“Aparteko orduak kenduta langabezia jaitsiko litzateke”

Ezkerraldean langabezia eta esplotazioa goraka doazela salatzeko, manifestaziorako deia egin du Santurtziko langabeen batzordeak. Bertako kide da Javi Alonso (Bilbo, 1962): proposamen zehatzak egingo dituzte gaur.

Zeintzuk aldarrikapen jasoko dituzue manifestazioan?

Langabeok luze aldarrikatu ditugunak dira: aparteko orduak berehala desagerraraztea eta lan hitzarmenak Bizkai osoko sektoreetan ezartzea. Izan ere, neurri horiek ezarri gabe enplegu asko galarazten ari dira. Bestelako aldarrikapen batzuk ere baditugu, baina horiek dira nabarmenenak eta lanpostu ugari sortzen lagunduko luketenak. Langabeentzako garraio bonuak eskaintzea, udaletan lan publikoaren %20 herriko langabeei eskaintzea eta aldundiak aurrekontuaren %5 langabeziara bideratzea ere eskatuko dugu. Horrez gain, langabeentzako ikastaroak eskualdeetako lan merkatura bideratuta antolatzea nahi dugu.

Zelan joan dira azken asteotako protestak?

Batean kale, bestean bale. Ezkerraldea langabeziak gehien zigortu duen eskualdea da, eta askoz mobilizazio handiagoa egon beharko litzateke. Askok uste du dena ondo doala. Hori frustragarria da guretzat. Hala ere, kalean asko ibili gara, eta beste herritar asko jabetu dira Ezkerraldeak dituen arazoez. Industriak etorkizun handia zuen hemen. Lan asko zegoen denentzat. Orain geratu den industria apurra lan erreformaz baliatzen ari da. Bi ontziola lanik gabe geratu ziren. Eskualdean laguntza eskatu zuten, eta denok atera ginen kalera euren alde. Orain, ordea, lan zama dagoenean, ontziola eta industria hori bera lan esku bila Ukrainara edota Errumaniara joan dira. Enpresen jarrera oso txarto iruditzen zaigu. Baita herri eta alkateena ere. Ez dira-eta egoera horiek salatzeko gai.

Zuen proposamenek zelan konponduko lukete egoera?

Ontzioletan, esaterako, 10-12 orduko lan jardunak dituzte; astebetean, beraz, langile bakoitza hitzarmenak aurreikusten duena baino hamar ordu gehiago ari da lanean. Beraz, baldintza horietan ari diren lau pertsona bakoitzeko lanpostu berri bat sor liteke. Aparteko orduak kenduta soilik, langabezia izugarri jaitsiko litzateke. Beste neurri bat Bizkaiko hitzarmenak ezartzea da. Argi esan gura dut dinamika honetan ari garen taldeok ez garela arrazistak. Gure leloetako bat ondokoa da: bertokoa zein atzerrikoa langile klase bera dira. Hala ere, Sevillako enpresa bat datorrenean, Sevillako hitzarmena ezartzen zaio. Eta hori ez dugu onartzen. Handik etorri arren, bertoko hitzarmena ezar diezaietela. Hala, sektore guztietan Bizkaiko hitzarmena ezartzen bada, ez dute Ukrainara joko langile bila. Gipuzkoan, lan publikoan neurri hori hartu dute, eta emaitza onak izan ditu. Bizkaian badago enpresa bat lantaldeko beharginak soilik dituena eta Bizkaiko hitzarmena ezartzen duena. Eta azaldu digu zailtasun ugari dituztela eraikuntzako gainerako enpresek kanpoko hitzarmenak darabiltzatelako. Hala, inor ez da gai prezio horiekin lehiatzeko.

Eta gertuagoko administrazioei dagokienez?

Bi proposamen horiekin asko jaitsiko litzateke langabezia tasa, baina herrietan ere badago zer egin: lan publikoa egiteko herriko langabeen %20 hartzea proposatzen dugu. Lan poltsa gardenak ere gura ditugu. Eta enpleguaren mahai bat eratu beharko litzateke. Bertan, politikariak eta langabeen batzordeak egongo lirateke presente. Lan poltsa horiek denen esku egongo lirateke, eta argi egongo litzateke nor sartzen den non eta nor ateratzen den. Beharrizan handiena dutenentzat onuragarria izango litzateke; emakumeentzat ere askoz baliagarriagoa. Era bikoitzean daude-eta esplotatuta emakumeak: emakume izateagatik, eta lan merkatuan egun duten egoeragatik; merkataritza zentroek esklabotza baino ez dakarte-eta Ezkerraldera.

Udaletan inork ez du horrelakoei buruz hitz egin nahi. Denak mintzatzen dira langabeziaren kontra egin gura dituzten gauzei buruz. Baina, bene-benetan, inork ez du ezer egin gura. Egoera batzuei erantzuteko adierazpenak besterik ez dute egiten.

Egoera pertsonal latzak sortzen ditu langabeziak, ordea.

Etxetik ere bota zaitzakete. Emozionalki oso gogorra da. Ni bezala asko geratu dira lanik gabe 50etik gora urterekin. Amets mordoa suntsitzen dira enpresaburuen zekenkeriaren eta euren burua kapitalari saldu dioten agintarien kudeaketa txarraren erruz.

Hainbat eragile eta sindikatu elkartu zarete kanpaina hau gauzatzeko. Erraza izan da denak antolatzea helburu komun baten alde?

Ezkerraldean denbora luzea daramagu elkarrekin lanean. Elkartu garenok ulertzen dugu eskualdeko arazoak zeintzuk diren: langabezia, esplotazioa, esklabotza, marjinazioa… Beraz, ez da zaila izan. Dena den, bakoitzak bere ikuspegia du. Guk, langabe gisa, sindikatuei inplikazio handiagoa eskatzen diegu. Eta langileei, langabeekiko elkartasun handiagoa: aparteko ordurik ez sartzeko eta lanean aritzeko orduan, etika izan dezaten.

Ulertu behar da, gainera, lana galtzea ez dela langabeziaren ondorio bakarra. Etxea ken diezazukete, depresioa izan dezakezu, baliteke zure seme-alabak behar bezala elikatzerik ez izatea… Ezer gabe gera zaitezke. Eta banketxe batean buka dezakezu lotan. Eskualdean gertatzen ari dira horrelakoak. Duela gutxi hil zen kalean lotan ari zen pertsona bat. Beraz, aterpetxeak zabaltzeko eskaera ere egin gura dugu.