Lehen eguneko urduritasunik gabe, baina ilusio berarekin jarraitzen dute beharrean Bilboko Iparragirre kaleko Elkar liburu dendan Gotzone Ajuriak (Galdakao, 1966) eta Edu Arnaizek (Bilbo, 1963). Denda enblematiko horrek 25 urte bete ditu. Irailaren 5ean ireki zituen ateak lehen aldiz. Orduan, Urretxindorra izenarekin zabaldu zuten. Orduz geroztik, erreferente bilakatu da euskarazko materiala eta gainerako liburu eta diskoak aurkitu gura dituztenentzat. Hala aitortu diote bezeroek Ajuriari. “Behar duzun hori Elkarren izango duzu. Han ez bada, ez duzu beste inon aurkituko”. Horixe esan zion lagun batek haietako bati. Hori dute adierazgarri, Arnaizen arabera: “Produktu bat ez badaukagu, lortu egiten dugu”.
Denetariko bitxikeriak eskatzen dizkiete bezero batzuek. Arnaizi egindako azkenetako bat, honako hau: Agatha Chirstieren Orient Express-eko hilketa liburua ingelesez, italieraz, alemanez eta katalanez. “Alabak 18 urte betetzen dituela eta opari berezi bat egin nahi diola esan zidan emakume batek”.
Aurreko batean, Frantziako turista bat etorri zitzaion. Rene Descartesen Metodoari buruzko diskurtsoa liburua euskaraz gura zuen. “Liburu hori hizkuntza guztietan eskuratzeko bilduma egiten du. Hemen geneukan euskarazkoa. Duela urte asko atera zen. Eta poz-pozik joan zen”.
Ajuriak eskaera bitxiago bat izan zuen entziklopedia mordoa saltzen zen sasoian. “Badirudi gezur bat kontatuko dudala, liburu dendarien kondaira bat, baina benetan gertatu zitzaidan: bezero batek entziklopedia bat gura zuen, baina ez edonolakoa. Baldintza bitxi batzuk bete behar zituen: tamaina jakin batekoa izan behar zuen, eta, ahal izanez gero, berdea. Apalategian egoki geratuko zitzaion entziklopedia bat gura zuen”.
Irudi modernoagoa
Elkarrek ez zuen euskalgintzaren zabalkunderako berritasun izugarririk eraman Bilbora. Kirikiño eta Lauaxeta ezarrita zeuden hiriburuan 1990 hartarako. Baina bestelako berritasunik eraman zuen, Ajuriak gogoratu duenez: “Hiru solairuko liburu denda bat zen, eta ordutegi oso zabala geneukan: 09:30etik 20:00etara, etenik gabea. Aitzindariak izan ginen horretan”.
Arnaizek uste du haize berriak eraman zituela hiriburura. “Irudi modernoagoa ekarri zuen: gaur-gaurko komertzioa, euskarari eta euskal kulturari dedikatua gehienbat”.
Kulturgintzaren garapena ere ezagutu dute. Haren eskutik egin du bidea liburu dendak. Arnaizek gogora ekarri duenez, “bizpahiru argitaletxe zeuden hasiera hartan. Argitaletxe berri mordoa sortu dira. Baita argitaletxe txiki batzuk ere. Eskaintza pilo bat zabaldu da; ekoizleak ugaritu egin dira”. Hasieran, produktu jakin batzuk baino ez ziren egiten. Orain, arlo askotara zabaldu da euskararen mundua.
Pirateriaren kalteak
Musikari dagokionez, pirateriak kalte handia egin duela sinetsita daude. “Diskoetxe handiak txikitu egin dira; talde bakoitzak bere diskoetxea jarri du”. Eta salmentak asko gutxitu dira. Dena den, kaltea ez da hain gordina izan euskal taldeentzat. Ajuriak argitu du: “Euskal musika oso ondo saltzen dugu. Erosle militanteak daude”.
Elkarrek jakin du Internetek sortu dituen erronketara eta teknologia berrietara moldatzen. Datorrenari aurre egin behar zaiola sinetsita dago Arnaiz: moldatu eta egokitu egin behar dela uste du.
Liburuen pirateria diskoena beste nabaritu ez badute ere, sumatu da. Ajuriak azaldu du lehenago Planeta sariduna edo urteko libururik onena ateratzen zenean izugarrizko arrakasta izaten zuela. “Gaur egun ez da horrelakorik gertatzen”.
Hala ere, Elkarrek, teknologia berrietara ez eze, erosketa joeretara ere moldatzen ikasi du. “Duela 25 urte norbaitek esan izan baligu jostailuak saldu behar genituela, zorotzat hartuko genukeen”. Baina, ikusi dute dibertsifikazioa beharrezkoa dela. “Zerbait gehiago eskaini behar da. Liburuekin bakarrik ezin da. Era horretan, jendea erakartzen duzu”.
Euskarazko jostailu batzuk betidanik izan dituzte. Matrakarenak, esaterako. Geroago ekarri dituzte beste etxe batzuetakoak ere. Ez edozein etxetakoak, ordea. “Besteak beste, atzean esplotazio eredurik ez dutenak dira”. Gutxiengo batzuk bermatzea dute helburu. Arrakasta ikusita, apustu serioa egin dute. Sartu bezain laster, bistan dira jostailu mordoa. Garaia ere badela aitortu dute dendariek; sumatzen da Gabonak ate-joka ari direla.
Liburu dendaren azken aldaketarekin batera barneratu zituzten jostailuak. Hiru eguneratze izan dituzte. 2010ekoa izan zen nabarmenena. Arnaizek gogora ekarri du orduko hura: “Goian lanak egiten ari zirela liburu denda ez ixtearren, beheko solairuan saltzen genituen liburuak. Bezeroak bideratzeko pasagune antzeko bat egin genuen, plastikoak baliatuta. Performance kutsua eman zion hark liburu dendari”.
Elkarrek, gainera, irudi korporatiboaren aldeko apustua egin du. Hala, apurka kokatuz joan dira. “Gaur egun, edozein Elkar dendatan sartuz gero, badakizu enpresa horren lokal batean zaudela”. 2005ean egin zuten aldaketarekin utzi zioten Urretxindorra izateari, eta Elkar bihurtu ziren. Ajuriak dio askok oraindik izen zaharra erabiltzen dutela.
Liburu denda bera garatu eta egokitu egin den bezala, bezeroen profila ere zabalduz joan da. Ajuriaren arabera, “hasieran, euskaldunak ziren, batez ere. Baina, gaur egun, papá eta mamá esaten dutenak ere baditugu”.
Azokari begira
Durangoko Azokak hankaz gora jarriko du, aurten ere, denda. Aurkeztu berri diren liburu eta diskoek leku handiagoa hartuko dute. “Kaleratu berriak jarri beharko ditugu”, esan du Arnaizek. Nabarmendutako lanen artean izan dute, hain zuzen ere, Joyceren Ulises-en euskarazko bertsioa. Bidaia berri bati ekin beharko dio berriz ere, ordea, lan berriei tokia egiteko.
Jostailuen eremutik gertu hartuko dute lekua. Star Warsen errepublikaren aldeko Lego-ek inperioaren kontrako borrokarako tokia hartua dute lehenengo solairuan. Atetik sartu eta berehala, bestelako produktuak ere badaude: literatura, fikzioa, best seller-ak, haurren txokoa, musika, gaztetxoentzako klasikoak, irakasgaiak indartzeko liburuak eta euskarazko jostailuak aurkituko ditu erosleak han.
Bigarren solairuan, denetarik aurki daiteke: saiakera, literatura, hizkuntzak, oposizioetarako liburuak, psikologia eta pedagogiari buruzkoak, historia, antropologia, artea, arkitektura, klasikoak edota gastronomiari, bidaiei eta eskulanei buruzkoak. Baita autolaguntzari buruzkoak ere —asko saltzen ari dira—. Argitaletxeak ere, dozenaka: Txalaparta, Erein, Susa, Elkar, Igela, Siglo XXI, Larousse…
Arnaizen txokoan gehien saltzen diren euskal idazleen lanen artean hauek daude: Goizalde Landabaso, Karmele Jaio eta Mikel Peruarena Ansa. Su zelaiak lanari Euskadi Literatura saria eman zioten, baina egileak uko egin zion. Polemika horrek irakurle askoren jakin-mina piztu duela uste du liburuzainak. Gainerakoan, asko saltzen dira Jose Mugicaren biografia, Pio Barojaren Los caprichos de la suerte, Nobel saridunak eta Arturo Perez Reverteren lanak ere bai.
Eta hirugarren solairua geratzen da oraindik. Erdi biltegi gisa ere erabiltzen duten horretan, bada liburu bitxi edo zaharrak hartzen dituen txokotxo bat. “Euskarazko bitxiren bat gordetzen dugu hemen”, aitortu du Arnaizek. Besteak beste, Auñamendi entziklopedia osorik dute, behar bezala ordenatuta. Baita Euskal Herriko Unibertsitateko hainbat liburu zahar ere.
Ospakizun festa
Hainbat istorio eta pasadizo gordetzen dituzte hautsik hartzen uzten ez dieten liburuen apalategiek. Inaugurazio ekitaldiko Jose Maria Gorordo alkate ohiarena ekarri du gogora Arnaizek. “Joan Baezek Bilboko zezen plazan grabatu zuen diskoa genuen galdetu zidan”. LPa atera zionean, buelta eman zion eta To the major of Bilbao zioen eskaintza erakutsi zion, harro. Ez zuen diskorik erosi. “Etxean izango zuen, seguruenik”.
Inaugurazio ekitaldian izan zen handitasunik ez da egongo, baina urteurren biribila ospatzeko festa txiki bat prestatu dute hilaren 11rako. 19:30ean liburu dendara joaten direnek mokadutxo bat hartzeko aukera izango dute. Beharginekin mintzatzeko modua ere izango da, baita eztabaidak sortzeko ere.
Arnaizek oso gustukoak ditu bezeroekiko harreman horiek, nahiz eta lanak horretarako beta handirik uzten ez dion. Elkarren hasi zenean, goitik behera jausi zitzaion liburu saltzailearen mitoa. “Haren mito erromantikoa nuen: eserita imajinatu izan dut beti, liburuak irakurtzen, kafea hartzen eta bezeroekin hizketan. Mito hori erori egin zait. Gurea bezalako mugimendua duen liburu denda batean, ez da horrelakorik”. Seinale ona ere ez litzateke izango kontrakoa. Erromantizismo hori etxerako utzi beharko dute. Zorionez, kulturak eta hura kontsumitzeko goseak bizirik diraute. Eta Elkarrek gose hori asetzeko lanean jarraituko du.