Zesta biziberritzeko kluba

Lander Muñagorri Garmendia

Kezkatik itxaropenera egin dute zesta-puntako jarraitzaileek. Iragan den larunbatean, Xistera kluba aurkeztu zuten Markina-Xemeinen, eta jendez betetako frontoian giro hori sumatu zitekeen. Euskal Herri osoan zesta-puntan aritzen diren 21 klub eta kirol elkarteak bilduko dituen kluba da Xistera, eta haren helburu nagusia kirola biziberritzea da. “Duela bi urte, Gernika-Lumon foro bat egin genuen zestaren mundua nola zegoen aztertzeko, eta ikusi genuen ez zegoela aurrerabiderik”, dio Ibon Urreisti Xisterako presidenteak. Etorkizun eskasa ikusten zioten pilota modalitateari, eta, horregatik, zerbait egin beharraren beharraz sortu dute Xistera. Klubak batuko dituen klub bat izango da, eta, helburu hori lortu ahal izateko, afizionatu mailako zirkuitu bat sortuko dute urtea amaitzerako.

Hain zuzen ere, hori baita zesta-puntaren egoera eskasaren arrazoietako bat: ez dagoela zirkuiturik. Patxi Jauregi Euskal pilota federazioko presidenteak egoeraren larria azaldu du: “Profesional mundua hari batetik zintzilik dago, eta pilota eskoletan etorkizuneko plataformarik ere ez dago”. Alegia, gazteak zesta-puntara lotuko dituen oinarriak beharrezko direla ondorioztatu zuten Gernika-Lumoko foroan. “Gipuzkoako edo Bizkaiko txapelketak badaude, eta kluben artean antolatzen dituzten partidak ere bai, baina urte osoa irauten duen zirkuiturik ez, eta horrek gazteak aspertzeko arriskua dakar”, Urreistiren arabera. Eta hala gertatzen da. Haren arabera, 12 eta 15 urte arteko gazte askok zesta-punta beste kirol batengatik alboratzen baitute etorkizunik ikusten ez dutenean. Eta horregatik sortu dute kluben arteko klub hau, egoera hori bideratu, eta zestan aritzen diren gazteei etorkizun bat eskaini ahal izateko.

Xistera behin aurkeztuta, urte osoa iraungo duen zirkuitu bat diseinatzen hasiko dira otsailean kluba osatzen duten klubetako kideak. Jauregik honela azaldu du: “Oraindik zehaztu gabe dagoen arren, urtean dozena bat torneo egitea pentsatuta daukagu, hilabetean bat. Pilotari denek elkarrekin jokatuko lukete, eta sailkapen moduko bat egingo litzateke. Urte amaieran, aurrelari eta atzelari onenen artean, master bat jokatuko litzateke”. Zirkuitu horretako partidak, gainera, ETB1 katean ere emango dituzte, “jokoari ikusgarritasuna emateko”.

Buruan duten zirkuitu horrek onura ugari ekarriko lituzke berekin, jokalariek elkar ezagutzeko aukera izango luketelako. Euskal Herri guztian egin asmo dituzte jaialdiak, “elkarrekin hartu-emanak sakontzeko”. Hala ere, pixkanaka hasiko dira jaialdi horiek antolatzen, Urreistiren arabera. “Poliki eta ondo egin beharra daukagu lan, oinarriak ondo sendotuta”. Horregatik, lehen urtean sei torneo inguru egingo dituzte, urtetik urtera gehiago antolatuz. “Etorkizunean, gauzak ondo joanez gero, ederra litzateke koadro profesional indartsu bat izateko aukera izatea, baina, gaur-gaurkoz, afizionatuetara mugatuko gara. Kirola egiteko gogoa sustatu nahi dugu batez ere”, dio Jauregik.

Kluben arteko elkartasuna

Jokalariek elkar ezagutzeko baliabide bat izango da Xistera, baina baita klub txikiak babesteko ere. “Hemen, gutxien duena izango da indartsuena”, Urreistiren arabera. Izan ere, herri txikietako klub txikiak zirkuituaren barruan sartuz gero irabazteko asko izan dezaketela uste du. “Ereñon talde bat izatea bultzatzen badugu, gure laguntzarekin indartsuagoak izango dira, eta, era berean, gure zirkuiturako frontoi bat gehiago ere izango dugu”, dio. Horregatik, Xisterarekin talde txikiek bultzada handiagoa izango dutela uste du.

Hain zuzen, talde txikiak sortzen ere laguntzen ari dira klubetik. Duela hilabete gutxi, Ereñon zesta-punta talde bat sortzen lagundu zuten, eta, otsail amaiera inguruan, Lekeitioko taldea ere aurkeztuko dute. “Espero dugu, Xisterari esker, 8-10 talde berri sortuko direla, jende asko dagoelako bere garaian puntista izan zena, eta gauzak egiteko prest legokeena”, Jauregiren ustez. Horrela izanez gero, frontoi luzea duten herrietan zesta-punta taldeak sortzeko aukera ikusten du.

Gaur-gaurkoz, 21 zesta-punta klub biltzen ditu Xisterak. Horietatik sei Bizkaikoak, beste hainbeste Gipuzkoakoak, bost Iparraldekoak, hiru nafarrak, eta bakarra Arabakoa. “Etorkizunean gehiago izatea espero dugu, eta apurka sustraitzen joatea”, Jauregiren arabera. Oraingoz, ilusioa da elkartean eta zaleengan zabaldu den sentimendua. Hortik harago egingo ote duten jakiteko, denbora igaro beharko da. “Zesta-punta biziberrituko duen egitasmoaren abiapuntua izan dadila nahi dugu Xistera. Ez besterik”. Urteek esango dute arrazoia izan duten ala ez.