Kulturaren plaza bihurtu den azoka

ARGAZKIAK: GEREDIAGAKO DOKUMENTATEGIA, PABLO GARITAONANDIA, MIGUEL ANJEL ASTIZ, FOTO SOL, JOSE MARI URIARTE ETA TXELU ANGOITIA.

 

 

TESTUA: Ainhoa Larrabe Arnaiz

 

Lagunarteko afari batean sortu zen Gerediaga elkartea, 1965ean. Eta urte berean egin zuten Durangoko Lehen Liburu eta Disko Azoka. Eskualdeko kultur ondarea berreskuratzea helburu zuen azoka hura Euskal Herriko kulturaren plaza bihurtu da 50 urtean. Ibilbide horren pasadizo batzuk bildu ditu Bizkaiko HITZA-k.

1. LEHEN SORPRESA (1965)

Frankismo betea, zentsura, ikastolen mugimenduen hasiera, langile borroka… Testuinguru horretan sortu zen Gerediaga elkartea, 1965eko ekainean, eskualdeko ondare historiko eta kulturala berreskuratzeko helburuarekin. Handik gutxira antolatu zuten lehen Liburu eta Disko Azoka, urriaren 30etik azaroaren 1era bitarte. Euskaraz idatzitako lanak eta euskal gaiak zituztenak zabaltzeko hamazortzi stand jarri zituzten Andra Mari elizako aterpean.

2. ELIZPEKO PLAZA (1966)

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa jaso zuen azokaren bigarren aldiak, eta Ez dok amairu mugimendu sortu berriak emanaldia egin zuen. Eztabaida sortu zuen horrek Gerediagan, kultur egitaraua indartzeak liburu eta diskoak bigarren planoan geratzeko arriskua ekar zezakeelako. Baina ez zen hori hirugarren azoka antolatzeko oztopo izan, toki falta baizik. Eliza ataria berreraikitzeko lanak zirela eta, 1967an ez zen azokarik egin. Sendotuta zegoen hala ere Durangoko zita, urtebeteko geldialdiak ez baitzuen 1968koan eragin.

3. EUSKARA HUTSEAN (1971)

Zentsura saihesteko, euskara eta gaztelaniazko kartelen bidez iragartzen zen azoka 1971 arte. Urte horretan egin zen euskara hutsezko lehena. Garrantzi berezia hartu dute azoka iragartzeko kartelek. Durangoko artistek egiten zituzten lehenik, eta lehiaketa bidez aukeratzen ziren geroago. Azken urteetan Euskal Herriko artistek egin dituzte. Jose Luis Zumetak egin du aurtengoa.

4. MERKATU PLAZARA (1974)

Azokaren arrakasta ez zen denen gustukoa, eta zatiketa eragin zuen Francoren aldeko agintarien artean ere. Bizkaiko gobernadore zibila azoka debekatzen saiatu zen, baina turismoko lehendakariak babesa eman zion. Horra erregimenaren irekitasunaren aldekoen eta zurruntasunaren aldekoen talkaren adibidea. Erlijioa aitzakia hartuta, Andra Mari Elizpean egitea galarazi zieten antolatzaileei 1974an. Hori horrela, Merkatu plazan egin zuten azoka. Eta 1996ra bitarte aterpea eman zion gune horrek azokari, harik eta aretoa txiki geratu zen arte.

7. GAZTEAK (1975)

Kasetearen iraultza, ehun nobedade, eta Merkatu plaza, gero eta beteago. Liburu eta disko azoka gorantz, eta gizartean, txapelokerrak. Giro politiko nahasian egin zen 1975ekoa. Azoka baino 35 egun lehenago fusilatu zituzten Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi ETAko kideak. Eta hilzorian zegoen Franco. Testuinguru nahasi horretan “normaltasun” irudia emateko, azoka bisitatu zuen Ignacio Garcia Bizkaiko gobernadore zibilak. Gogoan dute ordukoa standetan egon zirenek ere, ez baitzituen hartutako liburuak ordaindu.

6. ALDAKETAK (1980)

Franco, hilda. Hauteskundeak eta aldaketak erakundeetan. Eta Gerediaga elkartea krisi betean, sorrerako kide asko bestelako eremuetan murgilduta baitzeuden. Eraldaketa abiatu zuten horregatik, eta Jon Irazabal liberatu zuen elkarteak azokaren koordinazioa egiteko. Argitaletxe eta diskografiak ugarituz joan ziren 80ko hamarkadan. Elkar eta Hordagoren sorrera dira horren adibide. Ordura arte debekatutako gaien inguruan idazten hasi ziren asko. Egutegian ere aldaketak izan zituen azokak. Azaroaren 1eko jaieguna kendu zuen Adolfo Suarezen garaiko Espainiako Gobernuko presidenteak, eta abenduaren 8ko jaiegunera pasatu zuten azoka horregatik.

7. GAZTEAK BILDU (1982)

Haur eta gazteak azokan biltzea izan zen Gerediagaren kezketako bat. Eta, hori bermatzeko, ikasle eta irakasleen eguna antolatu zuten 1982an estreinakoz, transmisio kulturala bermatzeko. Ordutik, Euskal Herriko ikastetxeen eguna gordetzen du urtero Durangoko Azokak.

8. ATERPEA TXIKI (1985)

Musika euskarri berrien iraultza, CDak, teknologia berrien garapena… Txiki geratzen hasi zen Merkatu plaza gero eta gauza gehiago biltzen zituen azokarentzat, eta Andra Mariko elizpera eraman zuen musikarien txokoa 1985ean. Elkartzeko gunea bihurtu zen Durango abenduko azoka egunetan. Euskal Editoreen Elkartea eta Durangoko Euskal Idazleen Elkartea aurkeztu ziren urte horietan, besteak beste.

9. OSPAKIZUN URTEA (1992)

Berezia izan zen 1992. urtea, azoka egunetan kaleratu baitzen euskara hutsezko Euskaldunon Egunaria-ren lehen zenbakia, abenduaren 6an. Azokaren mende laurdenaren ospakizun gisa sortu zen Egunkaria, eta haren sorreraren 25. urteurrena da aurtengoa. Dokumental bat eskainiko dute azokan, horregatik. Baina Egunkaria-ren sorrera ez zen 1992ko berrikuntza bakarra izan. Urte berean, emakume batek egin zuen azokako inaugurazioaren hitzartzea, estreinakoz. Enrriet Airrek, zehazki.

10. ARGIZAIOLA SARIA (1992)

Garai ilunetan argia ekarri zuten horiek omentzeko Argizaiola saria eman zioten Jon Bilbao ikerlari eta idazleari estreinakoz 1992an. Ordutik, urtero banatu du saria Durangoko Azokak. Azokaren sortzaileek jasoko dute aurten.

11. KARPA (1996)

Espazio arazoak izan zituen azokak bere ibilbidean zehar. Gero eta jende gehiago biltzen zen, eta horrekin batera hazten zen eskaintza ere. Bai kulturala, eta baita euskarriena ere. Teknologia berriak tokia hartzen hasi ziren liburu eta diskoen plazan. Eta 1996an 3.000 metro koadroko karpan egin zen ekitaldia, Durangoko probaleku zaharrean. Karpa horrek eman zion aterpe 1997tik 2003ra bitarte.

12. LANDAKO (2003)

Azoka gunea eraikitzeko egitasmoa abian jarri zuen Durangoko Udalak 2000. urtean, eta 2003an inauguratu zen 3.750 metro karratuko Landako erakustazoka. Bestelako aukerak ematen zituen eraikinak, eta egitaraua zabaltzeko bidea ere eman du. 2006an munduko hizkuntza gutxituen esperientziak ezagutzeko herrialdeak gonbidatzen hasi zen azoka urtero. Finlandiarrak, katalanak, kurduak eta okzitaniarrak izan dira, askoren artean, Durangon. Aurten ez da herrialde gonbidaturik egongo, ordea. Barrura begira jarri dira antolatzaileak 50. urteurrenean, eta Euskal Herria bera bihurtuko dute gonbidatu.

13. AHOTSENEA (2008)

Liburuak eta diskoak zeuden lekuan liburuak eta diskoak sortzen dituztenei ere leku bat eskaintzea pentsatu zen 2008an. Sortzaile eta hartzaileen arteko harremana indartzeko, Ahotsenea gunea jarri zen estreinakoz. Izan zuen arrakastak errotu egin du gunea. Aurten, 120 emanaldi bilduko ditu Ahotseneak.

14-15. GUNE BERRIAK (2011)

Gutxira sortu ziren bestelako eremuetako sortzaile eta hartzaileen arteko harremana estutzeko guneak: zinema oinarri duen Irudienea; antzerkirako, Szenato-kia; Kabi@, teknologia berrien saretzerako; eta haurrentzako Saguganbara, besteak beste. Gune berri horien eraketarekin, Durangoko Liburu eta Disko Azoka zena Durangoko Azoka bihurtu da, euskal kulturaren plaza, alegia.

16. GOGOETEI TOKI (2014)

Euskal kulturaren eztabaida askoren testigua izan da Durangoko Azoka urte luzez. Solasaldi horiek guztiak korridoreetatik gune ofizial batera eramatea izan da azokaren azken lana. Iaz estreinakoz egin zen Gogoetaren plaza deiturikoa. Jakin aldizkariarekin elkarlanean antolatu dute aurtengoan gogoeta gunea.