Ezagutarazi eta ezagutzeko plaza

Hasi da. Gaur ireki dute Durangoko Azoka, eta asteazkenera bitarte milaka izango dira Landako azoka gunea bisitatuko duten herritarrak. Bost egunez, kulturaren epizentroa izango da Durango. Zazpiehun metroko espazioan eta 5 minutuko distantzian 250 kultur ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte datozen egunetarako. Ikasleen eguna dute azokan gaur, eta eskola bihurtuko dira Landakoko korridoreak goiz osoan.

Berezia izango da aurtengo azoka. Mende erdia da Gerediaga elkarteak Durangoko lehen Liburu eta Disko Azoka egin zuenetik, eta tamainako egitarauarekin ospatuko dute urteurrena. Kontzertuak, solasaldiak, proiekzioak, haurrentzako ekitaldiak, tailerrak, ikuskizunak… Badu non eta zer aukeratu egunotan Durangora doanak. Zortzi gunetan bilduko dira ekitaldi horiek guztiak: Ahotsenean, Szenatokian, Plateruenan, Irudienean, Saguganbaran, Kabi@n, Azoka TBn eta Areto Nagusian.

Orain arteko 50 urteak gogora ekartzeaz gain, aurrera begira ere jarriko da Gerediaga datozen egunetan. Jakin aldizkariarekin elkarlanean, euskal kulturari buruzko eta etorkizuneko ildoei buruz gogoeta egingo dute Gogoetaren Plazan Biharkoak gaur goiburupean egingo diren solasaldietan. Bihartik aurrera, bi saio egingo dituzte egunero. Buruz burukoak goizean, eta mahai inguruak arratsaldez.

Harremana sortzaileekin

Ahotsenean bilduko da aurten ekitaldi gehien, 70 kontzertu eta 50 solasaldi antolatu baitituzte Durangoko 50. Azokarako, eta sortzaileek beren lanen berri emango diete han biltzen diren herritarrei. Baina Ahotsenea ez da izango sortzaile eta hartzaileen elkargune bakarra, standen atzean ere beren lan berriak aurkezten izango baitira haietako asko. Eta ez dira gutxi aurten azokan izango diren nobedadeak. Orotara, 350 nobedade daude Landakoko 249 erakusmahaietan, eta horietan izango dira Euskal Herriko hainbat idazle eta musikari azken urteko uztaren berri ematen, eta autografo eta argazki saioak ere izango dituzte batek baino gehiagok.

Beren lana sustatu eta saltzeko gunea da azoka sortzaileentzat. Baina, oro har, beren lana ezagutarazteko eta Euskal Herriko beste sortzaileekin harremanetan jartzeko aukera da Durango, sortzaileen arabera. Azokan izango diren sortzaile bizkaitar horietako batzuekin hitz egin du HITZAk.

MARIA RIVERO

Musikaria

“Azoka euskal ekoizpen batzuen erakusleihoa da, baina ez denena”

Hutsa musika taldeko abeslaria da Rivero (Balmaseda, 1979). Amnesia diskoa kaleratu berri dute, eta Durangon izango da egunotan.

Disko berriarekin zoazte Durangora. Zer da zuentzat Durangon egotea?

Hutsa taldearen bigarren diskoa da Amnesia. Beti ez ditugu gure lanak Durangon aurkeztu, baina, oraingo honetan, entzuteko eta erosteko aukera izango da han. Nire ustez, Durango euskal ekoizpen batzuen erakusleihoa da, bertan ez baitira aurkitzen Euskal Herrian kaleratzen diren lan denak. Sortzaile asko falta dira azokan, nire ustez, beren burua ez dutelako zurrunbilo horretan kokatzen, edo ahalmen ekonomikorik ez dutelako. Autoekoizpen gunea dago azokan, baina horrek ez du arazoa guztiz konpontzen.

Azokan parte hartzea diru ahalmenaren arabera egiten denean, uko egin behar izaten diote askok. Edonola ere, guretzat, sustapenerako leku egokia da, gure diskoa han izango delako eta zuzenekoa ere egingo dugulako. Hortaz, nire lanari dagokionez, azokak onurak ekarriko dizkigu, eta ez kalterik.Taupaka egitasmoaren kideak gara gu, eta autogestioan oinarritutako sortzaileak biltzen gara bertan. Alternatibak eratzeko sortu gara, eta aurten azokatik bertatik egingo dugu ekarpena. Bestelako sortzaileekin eztabaidatzera, hitz egitera eta aurrera begira indarrak biltzera ere bagoaz Durangora.

Emanaldia ere egingo duzue Ahotsenean.

Ahotsenea oso garrantzitsua da niretzat. Saltzeko gune bat baino gehiago izan behar du azokak, eta aukera ederra ematen du Ahotseneak horretan. Herritar asko joaten da hara, eta talde berriak ezagutzeko prest, gainera. Talde berriak ezagutzeko ikusmin hori urte osoan izatea gustatuko litzaiguke.

Zein da Durangora joateko arrazoi nagusia?

Ez goaz diskoak saltzera soilik. Saltzen baldin badira, ederto, baina gure helburua inoiz ez da hori izan inondik inora. Are gehiago, gure lana webgunean deskargatzeko aukera dago. Gure lana ezagutaraztera goaz Durangora. Taupakaren gisako proiektuek gauzak egiteko beste era bat dagoela erakusten dute, denak ez duela egon behar kultura monopolizatu nahi duten bi enpresen esku. Uste dut gakoa sortzaileon indar metaketan oinarritzen dela, eta, noski, baita kultura eskubide bat bihurtzean ere.

JOSU BERGARA

Musikaria

“Gure lana plazaratzeko aukera eskaintzen digu Ahotseneak sortzaileoi”

Zuzeneko diskoa kaleratu berri du Bergarak (Ea, 1979). Eta diskoa azokara eramateaz gain, kontzertu bat emango du asteartean Ahotsenean.

Emanaldia duzu Ahotsenean. Zer eskainiko duzu?

Kanta txikien indarra nire laugarren diskoa aurkeztuko dugu. Kontzertua hirukote formatuan egingo dugu: biolina, teklatua eta gitarra elektro-akustikoa, Ariadna Villate eta Mikel Nuñez musikarien laguntzaz. Azkeneko disko hau, zuzenean grabatu dugun arren, mimoz eta patxadaz landu dugu, eta jendearen harrera oso ona izan da.

Garrantzitsua al da musikarientzat Durangon emanaldia egiteko gunea egotea?

Bai, noski. Ahotseneak gure lana plazaratzeko aukera eskaintzen digu sortzaileoi. Jendeak beste modu batean sentituko du musika emanaldia: bizi eta zuzenean.

Salmenta al da Durangora joateko arrazoi nagusia?

Niretzat, ez. Durangoko Azokan egoteko arrazoi nagusia egindako lana aurkeztea da, baita beste musikari eta eragile batzuekin egotea ere: musikari, argazkilari, antzerkilari, kazetari… Urtean zehar gutxi ikusten ditudan lagunak ere han topatzen ditut.

MIREN AMURIZA

Idazlea eta bertsolaria

“Ehunka liburuen artean nire aletxoa dagoela jakiteak du garrantzia”

Haurrentzako ipuin bat idatzi du Amurizak (Berriz, 1990). Baina emanaldi berezi bat ere eskainiko du Durangon. Mozambikeko errealitatea aurkeztuko du Ahotsenean, bertso, irudi eta testu bidez.

Patata! Patata! ipuina aurkeztu berri duzu. Garrantzitsua al da zuretzat Durangon egotea?

Patata!Patata! Katxiporretaren Plaza Ipuinak sailean argitaratu da, baita Jon Maiak idatzitako Txo, mikmak txikia ipuina ere. Bildumaren barrukoak izanik, idazleon izenek ez dute hainbesterako pisurik. Edonola ere, niretzat bada garrantzitsua ipuina Durangon egotea, oihartzunagatik baino gehiago, azokako ehunka liburuen artean nire aletxoa dagoela jakiteagatik.

Kapulana bat zintzilik emanaldia ere baduzu Ahotsenean.

Bertsozale Elkartearen eta Mundukide fundazioaren arteko elkarlanetik sortu zen emanaldia. Mozambiken izan nintzen udaran Mundukideren proiektu batean, eta ordubeteko emanaldia osatu nuen itzultzean, bertso jarriak eta bestelako testuak uztartuz. Testuokin batera, Eider Eibar ilustratzaileak eginiko irudi muntatze bat proiektatzen dugu, eta ikus-entzuleei gogoetarako tartea eskaini: kooperazioaz, Afrikaz dugun ikuspegiaz, hizkuntzaz, emakumeen ahotsaz eta haurtzaroaz, besteak beste. Ahotsenean emanaldiaren zatitxo bat emango dut Eiderren irudiekin lagunduta, bertso sorta bat eta testu labur bat.

Zein da Durangon egoteko arrazoi nagusia?

Liburua bilduma baten barruan argitaratu da, eta pentsatzen dut argitaletxekoek kontuan izango dutela azoka. Emanaldiarekin, ostera, urrian hasi ginen, eta aukera polita iritzi genion Ahotsenean eskaintzeari. Esango nuke herri batean ala azokan egin, entzuleetan egongo dela diferentzia, toki ezberdinetako jendea joango baita Durangora. Laburra izango denez, emanaldia egitea baino gehiago izango da datozenei amua egoki botatzea, osorik ikusteko gogoz gera daitezen.

GOTZON BARANDIARAN

Idazlea

“Azokan sorkuntzak zentralitatea izatea lortu du Ahotseneak”

Gidariaren okerra nobela kaleratu berri du Barandiaranek (Larrabetzu, 1974). Idazlearen laugarren lana da oraingoa, eta, idazlearen arabera, Durangoko Azokak garrantzia du sortzaileen lanak ezagutarazteko.

Laugarren lana daramazu aurten Durangora. Zer da zuretzat azokan egotea?

Egungo baldintzetan, liburu bat idaztea, argitaratzea eta, gainera, dirurik ez galtzea sano da gaitza. Idazleok urtebetetik gora eman genezake idazten, lanek libre utzitako ordu nekatuetan, etxekoekin egoteko denborari kukuka lapurtuta. Eta horrek ez dizu bermatzen inork argitaratuko dizunik. Eta, argitaratuz gero ere, ez dakizu inork irakurriko duen ere. Horregatik, azoka ezinbestekoa dugu gure sorkuntzak ahalik eta lagun gehienen belarri eta begietara helarazteko. Sekulako bultzada da argitaletxe txikiontzat, gure lanak bitartekarien esku utzi barik irakurlearen esku uzteko.

Zein da Durangon egoteko arrazoi nagusia?

Ez nuke arrazoi nagusi eta menpekorik ezberdinduko. Azokan kulturaren ekosistema osoa dago presente. Hasi sortzaileongandik eta zaleenganaino, antolatzaileak, kultur kazetariak, hezitzaileak, denak elkartzen gara azokan. Gure kultura bere osotasunean sentitzeko joan behar dugu azokara, gure kultura menostu, baztertu eta zapalduari bere alde zer egiteko prest gauden erakusteko. Azokak miraria lortzen du: lau-bost egunez kultura izatea euskal herritarren gehiengoaren erreferentzia. Hain zuzen, mirari hori urte osora hedatuta ohiko bihurtzea da gure erronka nagusia etorkizunean.

Ahotseneko kide ere izan zara urte luzez. Zer pisu dute sortzaileek azokan?

Ahotseneko kidea naiz eta izango naiz zutunik dirauen artean. Nire uste harroan, sortzaile, antolatzaile eta zaleoi esker, azokan zentralitatea sorkuntzak izatea lortu du Ahotseneak. Eta, Ahotseneak ez ezik, Irudieneak, Szenatokiak eta osterantzeko guneek ere produktu komertziala ekosistemaren parte bat dela ulertaraztea ekarri dute, eta horri sekulako garrantzia eman beharko geniokeela uste dut. Gure kulturak iraungo badu, kultura espainol, frantses eta ingelesdunak desagerraraziko ez badute, eskema integral hori barneratu behar dugula iruditzen zait: denok dugula denon beharra.

ADUR LARREA

Komikigilea

“Komikigintza suspertu nahi bada, oinarriak jarri behar zaizkio”

Gabriel Arestiren bizitza kontatzen duen komiki biografikoa sortu du Larreak (Bilbo, 1982), eta Durangon izango da egunotan.

Arestiren beste alde bat erakutsi duzu zure lanean. Ezezaguna al da oraindik?

Uste dut haren obra era zabal eta askotarikoan aztertua izan dela, baina haren bizitzari dagokion zatia akaso pixka bat ostenduago dagoela. Ni neu, Arestiren alderdi gertukoagoko bat erakusten saiatu naiz. Haren obra literarioari baino gehiago, pertsonari jarri diot arreta. Hori horrela izanik ere, askotan fikzioa erabiliz eta interpretazio erabat subjektiboekin eraiki dut narrazioa bera.

Euskal komikigintzan ez da lan askorik kaleratzen urtean zehar. Garrantzi berezia du Durangon lan horiek egoteak?

Bai, nola ez. Baina ez hori bakarrik. Komiki uzta suspertu nahi badugu, oinarri sendoak jarri behar zaizkio komikigintzari; hezurdura egonkor bat saretu behar da, ez dadin izan hor-hemenka dagoen fenomeno bat.

Zein da Durangon egoteko arrazoi nagusia?

Liburu bat erakusgarri edo salgai izateko plaza bikaina da, baina, era berean, ikusle gisa ere oso interesgarria da. Hain eskuragarriak ez ditugun gauzak eskuratzeko edo era orokor batean zer egiten den ikusteko aukera ematen du azokak.