Euskalgintzako eragileek erakundeen inplikazio handiagoa eskatu dute

Natalia Salazar Orbe

Sarri gertatzen da erakundeek errealitatea era batera ikustea eta herritarrek eta eragileek beste batera sumatzea. Baita egoera baten inguruan batzuek eta besteek hartu beharko liratekeen neurriei buruzko iritzi desberdinak izatea ere. Kasu honetan ere, euskararen alorreko militanteek hainbat proposamen eta neurri proposatu dituzte Ezkerraldean euskara sustatzeko.

Administrazio asko eta asko babes ekonomikoa ematera mugatzen direla deritzo Aintzane Praderak. Barakaldoko AEK-ko irakaslea da, eta Berbalagun egitasmoaren dinamizatzailea. “Berbalagunen proiektua babesten dute, edota diru laguntzak ematen dizkiete ikasleei matrikulak ordaintzeko”. Uste du hori ez dela nahikoa.

Sinbolikoki ere udalek eman ditzaketen pausoei buruz mintzatu da. “Prentsaurrekoak egiten dituztenean lehenengo euskaraz egin behar litzakete beti”.

Aitortu du, dena den, gaur egun administrazioek esfortzu handiagoa egiten dutela euskara bultzatzeko. Ezkerraldeko udalen irakurketarekin bat dator bera ere: “Gero eta gehiago entzuten da euskara”. Guraso izan berri direnak inplikatuago daude euskararen normalizazioan eta erabileran.

Hala ere, neurri transbertsalak eskatu ditu. “Esparru guztietan egon beharko luke bermatuta euskararen presentziak. Agendan sartuta egon beharko luke. Ez da puntu bat, puntu guztietan presente egon beharko lukeen zerbait baizik”. Diru laguntzen afera ere jarri du mahai gainean: “Hori ezin da erabaki gobernuan edo udalean dagoenaren arabera”.

Sasiburu elkarteko Felipe Quintanillak gogora ekarri du udalek darabiltzaten euskara planak azken urteetako kontua direla. Urrats hori egokia dela iritzi arren, aurrekontu handiagoa beharko luketela uste du hark.

Horrez gain, haurrentzako jarduerez gain, helduentzat ere eskatu ditu: “Haurrek helduok egiten duguna egiten dute; beraz, Gurasolagun bezalako proiektuak beharrezkoak dira; baita Berbalagun eta Kultur Errota bezalako jarduerak ere”.

Euskararen presentzia areagotzeko eta sendotzeko modu bat proposatu du: “Umeak, gazteak zein helduak eroso sentitu behar dira euskaraz egiten, eta horretarako topaguneak behar dira”. Hala, Ezkerraldean Kafe Antzokiak, Euskal Txokoak eta antzeko ekimenak falta direla deritzo.

Aisialdiari begira, ume nahiz helduentzako tailer edo ikastaro gehiagoren falta sumatu du. Eta erakundeen zein elkarte guztien arteko elkarlan handiagoa galdegin du.

Ezkerraldean ugariak dira azalera handiko merkataritza zentroak: Ballontti, Megapark eta Max Center, esaterako. Eremu horietan euskara sustatzeko kanpainak beharrezkoak dira: “Euskaraz arreta ematen duten saltokiei erraztasunak emanez, eta erosle euskaldunek euskarazko zerbitzua non aurki dezaketen agerian utziz. Merkataritza gune handiei euskarazko zerbitzua ematea erakundeen lana delakoan gaude. Sarritan publizitatea bera ere gaztelera hutsean daukate eta”.

Merkataritza zein ostalaritza arloetarako proposamenak plazaratu ditu Praderak ere, herriko paisaia linguistikoa zaintze aldera: “Behartu ez, baina nolabait sustatu beharko lukete herrian ezartzen diren negozio berrietan kartelak euskaraz jartzea. Euskara izan dadila plus bat”.

Euskarak aurrerapauso handia egin du hezkuntzan. Hala uste du Quintanillak: “D eredua asko hedatu da herri ikastetxeetan. AEK-k, udal euskaltegiek eta hizkuntza eskolek lan bikaina egin dute. Milaka lagun euskaldundu dira horietan”.

Pradera ez da guztiz iritzi berekoa. Sinetsita dago ereduen hezkuntza sistemak euskarari onik ez diola egin. “Gazteek ez dute ikusten euskara beraiena den gauza bat balitz bezala, inposatzen zaien zerbait balitz bezala baizik”. Eskolak bukatuta euskararekin ez dutela ezer jakin gura dio, eta urte batzuetan alboratuta uzten dutela. “Jabearazi behar zaie egunerokoan bizitzeko behar dutela”. Antzeko arazoa ikusten die euskaraz aritzeko gaitasuna neurtzen duten tituluei.

Jakitun dira euskaraz dakitenen kopurua goraka doala, baina erabilera da hankamotz dabilena. “Euskaldun pasiboen kopurua izugarri handitu da, baina euskaldun aktiboena ez da guk nahiko genukeen beste handitu”. Hala uste du Quintanillak. Hala ere, baikorrak dira, eta sinetsita daude datozen urteetan euskarak urrats irmoak egingo dituela eskualdean.

Praderak uste du Ezkerraldeko euskal hiztunek konplexuak dituztela, zabalduta dagoelako euskarak eskualdean presentziarik ez duela. “Guk geuk izan behar dugu txipa aldatzen lehenak”.

Oztopoak oztopo, euskara aurrera doa. Eta herriotako biztanleek nabari dute. Plazara jalgitzea da erronka nagusia, eta normal-normal jardutea. Lan horretan ari dira herritar asko eta asko, milaka urte dituen hizkuntza berpiztu zutenen lekukoari eutsiz.