Egiak eragindako lotsaz

Frantzisko I.ak, Eliza katolikoko buruak, kanonizatu berri ditu Joan XXIII.a eta Joan Paulo II.a Aita Santu ohiak. Eta ez da edozelako kanonizazioa izan; esangura handiko mugimendu politikoa izan da, oroz gain.

Joan XXIII.a instituzioaren adar aurrerakoienaren ordezkari handiena izan zen, XX. mende erdialdean. Herritarrengana gerturatu zuen ordezkatzen zuen erakundea; Elizaren egiteko moduei mendeetako hautsa astindu, eta garaietara egokitu zituen ohiturak, hein batean behintzat.

Joan Paulo II.ak, bere aldetik, komunismoaren kontrako aldarrian zuen oinarritua bere mundu ikuspegia. Horrek eta kredo katolikoaren irakurketa ortodoxo eta atzerakoienak markatu zuen haren aitasantutza. Aita Santu Ona, lehena; antikomunista sutsua, bigarrena. Jainko berarekiko maitasun oso bera sentitzen zuten bi gizon, Jainkoa hain kontzeptu etereoa izanda ere, hain definitzen zaila, eta hain modu desberdinean irudikatua izanda batzuen ahotan eta besteen eginetan.

Aita Santuak Benedikto XVI.a, bere aurrekoa, gonbidatu zuen ospakizunera, eta hark onartu egin zuen eskaintza. Mugimendu politiko azkarra, bien aldetik.

Euskal Autonomia Erkidegoan lehendakari bakarra dago. Ez du Euskal Herri osoa ordezkatzen, baina zati bat bai. Kristau katolikoek Aita Santu bakarra duten moduan, gustukoa ala ez, ordezkari berak ordezten gaitu gu EAEn. Eta nahiko nuke geure politikariek Eliza katolikoko buruek erakutsi duten senaz lan egitea. Alegia, Urkulluk Lopez gonbidatzea, Arnaldo Otegik eta Arantza Quirogak Euskal Herria bizileku hobea izateko egindako esfortzua ezagutu eta, zintzotasunez, eskertuko duen ekitaldira. Urkulluk antolatzea, Lopezek onartzea eta Quirogak eta Otegik txalotzea.

Hegoafrikan, apartheid-aren ostean, Egiaren eta Justiziaren artean hautatu behar izan zuten. Justizia erdiestea ezinezkoa zela onartuta —William Kentridge artista hegoafrikarraren berbatan—, Egia aukeratu zuten. Eta Vatikanoan ere bai —zenbat sexu gehiegikeria kasu, zenbat ustelkeria kasu—.

Historia iragana izanik, Justizia lortzea ezinezkoa da. Posible da Egia ezagutzea, baina, eta guztiok geure onena eman dugula sinetsita herri legez batzea. Egiaren aurrean, biluzik, ez dago babestuko gaituen siglarik. Emakume eta Gizon baino ez gara, lur zati honetako zauriak konpontzen saiatzen. Bakoitza bere moduan, baina batera, Egiak eragindako lotsaz.