Lauaxeta saria, euskara eskolara itzularazi zuten gurasoentzat

Lauaxeta saria, euskara eskolara itzularazi zuten gurasoentzat

Garairik latzenetan euskararen aldeko hautua egin zuten guraso aitzindariak omendu dituzte aurtengo Lauaxeta sariek. 1970ean guraso ausart haiek erein zituzten haziek fruitua eman dutela ekarri zuten gogora joan den asteazkenean Foru Jauregian egindako ekitaldian. Joseba Arrieta Txertudi, Josu Meabe Mintegi eta Sabin Zubiri eta Josune Zearra senar-emazte zenduak egin zituzten guraso haien guztien ordezkari. Unai Rementeria ahaldun nagusiaren eskutik jaso zuten aurtengo Ohorezko Lauaxeta saria. Zubiri eta Zearraren izenean haien seme Bingen Zubirik jaso zuen.

Txalo zaparrada artean hartu zituzten Foru Jauregiko aretoa gainezka bete zuten ikusle guztiek. Ez da izan nolanahikoa haiek egin duten beharra. Dantza eta abesbatza taldeak sortzen ari ziren garaian, euretako asko heldutasunera iritsiak ziren. Ordurako seme-alabak ere bazituzten, eta, etxean eta kultur jardueretan ez eze, harago ere euskara landu eta errotu behar zutela sinetsita zeuden. Haiei euskara zelan eman ziezaieketen hausnartzeari ekin zioten.

Hizkuntzak eskoletara itzuli behar zuela pentsatuta, ikastolak sortzeko hastapen lanak egin zituzten. Ez zen lan erraza izan. “Eta ikastoletan zer ikasiko dute?”, galdetzen zieten gurasoetako batzuek. “Euskara, bada”, erantzun haiek. Guraso batzuk beldur ziren, seme-alabek beharrezko prestakuntza eskuratzeko modua izango zuten ez zekitelako. Hala ere, batzuek, ordura arte ibilitako ikastetxeetatik atera eta ikastola hasi berrietara eraman zituzten haurrak. Hala, ikastolen proiektua abiatu zuten.

Lan gogorra egin behar izan zuten. Zubirik gogora ekarri duenez, “gure ama Begoñazpi ikastolako alma mater-ra izan zen. Denean aritzen zen. Eta administrazio osoa gure etxean eramaten zen”.

Euskara eta euskal kultura sustatu, zabaldu eta normaltzeko ahalegin berezia egin duten pertsonak, kolektiboak eta erakundeak aintzatesten dituzte Lauaxeta sariek. 2012az geroztik, Ohorezko Lauaxeta sariaz gain poesiako eta ikusentzunezko lanak ere saritzen dituzte.

Aurten, Jon Gerediaga Goitiak jaso du 35 urtetik gorakoentzako poesiaren alorrekoa. Argia, lurra, zuhaitza eta zerua lanagatik egin diote aitortza.

35 urtez beherakoei zuzendutakoa Beatriz Chivite Ezkietari eman diote, Metro poema liburuagatik. Epaimahaiaren esanetan, “poema helduak dira. Hizkera argi eta sotilaren bidez argazkien gisako poesiak eman dizkio irakurleari”. Amak hartu zuen saria alabaren izenean.

Ikusentzunezkoen saria, azkenik, Joseba Gorordo zuzendariak jaso du, Sabino Aranaren begiak izaneko dokumentalagatik. Arana bizi zen garaiko testuingurua ezagutzeko grinak eraman zuen Gorordo lan hori egitera. Izan ere, haren ustez, “Sabino Arana beti izan da epaitua gaurko pentsamoldearekin. Gaizki ulertua izan da”. Euskara ikasi zuen euskaldun berri bat izan zela ekarri du gogora; “baita euskara modernoaren sustatzailea ere”.

Euskararen nazioarteko egunaren atarian egin zuten ekitaldian presente izan zen une oro euskararen erabilera sustatzeko beharrizana. Mendigoxaliarena Lauaxetaren kanta Eñaut Elorrietaren ahotsean entzun zitekeen ekitaldi osoan, behin eta berriz askatasunaren aldeko aldarria errepikatuz: “Dana emon bihar jako matte dan askatasunari”.