Aitziber Laskibar Lizarribar
Euskal Herriko atunontzirik zaharrena da Antxustegi. Zurezkoa, eta kultur balio handikoa. Baina utzia dago, eta zaharkitzen ari da; hondatzen. Neurriak har daitezela eskatu dute itsasontzia dohaintzan emandakoan antxustegitarrek. Oso txarto dagoen arren oraindik salba daitekeela uste dute, eta erabat hiltzen ez uzteko eskatu dute. “Guztien kultur ondarea” dena babesteko.
Ez da lehen aldia Sos Antxustegi plataformak eskaera hori egin duena. Baina gero eta haserreago egiten du aldarria. Minduta dago familia, eta engainatuta sentitzen da. Dohaintzan eman zuen itsasontziari ez zaiola mantentze lanik egiten ikusten ari dira; “utzikeriagatik” hondatzen ari dela, eta, bide horretan, ez dela atzera bueltarik izango. “Guztion ondare dela pentsatuta eman genuen itsasontzia, zerbait ona egiten ari ginela sinetsita”, dio Xabier Laka Antxustegik, plataformaren izenean: “Ahaleginak egingo balituzte eta ezin dela konpondu ikusiko bagenu, gu geu izango ginateke gaia itxiko genukeen lehenak. Intentzioa ikusiko bagenu, ados egongo ginateke”.
Borondate eza
Ez dute borondaterik ikusi, ordea, eta horrek amorrarazi ditu gehien. Beren borrokan aurrera egitea erabaki dute, hargatik; beste urrats bat egitea: instituzioak auzibidean jartzeko asmoa iragarri dute. Antxustegi berreskuratzeko neurririk ez bada berehala hartzen, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala salatuko dituzte epaitegietan.
Antxustegi familiak 1997an eman zion atunontzia Bilboko Itsasadarra Itsas Museoari, “egoera perfektuan”. Egun, ordea, oso hondatuta dago museoaren kanpoaldean. Antxustegitarrek argi dute nor den erantzule zuzena: itsasontzia bere gain hartu zuen Itsas Museoa. Museoek, legez, beren funtsak babestu, zaindu eta gordetzeko betebeharra dute. Hala agintzen du Euskal Kultur Ondarearen Legeak.
Museoen Legea, urratuta
EAEko Museoei buruzko 7/2006 Legeak zehazten duenez, zigortu egin behar dira beren ondareak behar bezala zaintzen ez dituzten museoak; dela isun bidez, dela hondatzen utzi dituen ondareak kenduta. Jaurlaritzaren betebeharra da zigor horiek ezartzea, kultur ondareak babesten direla ziurtatzeko. Baina, plataforma itsasontziaren egoera 2013tik salatzen ari den arren, Jaurlaritzak ez du inolako neurririk hartu Itsas Museoak egindako lege haustea zigortzeko. Gauzak horrela, biak auzibidean jarriko dituela iragarri du Sos Antxustegi plataformak.
Museoaren patronatua hainbat instituzioek osatzen dute; tartean, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala. Horiek ere egin ditu Antxustegiren egoera txarraren erantzule plataformak, eta horiek ere auzitara eramango dituela iragarri du.
Jaurlaritza “azken hausnarketa” egitera gonbidatu du, eta, bere jarrera “urgentziaz” aldatzera. Ez badu hala egiten, nazioarteko kultur eragileengana joko duela ohartarazi du: Parisera joango dela Unescoren babesa eskatzera, eta Bruselan ere salatuko duela Antxustegirekin gertatzen ari dena, Europako Batasunean. “Babesa eman diezagukeen edonorengana joango gara babes bila”, adierazi du Laka Antxustegik.
Proposamena
Gainera, atunontzia oraindik salba daitekeela sinetsita dago familia. Nola egin ere pentsatua du. Atunontzia “ontziola bizia” izan dadila proposatu du. Itsas Museoaren kanpoaldean manten dadila, eta konponketa lanak bertan egin daitezela modu artisauan eta denen bistara. Museoak badituen eta erabiltzen ez dituen baliabideak horretara bideratzea proposatu du, eta konponketa lanak ekintza pedagogiko-didaktiko gisa egitea. “Auzolanean”, eta elkarlaneko tailer gisa. Aditu asko horretan laguntzeko prest daudela ziurtatu dute antxustegitarrek, etorkizuneko artisauak formatu daitezkeela horrela, eta hiltzen ari den atunontzia elkarlanean egindako ikasketa eta kultur esperientzia berritzaile baten bidez salba daitekeela.
Horretarako, instituzioak eta herritarrak elkarrekin aritzea proposatu dute senideek. “Prozesu kolektiboa” laborategi gisa planteatzea, “ontziola bizia” kultur sustatzaile izateko.
EH Bilduk Batzar Nagusietara eraman du Antxustegitarren proposamena. Itsasontziaren egoeraren berri eman, familiaren analisia bere egin, eta konpontze lanak azkartu eta blinda daitezen, atunontzia kultur ondare izenda dadin eskatzea proposatu du; izendapena egiteko ardura duen Jaurlaritzari hala egin dezala galdegiteko. Alderdi guztiek aitortu dute Antxustegiren kultur balioa, baina inork ez du egitasmoa babestu. EH Bilduko bi ordezkariek eman dute kultur ondare izendatzearen aldeko botoa; EAJ, PSE eta PPren 10 botoak aurkako bidean joan dira, eta Ahal Dugu-k abstentziora jo du.