Jalgi hadi plazara

Jalgi hadi plazara

Natalia Salazar Orbe

Leloak dioen bezala, euskarak 365 egun izan beharko lituzke. Hala ere, egun oraindik beharrezkoa da hari bultzada emateko egun bat ospatzea, normalizazioa lortzeko bidean: abenduaren 3a. Aurretik, motorrak berotzen hasiak dira hainbat herri eta elkarte. Denetariko jarduerak prestatu dituzte batean eta bestean.

BASAURI

‘Basaurin be bagara’. Basaurin herri ekinaldi erraldoia prestatu dute domekarako: Basaurin Be Bagara. 12 orduz, euskara eta harekin lotutako jarduerak bihurtuko dira protagonista. 2012an abiatu zuten proiektu hori, eta egitarau zabala prestatu dute hizkuntzari dagokion lekua bermatzeko xedea duen jaialdian.

08:00etan, kalejira batek emango die hasiera ospakizunei. Kirolak presentzia handia izango du 12 orduko jardueren barruan. Lekukoen erronka, karate saioa, herri kirolak eta eskalatzeko korapilo tailerra izango dira, besteak beste.

Dantza eta kantuentzako lekua ere egin dute: zumba saio, Arratiko jota, gospel emanaldi bat eta abesbatza batez gozatzeko aukera izango da bazkaldu aurretik. Herri bazkariaren ostean, bazkalosteko kantak, edalontzien dantza eta perkusioa aulkietan saioak prestatu dituzte. 20:00etan egingo dute azken ekitaldia.

Egunotan auzolanean eratutako sorkuntza proiektu batek ere aurkeztuko dute. Euskara Herria Josten dinamikaren barruan, 2013an Nafarroan abiatutako proiektu bati heldu diote horretarako. Euskararen herriaren metafora bat irudikatzeko, irudi amorfo bat eratu dute. Herritarrek etxean zituzten oihal, arropa zahar, botoi eta bestelakoak josita eratu duten irudia aurkeztuko dute.

ARRIGORRIAGA

Ibilbide toponimikoak. Arrigorriagan, aste osoan haur eta lehen hezkuntzako ikasleentzako hainbat saio izan dituzte.

Jardueroi bukaera borobila emate aldera, herri osoarentzako ekitaldiak izango dira gaur, bihar eta etzi. Nabarmenenetako bat Ibilbide Toponimikoaren aurkezpena da. Gaur egingo dute, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 19:00etatik aurrera.

Biharko, dantza erakustaldia antolatu dute, plazan. 17:30ean hasiko da. Etzi emango diete bukaera ospakizunei. Puzgarriak eta erraldoiak ibiliko dira udaletxeko plazan, 11:00etatik aurrera. Euria ari badu, dantzak pilotalekuan egingo dituzte, eta puzgarriak, kiroldegiko jokaleku urdinean.

SANTURTZI

Ibilbide arkeologikoak. Ezkerraldea euskararen iraupena zailago duen eremuetako baten adibide da. Zaila izan arren, eginahal handia egiten ari dira bertako euskara elkarteak hizkuntza sustatzeko. Santurtzin bihar emango diote hasiera euskararen asteari; abenduaren 3an bukatuko dute. Hiru urte daramatzate hainbat eragilerekin elkarlanean. Euskaraz bizi nahi dutenak gero eta gehiago direla erakutsi gura dute jarduera horien bitartez. Hala azaldu dute Ezkerraldeko Berbalagunetik.

Bihar Gernika parkea izango da jarduera guztien agertokia. 11:00etan umeentzako tailerrak izango dira. Ordubete geroago, herri kirolak eta harri-zulatzaileak ariko dira. Iluntzean, festa giroa nagusituko da Makabi eta EH 2000 taldeen kontzertuekin.

Astelehenean, helduentzako beldurrezko ipuinak kontatuko dituzte. Bego Alabazanen emanaldia iritsiko da Kresala aretora, 20:00etan.

Martitzenean, hainbat etxetako errealitatea zelan bideratu erakusteko pilula batzuk emango ditu Paula Kasaresek: Euskera, entra un idioma en casa hitzaldia emango du, guraso ez-euskaldunentzako. Txarriboda filmak emango die bukaera eguneko ekitaldiei. Skan emango dute, 20:30ean. Hurrengo egunean, Amama ikusteko aukera izango da, areto berean, ordu berean.

Euskararen Nazioarteko Egunerako, goiz eta arratsaldeko jarduerak antolatu dituzte. Umeen bertsoak eta Berbodromoa izango dira ikastetxeetan, suziria jaurti aurretik. Loreak filmaren bi emanaldi eskainiko ditu Skak. 19:00etan, bestalde, kirola eta euskara uztartzen dituen ariketa saioa egiteko aukera izango da Mikel Trueba kiroldegian: Spinning eskola.

BILBO ZAHARRA

Hamabi orduz euskaraz. Bilbo Zaharrean euskararen erabilera bultzatzeko jaialdia bihar egingo dute. Goizean hasi eta gauera bitartean, etenik gabeko egitaraua prestatu dute. Herri kirolekin zabalduko dute jaialdia. 11:30ean dute ordua, Miribilla eskolan. Auzoko tabernetan barrena ibiliko dira ostean, kantuan. 13:00etan, familia arteko tailerrak eta azoka txikia eta erakusketak hasiko dituzte. Martzana kaia eta plaza izango dira horien agertoki. Iturburu plazan grafiti tailerra eta auzolana antolatu dituzte.

Indarrak berritzeko, herri bazkaria prestatu dute, bertsoz lagundurik. Arratsalderako, umeentzako ikuskizun bat prestatu dute kultur etxean. Txokolate jana, dantzaldia eta erreki sorta izango dira, berbenak eta azken ekitaldien ospakizunak bukatutzat eman aurretik.

GALDAMES

Lehiaketa. Euskara eskoletatik kanpo erabiltzea sustatzeko helburuarekin, abenduaren 5ean ospatuko dute Galdamesen Euskararen Nazioarteko Eguna. Euskal Furorea lehiaketa egingo dute, 17:00etan, kultura aretoan. Bost talde eratuko dituzte, eta hainbat probatan hartu beharko dute parte.

Abenduaren 7an, bestalde, Durangoko Liburu eta Disko Azokarako txangoa prestatu dute. Jarduera batean zein bestean parte hartu gura duenak izena eman behar du 944-24 58 42 zenbakira deituta edo info@aisilan.org helbidera idatzita.

PLENTZIA

Kontzertua. Euskararen Egunean bertan egingo dituzte ospakizunak Plentzian. Kontzertu akustikoa antolatu dute Hesian taldeko bi kiderekin. 19:00etatik aurrera izango da, PIE aretoan.

GORLIZ

Musika eta dantza. Gorlizen bihar eta etzi dute euskararen aldeko jaia. Bihar, Txipli-Txapla ikuskizuna taularatuko du Tomax pailazoak. Triki-kantu-dantza-poteoarekin abiatuko dute domeka. 15:00etan bazkaria egingo dute Eliz enparantzan. Lehenago, euskal kultura bultzatu duen talde bat omenduko dute.

Egunari buruz

Eusko Ikaskuntzak ezarri zuen Euskararen Eguna 1949. urtean. 1995era arte ez zen instituzionalizatu. Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginda eman zen pauso hori. Baina zergatik aukeratu zen abenduaren 3a? Frantzisko Xabierkoarekin lotuta dago data. 1552ko abenduaren 3an hil zen, eta, kondairak dioenez, hil aurretik esan zituen azken berbak euskaraz egin zituen.

Benito Lertxundik 2006ko Euskararen Nazioarteko Egunerako abesti bat konposatu zuen: Hizkuntzak jakinarazten dio belaunaldi bakoitzari oinarrizko kultura guztia. Bere hizkuntzarekin hautsi duen herriak tradizioa du errausten eta arima epeltzen“. Hala zioen abestiaren pasarteetako batek. Haren gomendioei kasu eginez, hizkuntza zabaltzeari ekin behar zaio. Betiere, ahaztu gabe, hizkuntza bat ez dela galtzen ez dakitenek egiten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik.