerak behin-behinekoak izango direnez, ez dute mereziko”. Horregatik, Master Planari gutxiago begiratu eta eguneroko arazoak konpontzeko eskatzen du auzo elkarteak.

Ildo horretan, trafikora zabaldu berri den Frank Gehry zubiaren inguruan ere hitz egin du: “Zubi berria zabaltzearekin batera, inauguratu zutenean esan zuten gezur bera errepikatu dute: hiria gertuago izango dugula bizilagunok”. Eta, haren esanetan, ez da horrela izan, Botikazarreko pasealekua itxi ondoren Deustura ematen duen zubia bakarrik dagoelako orain zabalik: “Deustua izan ezik, Bilboko beste edozein lekutara joateko atzera egin beharra daukagu”. Eta, berriz ere, eraberritze proiektua auzotarrei bizkarra emanda egin dela nabarmendu du Herranek.

Ez du horrela uste, ordea, Otaolak. Izan ere, Deustuko Erriberako etxebizitzak eraberritzeko erakundeek “ez itzultzeko” sei milioi euroko gastua egin zutela nabarmendu du. Herranek onartu du hori izan dela proiektu horren onura bakarra, “etxebizitzak birgaitu ahal izan ditugulako”. Baina, era berean, gogora ekarri du ekimen hori mobilizazioaren bidez lortu zela, “hasieran auzo guztia botatzeko asmoa zegoelako”.

Sinboloen hiria

Aste honetan Deustuko Erriberako lehen zubia zabaldu izana sinbolo moduan ikusi du, bestalde, Andeka Larreak. Filosofia irakaslea da bera, baina hirigintzari lotutako gaiak landu izan ditu gehienbat. Horren adibide da Garikoitz Gamarrarekin batera Bilboren eraberritzeari buruz idatzitako Bilbao y su doble liburua. “Zubia zabaldu izana sinbolo bat da, ‘proiektu honek aurrera jarraitzen du’ esan ahal izateko”. Hain zuzen ere, Bilbon bertan azken urteetan egin den eraberritze guztia ere horretan oinarritu dela nabarmendu du, “eta ondo joan zaiela esan daiteke, kalean galdetuz gero herritarrak gustura daudelako Bilboren egungo itxurarekin”.

Zubiaren sinboloa erabili dute, beraz, proiektuak aurrera jarraitzen duela esateko, “Bilborentzako estrategikoa eta sinbolikoa den proiektua”. Abandoibarrako egitasmoa apustu bat izan zen bezala, Master Plana ere erakundeek egindako apustu bat dela dio, “eta apustuak ongi edo gaizki atera daitezke”.

Kasu honetan, “goitik beherako erabakiz” auzo oso bat eraikiko dute. “Auzo berri bat sortuko da, hain berria, izena ere aldatu baitiote!”. Orain arte Deustuko Erribera izan da, eta Master Planarekin hasi zen Zorrotzaurre izena erabiltzen. “Baina, horretarako, ez dira nahikoak eraikinak bakarrik. Norentzako gonbita da? Gentrifikazio prozesu bat egongo da?”.

Larreak ez dauka batere argi zer gertatuko den, haren ustez udalean bertan ere ez baitakite zer bilakaera izango duen proiektuak. Otaolak aurrera jarraituko duela ziur baieztatzen duen arren, filosofia irakasleak proiektuan aldaketak egin eta auzotarrekin erabakitako auzo eredu bat aldarrikatzen du. Sinbolo gutxiago, eta egungo arazoei irtenbide gehiago bilatuz. Bata edo bestea izan, gaur-gaurkoz, penintsula erdi utzita dago.