Zapalkuntza ereduak eraisten

Zapalkuntza ereduak eraisten

Latza da norbere familia eta herria utzi eta milaka kilometrora dagoen beste herrialde batera joan beharra. Norbere kultura, harremanak eta lotura guztiak alde batera utzi, eta, maleta eskuan, patu ezezaguna ekarriko duen lekurantz abiatzea. Immigrazioaren errealitate gordina da. Egoera are gordinago bilakatzen da etorkina emakumea denean. 2003az geroztik Europatik kanpoko etorkin kopuruak gora egin zuen Getxon. Bereziki etxeko eta zaintza lanek emakume asko erakarri zituzten. Sektorea oso prekarioa da, eta aisialdirako denborarik ez dute apenas. Beraz, beste andre batzuekin elkartzeko espazioak sortu beharraz ohartu ziren. Hala, Emakume Etorkinentzako Topaketak antolatu zituen udalak 2007an. Aurten, abendura bitartean, hamabostean behin elkartuko dira, Emakumeentzako Jabekuntza Eskolan.

Topaketetan parte hartzen duten emakume gehien-gehienak Latinoamerikakoak dira. Hala ere, azkenaldian Getxora iritsi diren beste herrialde batzuetakoak ere bertaratu dira: besteak beste, italiarrak, errusiarrak, letoniarrak eta thailandiarrak. Gazteak dira denak: 30 eta 50 urte artekoak. Cony Carranza da topaketotako dinamizatzailea. “Emakume horiek elkar aurkitzeko helburuarekin sortu ziren saiook. Askok bakarrik sumatzen dituzte euren buruak, eta, sarri asko, hala daude”. Gehienak, bikotekiderik gabeko amak dira. “Bikotekide oso konprometituak dituzten batzuk ere badaude, baina gutxienak dira”. %90 zaintza lanetan ari dira. “Adinekoak eta umeak zainduta, Getxoko bizitzari eusten dioten emakumeak dira”.

Helburu zehatzak dituzte. Ekain Larrinaga Immigrazio eta Kulturartekotasun zinegotziak azaldu ditu: “Emakume etorkinen rolen gaineko hausnarketa egitea, immigrazioaren ondorio den errealitate berrirako gaitasunak sendotzea eta bizimodu aske eta independenteagoa izateko laguntza sareak sortzea”.

Ahalduntzea eta feminismoa

Generoaren ikuspegia presente dago une oro. Baita andreen ahalduntzeko gaitasuna ere. Carranza arduratzen da horretaz. “Zergatik den garrantzitsua azaltzeaz gain, horretarako erremintak bilatzen laguntzen diegu”. Parte hartzea bultzatzen duen metodologian oinarrituta dago proiektua, gainera.

Emakume horiek bi oztopori egin behar diete aurre: etorkin eta emakume izaerei. Larrinagak argi du: “Etorkin gisa, immigraziotik eratorritako zailtasunak dituzte: prozesu horrekin lotutako nahasmendu psikosozialak; irregulartasuna eta atzerritarren estatus juridikoa; familia eta gizarte sareen gabezia harrera hirian; tituluen homologazioa egiteko zailtasunak; etxebizitza independente bat lortzeko oztopoak…”.

Emakume gisa, gainerako andreek pairatzen duten diskriminazioaz gain, “beste diskriminazio espezifiko batzuk ere gehitzen zaizkie. Besteak beste, lanerako aukera mugatuak dituzte eta oso baldintza prekarioak; immigrazioarekiko jarrera xenofoboak izaten dira, eta emakumeei estereotipo negatiboak jartzen zaizkie”.

Emakumeok amatasun transnazionalak deritzenak ere jasaten dituzte. Hau da, urteetan elkarrekin bizi gabe egon ondoren, seme-alabekin berriz elkartzeko prozesuetatik eratorritako zailtasunak. Lantzeko gai zailenetako bat izan da hori. “Ama gisa zailtasunak sortzen badira, ez dela ezer gertatzen jabetu behar dute”, adierazi du Carranzak. “Ama perfektua izan gura dugu, eta, hala ez bada, errudun sentitzen gara. Psikologoak azaldu die amaren profil zehatzik ez dagoela, profil anitz baizik”.

Sexualitatearen inguruko mito ugari eraisten ere laguntzen diete. Besteak beste, hilerokoarekin eta menopausiarekin lotutakoak. Antisorgailuen erabilera zein norberak plazera izateko gaitasuna eta eskubidea ere lantzen dituzte: gozamenerako eskubidea eta jolasak, besteak beste. “Saioak errespetu handiz egin behar dira, emakume gehienek erlijioarekiko oso lotura handia dute eta. Jolasak baliatuta, ohartarazten diegu emakumeen artean energia berezia dagoela”.

Aurtengo zikloan harreman aukera ezberdinei buruz hitz egiteko asmoa ere badute. “Latinoamerikan lesbianismoa ezkutuago dago. Gizarte hau irekiagoa denez, aukera horiek ulertu eta errespetatzeko elementuak eman nahi dizkiegu”.

Denetariko gaiei buruz ariko dira, beraz; hamar inguru landuko dituzte. Psikologo, abokatu, sexologo eta denetariko adituen laguntzarekin.

Immigrazioa prozesu luzea da. Hori argi dauka Carranzak. Berak ere bizi zuen. El Salvadorkoa da; psikologoa. Oraindik ere, bere herrialdeari buruz hitz egitean hunkitu egiten da, eta malkoak ateratzen zaizkio. Bereziki, bertan emakume nekazariekin egin zuen lana gogora datorkionean. “El Salvadorri buruz berba egiten dudan bakoitzean, hunkitu egiten naiz. Ezin diozu sufritzeari utzi. Norbera egiteko etengabeko prozesua da hau”. Herriminaz mintzatu da.

Hala, immigrazio prozesua ez da berehala bukatzen den zerbait; “ziklikoa da”. Urte askotako lana eskatzen du herrialde berri baterako egokitzapenak. Eta kontraesan ugari ere sortzen ditu: “Seme-alabak hazi egin direlako edo gertuko norbait hil delako, esaterako, nahigabe handia sortzen da. Seme-alabak gu gauden herrialdera datoz egun batean, baina jatorrizkora itzultzen dira hau ez delako espero zuten bezalakoa”.

Hala, emakume horiei arnasa emateko eta gertatzen zaien guztia kontatzeko aukera eskaintzen diete topaketek. Beraz, Getxon lauzpabost urte daramatzatenentzat ez eze, edonorentzat zabalik daude. “Oso interesgarria da; batak besteari bere esperientzia kontatzeko aukera ematen du”.

Saioak ez dira lezio edo doktrina itxiak transmititzeko bitarteko bat. “Denok ikasten dugu zerbait: inork ez dio inori irakasten. Bizitzak eman digun jakintza partekatzen dugu feminismotik, zenbait hausnarketa eginez eta kontzientzia hartuta”.

Programak martxan dirauen zortzi urteetan garapen handia izan du. Larrinagak azaldu du: “Sareak sortzeko beharra zuten emakumeen topaketarako espazio gisa hasi zen. Handik abiatuta, eraldatu egin gura izan genuen eta trebakuntzara bideratutako espazio bihurtu, ikuspegi feminista barneratuta eta herriko trebakuntzaren metodologia baliatuta. Betiere, egitasmoak dituen onura psikosozialak galdu gabe. Hori da-eta parte hartzaileek gehien nabarmentzen dutena”.

Emakume etorkinak bertako andreekin batzen dituen Emakumezkoen Kulturarteko Elkarrizketak izeneko programarako bidea zabal dezakete topaketa horiek. “Bertakoentzako estereotipoak apurtzeko baliagarria izan daiteke, edo baieztapen batzuk zergatik egiten diren jakiteko modua”. Hala uste du Carranzak. Eta ez dauka zalantzarik: “Sistema da kontrako gisa edo desberdin ikusi gura gaituena. Azken batean, banatu baino, lotzen gaituen askoz gauza gehiago daude”