Natalia Salazar Orbe
Burdina Bilboko itsasadarraren garapena baliatu duen metala izan da. Itsasadarra burdin koloreak janzten zueneko garaiak dakartza gogora Itsasadarra itsas museoan zabaldu duten erakusketak. Ikusmenaz gain, ukimena, entzumena eta usaimena dantzan jartzen dituen lanak aurkituko ditu bisitariak. Hala, industria atmosferan murgilduko dira, berriz ere, itsasadarrean denetariko ontzien joan-etorria zebilen garaietara eramanaz. Burdinkolorea izeneko zikloa da abiatu dutena. Haren barruan elkarren segidan aurkeztuko dituzten hiru artistaren beste horrenbeste erakusketa jaso dituzte.
Antonio Aldamarena da martxoaren 13ra arte ikusgai dagoena. Metalezko argia izeneko bildumaren barruan, 30etik gora artelan prestatu ditu Laudioko artistak. Atoiontziek, merkataritza ontziek, garabiek, kaiek, zamatokiek eta kea darien tximiniek osatzen dute erakusketa. Denak ala denak, Bilbo eta Bizkaiko iragan hurbilaren ezaugarrien isla dira.
Aldamarenaren atzetik iritsiko dira Jose Abelen eta Enrike Zubiaren Sua itsasadarrean eta Ur eta lur, hurrenez hurren. Itsasoa, itsasadarra eta kresala dituzte lotura nagusi hirurek. Baina burdina ere badute komunean; Bilbon eta Bizkaian erabat errotuta dagoen materiala da. Hiru erakusketek burdinaren kolorea dute, baina bakoitzak berezitasun propioak dauzka. Aldamak metalaren argia nabarmendu du. Jose Abelek Bilboko itsasadarraz daukan ikuspegia suaren bidez islatuko du. Horretarako, pintzelak albo batera utzi ditu eta sopleteaz baliatu da. Teknika horri esker, efektu eta egitura paregabeak lortzen ditu. Atmosferako kea eta industriaren sua dira bere artelanen protagonista. Martxoaren 16tik maiatzaren 15era arte egongo dira ikusgai haren obrak.
Azkenik, Enrike Zubiak uraren eta lurraren arteko eremuan sortzen diren eguneroko irudiak landu ditu batez ere. Portuko bizitza, pertsonak eta itsasoko irudiak dira artistaren inspirazio iturri. Kostaldeko eguneroko irudiak eramango ditu maiatzaren 19an Itsasadarra itsas museora, eta han izango dira ikusgai uztailaren 17ra arte.
Artistetako bakoitzak metala, sua edo ura erabiltzen du baliabide artistiko gisa edota bere artelanen elementu gisa. Hala, bakoitzak bere koadroetan murgilduko du bisitaria, elementu horietako batetik abiatuta.
Itsasoari eta itsasadarrari begiratzeko hiru ikuspegi eskaintzen ditu zikloak. Eta berritasun handiak dakartza Burdinkolorea-k. Behaketa hutsetik harago doa. Hainbat baliabide erabilita, artistek euren artelanak esperientzia bilakatu nahi izan dituzte. Izan ere, munduak daraman bizimodu erritmoarekin, zurrunbilo batean bizi da gizartea orokorrean, eta, askotan, aurrean duenaz ohartu ere ez da egiten. Hala uste du Jon Ruigomez museoko zuzendariak. “Erakusketa hau bisitatzerakoan, berriz, gelditzea, ikustea, sentitzea eta atzean dagoen misterioak deskubritzea nahi dugu. Bisitaria artistaren emozioaz jabetzea nahiko genuke. Horretarako, ukimena, entzumena eta usaimena erabili beharko ditu”. Obra artistikoekiko normalean izaten den urruntasuna apurtu nahi dute hala.
Sarreratik, harrapatuta
Itsasadarraren soinuak egiten dio harrera bisitariari, aretoan sartu bezain laster. Lehen kontaktua egin bezain pronto, giro horretan harrapatuta geratzen da. Industria bizi-bizi zegoeneko garaien usaina ere sumatuko du ikusleak. Eta gabarra baten egitura ukitzeko aukera emango duen koadrorik ere badago. Aldamak urteetan ondo baino hobeto ezagutu duen itsasadarrari buruzko lanak eraman ditu museora.
Aldakorra da hiru erakusketek hari eroale izango duten burdinaren kolorea: urarekin zein suarekin kontaktuan jarrita, edota argiaren edo denboraren arabera, aldatu egiten da. Garai batean gertatutakoek pintore batean eta bestean utzitako arrastoak eta arrasto horien irudikapenez osatutako lanak jaso ditu museoak.