“Kaioa ondo moldatu da gizakien ohituretara eta bizimodura”

Bermeoko Udalak, berriz ere, kanpaina bat abiatu du aurten kaio edo itsas txorien habiak Bermeoko eraikinetako teilatuetatik kentzeko. “Habiak kontrolatzea” du helburu dagoeneko hainbat urte dituen proiektu horrek, Gaizka Aurrekoetxea Ingurumen teknikariak jakinarazi duenez (Bermeo, 1968). “Azken urteetan ikusi dugunez, Bermeon bezala, kostaldeko beste herri batzuetan ere itsas txoriak gero eta gehiago hurbildu dira hiriguneetako teilatuetara habiak egitera”.

Horrek “arazoak” sortzen ditu herritarrengan. Batetik, “zaratak sortzen dituzte goizetan eta kumeak jaiotzen direnean”. Bestalde, “habietara daramatzaten materialegaz, arrain hondakinegaz eta gorotzegaz, teilatu hodiak buxatu egiten dituzte. Euria egiten duenean, beraz, gainezka egiten dute”. Beste batzuetan teilak mugitzen dituztela azaldu du Aurrekoetxeak, eta hortik ere euria sar daitekeela.

Espezie buruargia da askok “itsasoko arratoitzat jotzen” duten txori hori. “Oso azkarra eta moldakorra da; gizakien ohitura eta bizimodura ondo moldatu da. Horrek bizirik irauteko balio izan dio, eta, askotan, populazioa handitzeko; artatxoriegaz eta arratoiegaz, esaterako, antzera gertatu da. Kaioa hiriko espezie bihurtu da”.

Elikadurari dagokionez, jateko iturri bi erabiltzen dituztela azaldu du: “Kostaldean, bereziki portuan eta lantegietan dauden arrainen hondakinak aprobetxatzen dituzte. Bestetik, zabortegietara ere jotzen dute”.

Aurkitzen duten janariaren araberakoa izan ohi da kaioen ugaltzeko gaitasuna. “Jaki asko dagoenean, ugaltzeko erraztasun handiagoa dute; arrantza hondakinetan edo zabortegietan kontrol zorrotza egiten denean, ordea, populazioa beherantz joaten da”. Hori dela eta, behera egin du azken urteetan kaioen kopuruak. Bereziki zabortegietako kontrolaren ondorio dela dio.

Maiatz inguruan hasten dira itsas txoriak habiak prestatzen. “Uztailera bitartean egoten dira, gutxi gorabehera”. Horregatik aukeratzen du udalak garai hau kontrol kanpaina egiteko. Bi modu erabiltzen dituzte horretarako. “Lehenengo eta behin, herriko toki garai batetik begiratzen da nondik dabiltzan, eta habiak non egiten dituzten identifikatzen saiatzen gara”. Bestetik, herritarrek eurek ematen dizkiete abisuak udalari.

Leku horietara joan, eta, eraikin jakin bateko teilatura igotzeko baimena eskuan dutela, habiak kentzen dituzte, arrautzak jarrita daudenean. “Hala ere, bigarren aldiz saiatzen dira habiak egiten. Hamabost bat egunen buruan begiratzen da berriz ere, ea habia berririk egin duten. Hala bada, kendu egiten da. Eta, hirugarren aldiz, berriro begiratzen da. Batzuetan, hirutan saiatzen dira leku berean habia egiten. Ugalketa saihesteko modurik zibilizatuena dela uste dugu”, iritzi dio Aurrekoetxeak.

Habiak kostaldean, itsasotik gertu egitea du gustukoen espezie horrek. Baina leku natural horiek ukatu egin zaizkie. “Garai batean kolapsatu egin zituzten; batez ere, zabortegiak zaborrez lepo zeuden garaietan. Urdaibain, Izaro dute habiak egiteko lekurik aproposena. Baina hango tokia mugatua da, eta, populazioak gora egitean, ez zuten lekurik guztientzat”. Gainerakoek, beraz, leku alternatiboak bilatu zituzten. “Toki garai bat bilatzen dute, lehorreko harrapariengandik urruti. Aproposenak herriko teilatuak dira: seguruak dira haientzat. Bereziki elizetako teilatuak gustatzen zaizkie”. Kostaldetik barrura ere sartzen dira, jatera. “Ahalmen handia dute kilometro asko hegan egiteko, elikagai bila joateko”.

Beldurrezko filmen antzera

Alfred Hitchcocken The Birds film ezaguna gogorarazten duen jazoeraren bat ikustea ere egokitu zaio Aurrekoetxeari: “Sollube mendian laino baten antzeko zerbait mugitzen zela ikusi nuen. Kaio talde handia zen, Bakio inguruko zabortegira bidean. Bazekiten zabor kamioiak noiz iristen ziren hustera. Oso sinkronizatuta ibiltzen ziren; egunero, ordu jakin batean ateratzen ziren Bermeotik eta Izaro ingurutik. Zabortegian jan ostean, lotara itzultzen ziren, denak elkarregaz. Oso hegazti azkarrak dira; haien iraupena horretan datza”.

Bizpahiru arrautza jartzen dituzte normalean txoriok. Izaron espezieen garapena kontrolatzen duen foru aldundiko basozain batek Aurrekoetxeari esan dionez, hamar urteotan kaioen populazioa erdira jaitsi da. Hori dela eta, azpimarratu gura izan du Bermeoko Udalaren kontrol kanpaina ez dela egiten gainpopulazioa dagoelako. “Itsas txoriak, beste leku bat aurkituko balute gizakiengandik urruti, ez lirateke arazoa izango. Arazoa ez da kopurua; dauden kaioetatik batzuk herri barrura habiak egitera datozelako egiten da kanpaina”. Zabortegietara jatera doazen animalien gaineko kontrola gero eta handiagoa denez populazioak behera egin duela dio. “Lehen jateko zeuzkaten baliabideak ez dituzte eskura”.