Historia eta usadioen arteko herri zaharra

Historia eta usadioen arteko herri zaharra

Kolitza mendian ez da Bizkaiko Batzar Nagusietara deitzeko seinalerik egiten jada. Eta aspaldi utzi zion Balmasedako zubi zaharrak muga zerga kobratzeari. Bizkaiko herri guztiak bezala, garaian garaikora egokitu da Balmaseda ere. Baina historiaren testigantzak gordetzen ditu Enkarterriko herriak nonahi. Eraikin eta ohituretan oso presente du herriak Erdi Aroa; kontakizuna egiten dute kaleetako harri mutuek, eta historia horri ahotsa jartzen diete herritarrek. Maiatzero egiten duten azoka da adibiderik esanguratsuena. Asteburu batez, Erdi Aroko bizimodura itzultzen da herri osoa, eta ospe handia du Aste Santuko prozesioak ere. Baina urteko edozein egunetan ematen du Balmasedak atzerako bidaia hori egiteko aukera.

Bizkaiko herririk zaharrenetakoa da Balmaseda. Eta sorreratik berezko ezaugarri bat izan du hiribilduak: igarobidea izan da merkatarientzat. Cadagua ibaiak gurutzatzen du herria, eta ezinbesteko garraiobidea izan da Gaztela eta Bizkaiko kostaldearen arteko merkataritza harremanetan. Jarduera horren lekukotzarik argiena da Zubi Zaharra. Eta Enkarterriko herritarren artean ikurrik preziatuena ere bada gaur egun. XIII. mendean Balmasedara sartzeko atea izan zena eta Bizkaiaren eta Gaztelaren arteko aduana funtzioa izan zuena, orain, ehunka turistaren joan-etorrien geralekua da.

Baina Zubi Zaharra ez da Cadagua ibaiak Balmasedan gordetzen duen eraikin bakarra. Ibaiaren ertzak industrializazio garaiarekin batzen du Erdi Aroko tradizioa. Boinas La Encartada museoa da aroen arteko jauziaren lekukoa. Europa osoan lantegia eta museoa toki berean dituen bisitaleku bakarra da. Toki berean diraute lantegia sortu zeneko makinek. Eta museoaren kanpoaldean, industrializazio garaiko etxebizitzen eraikinek ematen dute garai horretako herritarren bizi kalitatearen berri. Ehungintza museoaz gain, historia museoa ere badu Enkarterriko herriak. Eta Erdi Arotik Aro Modernorako ibilaldia proposatzen da bertan.

Erlijioari lotutako tradizioa

Museo barruetan ezagut daiteke herria. Baina herri erdiguneko kaleetan daude Balmasedako txokorik esanguratsuenak. San Severino plazatik abiatzea da eraikin horiek ezagutzeko biderik onena. Izen bera duen parrokia eta udaletxe neogotikoa daude San Severino plazan. Eta Korreria kalea hartuta, Urrutia eta Horkasitas jauregiak, Santa Klara komentua eta San Joan eliza ikusi daitezke, besteak beste.

Herriko ondare kulturala erlijioari lotuta dago, nabarmen. Eta kutsu bera nabari da Balmasedako ospakizunetan ere. Aste Santuko prozesioan, 500 herritarrek antzezten dute Kalbarioaren drama. Autore batzuen arabera, 1480tik dator usadioa. Izurrite baten ondorioz, triskantza izan zuen herriak. Eta hamahiru penitentek, ortozik igo zuten Kolitza mendia horregatik, herritar eta agintariek lagunduta. Ordutik, pertsonaiak eta eszenak gehitu dizkiete ostegun eta ostiral santuko ekitaldi erlijiosoei. Erromes eta merkatarien bilgune izan da Balmaseda urte luzez. Eta kulturen arteko nahasketa horrek nabarmen eragin du herriaren izaeran. Baita egiten diren jai horietan guztietan ere.

Bitartean, Kolitza mendiak zaintzen du Enkarterriko herri nagusia urrunetik. Bizkaiko deiadar mendietako bat da Kolitza, Oiz, Gorbeia, Ganekogorta eta Solluberekin batera. Bizkaiko Batzar Nagusiak XIV. mendearen hasieran sortu zituzten, eta haietara joateko, mendietako tontorretatik dei egiten zieten bizkaitarrei. Bost mendi estrategiko horietan sua piztuz eta soinu seinaleen bidez egiten zuten batzarrerako deia.