Hogei urte bete ditu Euskal Denda eskulangile azokak

Durangoko Azokaren osagarria da Euskal Denda eskulangintza azoka. Asko dira Landakon liburu eta diskoen artean ibili ondoren Merkatu plazako artisauen lanak ikustera joaten diren herritarrak. Aurten 20. urteurrena dute, eta, orain arte egindako bidea goratzeko, Ezina ekinez egina da Arbaso eskulangileen elkarteak urte honetarako aukeratu duen goiburua. 51 artisau elkartuko dira Merkatu plazan, eta horietako hamaseik lehen aldiz jarriko dute postua. Sektoreak etorkizuna duela erakusten du datu horrek, eskulangileen elkarteko kideen arabera.

Artisautza tradizionala eta garaikidea bultzatu eta merkaturatzea da Euskal Dendaren helburu nagusia. Euskal Herri osoko eskulangintza ezagutarazi nahi dute horretarako. Besteak beste, jostailuak, bitxiak, kosmetika produktuak eta larruzko piezak egiten dituzten artisauak elkartuko dituzte aurten. Artisautza bizimodu gisa uler daiteke, Arbasoko kideen arabera, eta Euskal Herriaren “balio kulturalak” bultzatzeko eta garapen ekonomikoa sustatzeko modua ere bada lanbidea. Argi du Arbasok: “Galduz doazen ogibideek irauteko bidea da artisautza”. Urteurrena dela eta, erakusketa bat prestatu dute Merkatu plazan, orain arteko azoken kartelekin. Eta ekintza ludikoak ere egingo dituzte, “artisauaren eta bisitarien arteko interakzioa dinamizatzeko, eta, azken batean, bisitaria artisautzaren munduan sarrarazteko”. Gaur ireki dute, eta asteartea bitarte izango da zabalik: 11:00etatik 14:30era goizez, eta 16:30etik 21:00etara arratsaldez.