Ortuellan dago Peñas Negras; biotopo izendapena duen eremuan, Galdames eta Trianoko mendietarako sarreran. Meatzaldearen bihotzean. Ingurumen Interpretaziorako Zentroa da, meatze ustiapenak inguruan izan duen eragina aztertu eta ingurumenarekiko errespetuan heztea helburu duena. Bisita ugari jasotzen ditu; urtean 30.000-35.000 inguru. Baina Eusko Jaurlaritzak lekuz aldatu nahi du; Abantoko Meatzaritza Museora eraman. Auzokideak ez daude konforme, eta manifestazio-martxa bat antolatu dute iganderako.
Bere historiaren zatiak pixkanaka eramaten ari direla sentitzen dute herritarrek; meatzaldeko historia “galtzen” ari dela. Eta zerbait egin beharra ikusi dute. “Meatzaritza ospitalea bota zuten, eta ez zen ezer gertatu; meatzarien galerietako bagonetak ere eraman dituzte… Gure ondarea ebasten ari dira”, azaldu du Soiartze Avilak.
Ezinegon horrekin batzen hasi, eta Burdin Herria taldea sortu dute herritarrek. Orain, Jaurlaritzak Peñas Negras ixteko asmoa duela jakin dutenean, mobilizatzen hasi dira. “Meatzaritza Museora eraman nahi dute hau ere, dena zentralizatu nahian edo”, azaldu du egoera Burdin Herriko Avilak. Eta ez du ulertzen. “Zentzugabea” iruditzen zaio.
“Museoaren zeregina meatzaritzaren inguruko informazioa ematea da eta Peñas Negras ingurumenaren interpretaziorako zentroa da; bakoitzak bere funtzioa du”, dio. Ingurumena aztertzeko, bertan egon behar dela nabarmendu du, eta egungo zentroa biotopoan bertan dagoela. “Biotopotik bederatzi kilometrora dagoen Meatzaritzaren Museora eramateari ez diogu zentzurik ikusten”.
Eusko Jaurlaritzaren asmoa
Iosu Madariaga Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak aitortu duenez, leku bakarrean bildu nahi dituzte meatzaldearekin zerikusia duten baliabide guztiak: Jaurlaritzarena den Peñas Negras Interpretazio Zentroa, Bizkaiko Aldundiaren Meatzaldeko Biotopoaren Zentroa eta Abanto-Zierbenako Udalak kudeatzen duen Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa. “Trapagako, Ortuellako, Muskizko eta Galdamesko udalek ingurumen hezkuntzaren eta kulturaren arloko bestelako azpiegiturak eramango dituzte”, dio Ingurumen Sailak igorritako oharrak. “Instalazio horietara hurbiltzen direnek lurralde horretako kultura eta ingurumen ondarea ezagutu ahalko dute”.
Protestak
Baina bertako herritar gehienak ez daude ados. Horren adierazle da Ortuellako eta Traparango udalbatzek Burdin Herriak aurkeztutako mozioak onartu dituztela, gehiengo osoz. Peñas Negras lekuz ez aldatzeko, ez ixteko aldarrikatu dute horrela. Abantoko Udalak datorren udalbatzan aztertuko du gaia.
Sinadurak ere biltzen ari da taldea inguruan. Eta, iganderako, manifestazio-martxa bat antolatu du Salba dezagun Peñas Negras, ez itxi lelopean. Larreinetako funikularraren geltokian abiatuko da protesta 10:00etan; Zugaztietara joango da handik, eta, gero, interpretazio zentrora.