Natalia Salazar Orbe
Emakumeentzako urte beltza izan da aurtengoa ere, zalantza izpirik gabe. Gizonen esku denetariko indarkeria jarduerak pairatu dituzte. Leire Rodriguez eta Almudena Matarranzen izenak entzun dira bereziki indarkeria matxistari lotuta. Aurten gizonek hil dituzten bi emakumeak dira. Bataren bikotekide ohia eta bestearen bikotekidea jo zituzten hilketen egiletzat.
Abuztuaren 8an hil zuten Rodriguez Bilbon, auto batek harrapatuta. Emakumea oraindik bizirik zegoela alde egin zuen gidariak. Handik gutxira lotu zuen Ertzaintzak heriotza indarkeria matxistarekin. Eta hiltzailea haren senar ohia izan zitekeen ikertzen hasi zen. Biktimaren ingurua ikertzen ari zirela, gizonari eskatu zioten komisaldegian agertzeko. Ez zen agertu hitzordura. Bere burua trenbidera bota zuen; bere buruaz beste egiten saiatu zen. Beste gizonezko bat ere atxilotu zuten hilketarekin zerikusia izan zezakeelakoan. 34 urte zituen Leire Rodriguezek, eta bi haurren ama zen.
Urriaren 3koa izan zen egutegian beltzez tindatu zen hurrengo eguna. Goizalde hartan aurkitu zuten Almudena Matarranzen gorpua, bikotekidearen eta haren amaren etxean. Indarkeria zantzuak zituen. Leioan atxilotu zuten haren bikotekidea. 39 urte zituen andreak, eta Bilbon bizi zen.
Mendekua senideekin
Oihartzun handia izan zuen, bestalde, abenduaren hasieran Bermeon gertatutako erasoak ere. Ustez, 29 urteko gizon batek aitaginarreba ohia eta haren bederatzi urteko alaba harrapatu zituen autoarekin. Neskatila Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten. Haren aita ere artatu egin behar izan zuten.
Harrapaketa gertatu zen tokian bertan atxilotu zuen udaltzaingoak ustezko erasotzailea. Jazoera indarkeria matxistarekin lotu zuten eta elkarretaratzea egin. Protesta hartan bertan, aurreko astean herrian bertan gertatutako beste indarkeria kasu bat salatu zuten. Bikotekidea bidet baten aurka kolpatu zuen, itxura denez, beste gizonezko batek.
Bestalde, Barakaldon 44 urteko gizonezko bat atxilotu zuten abenduaren 4an, ustez bikotekideari labankadak emateagatik. Sabelaldean eta toraxean sartu zion labana. Gurutzetako ospitalera eraman zuten emakumea, larri zaurituta.
Urtarriletik irailera bitartean, indarkeria sexistaren 2.118 salaketa izan ziren, Emakunderen datuen arabera. Bilbon bertan, 279 emakumek jo zuten udalera genero indarkeriaren aurka martxan duen zerbitzura laguntza eske. Durangoko datuei dagokienez, 86 emakumek salatu zituzten eraso sexistak. Beraz, horiek guztiak, urte guztian izan ziren erasoen adibideetako batzuk baino ez dira.