“XXI. mendeko liderrak, lehenik eta behin, bere buruaren jabe izan behar du”

Roberto Aguado psikologo klinikoak (Talavera de la Reina, Espainia, 1964) adimen emozionalari buruzko ikerketa zientifiko bat egin du. Bizkaiko Foru Aldundiak lagundutako Es emocionante saber emocionar liburuan (Zirraragarria da zirrara sortzen jakitea) jaso ditu ondorioak.

Zer aurkituko du irakurleak?

Orain arte adimen emozionalari buruz argitaratutakoa berrikusi dugu. Laborategira eraman ditugu adimen emozionalaren elementu nuklearrak. Atera ditugun ondorioak zientifikoak dira.

Zer aztertu duzue?

Oinarrizko emozioak neurotransmisore bat behar du, egitura neurologiko jakin bat. Horrek komunikazio bat sortzen du norberaren barruan eta kanpoaldean: aurpegi jakin bat, esaterako. Norbaitek emozio jakin hori duenean, erreakzio jakin bat du; giza genoman dago hori.

Iragazki horiek betetzen dituzten elementu afektibo guztiak hartu ditugu, eta lehenengo ondorioa da oinarrizko emozioak ez direla sei edo zazpi, hamar baizik.

Zeintzuk dira?

Orain arte, hauek ezagutzen ziren: beldurra, amorrua, tristura, errua eta nazka, desatseginen artean; harridura, bestalde, neutrotzat hartzen da; poztasuna, azkenik, atsegin gisa. Guk frogatu dugu jakin-minak, segurtasunak eta mirespenak ere emozioen baldintza guztiak betetzen dituztela.

Teorialariek asko ez hunkitzeko gomendioa egiten zuten. Izan ere, orain arte jasotako ereduetan bost emozio desatsegin zeuden, eta atsegin bakar bat. Beraz, hunkituz gero sentipen negatiboak izateko aukera handiagoa zegoela zeritzoten.

Guk hori ezinezkoa zela uste genuen. Jakin-mina betidanik daukagu, eta, horri esker, gauzak aurki ditzakegu. Irrika hori dela-eta iritsi da gizakia heldu den lekuraino. Mirespena ere ikasketarako elementu garrantzitsuenetakoa da. Ikasteko ezinbestekoa da besteak imitatzea. Segurtasuna da, nire ustez, garrantzitsuena. Horren atzean serotonina dago.

Bestalde, badirudi zoriontasuna azken jomuga legez jartzen dugula. Horrela, ordea, lasterbideak hartzeko arriskuak agertzen dira: esaterako, kokaina hartzea eta zure aurka lehian ari den norbait zangotrabaz botatzea. Zoriontasuna, berez, ez da batere solidarioa.

Zelan frogatu duzue hori guztia?

Iaz, 4.000 ikasleri baino gehiagori inkesta bat egin genien. Era honetako galderak planteatu genizkien: “Azterketa batean 9,5 ateratzen baduzu eta zure ikaskideek 2,5, 0tik 10era zer-nolako zoriontasun maila izango zenuke?”. 9 nota jarri zuten gehienek. Azterketa guztietan denek 9,5 bat aterako balute zelan sentituko liratekeen galdetuta, ordea, 5etik beherako zoriontasun maila markatzen zuten guztiek. Beraz, pertsona bat zoriontsu izateko, zoriontsu ez den norbaitek egon behar du. Zoriontasuna zoragarria da indartzaile gisa, baina ezin dugu bilakatu azken jomuga.

Zergatik egin dituzue ikerketok?

Ez genuen ulertzen adimen emozionalaren inguruan egindako lan guztiagaz nolatan egon zitekeen %30eko eskola porrota. Edo zergatik gertatu den mutazio bat: lehenago, drogak hartzen zituena baztertu egiten zuen gizarteak. Egun, guraso askok esaten didate seme-alabak ez daudela integratuta porro bat erretzen uzten ez badiete. Beraz, droga lehen baztertzailea zen, eta egun integratzaile bihurtu da. Sare sozialegaz ere antzeko zerbait gertatu da. Nik ikusi ditut gazte bi parke bateko banku batean eserita elkarren ondoan, telefonoa eskuan zutela elkarri Whatsapp mezuak bidaltzen. Mende honetan zer ari den gertatzen jakin behar dugu.

Adimen emozionalaren kudeaketak zelan lagun dezake bizitzako arloetan?

Gurasoak etortzen zaizkit, seme-alabek ikasteko arazoak dituztela eta. Gehienek uste dute ondo ikasteko portaera aldatzea behar dutela. Hori ez da horrela. Plater batean igel bat gordinik, erditik moztuta jarriko banizu, tripak kanpoan dituela eta gatz pixka bategaz, nazka handia sentituko zenuke, kolesterolarentzat ona dela esan arren. Hori sentitzen dute gazte askok Matematika, Hizkuntza edo Filosofia ikasgaiekin; askotan, baita ikasgai horien irakasleekin ere.

Gazte batek matematika ikasteko arazoak dituenean, nazka edo beldurra ematen diolako, bi igel jartzen dizkiogu, klase partikularretara ere bidaltzen dugulako. Hau da, ez dugu emoziora jotzen. Pertsona bat gai izango da matematika ikasteko, soilik jakin-min, segurtasun edo miresmen emozioen barruan dagoenean. Nazka badut, edo beldur banaiz, ezin izango dut ikasi, burmuina beste egoera batean dagoelako. Beraz, zerbait ondo egiteko, emozio egokia sentitzea lortu behar dugu.

Eta nola lortzen da hori?

Korapilatsuagoa da hori azaltzea. Ume bat jaiotzen denean, programa emozionala geneetan sartua du. Pentsa ezazu jaio bezain laster katu bat haren ondotik igarotzen dela. Gure burmuinak erlazionatu egiten ditu azaltzen diren estimuluak eta emozioak. Umeak zegaz lotuko du estimulu hori? Lehenago, uste zen beldurragaz lotuko zuela, edo, agian, jakin-minagaz. Ez bategaz, ez besteagaz: umeak katua lotuko du gurasoek edo ondoan dituen pertsona helduek lotzen duten emozio berberagaz.

Umearen burmuina ez dago pentsatzeko prestatuta. Beraz, umeek grabatu egiten dute zerbait ona edo txarra den, ondoan dituzten helduek sentitzen dutenaren arabera. Guraso beldurtiak dituenak beldur asko grabatuko ditu beldurraren zakuan. Bizitzan zehar desikasi egin beharko dituzte, eta beste zaku batean grabatzen ikasi: segurtasunarenean, jakin-minarenean eta miresmenarenean, esaterako.

Pertsonak ahalmen guztia bere onerako garatzearen aldeko apustua egiten duzue. Baina horrek gaur egun zaila dirudi.

Bai, zaila da, baina baita beharrezkoa ere. XXI. mendeko liderrak, hasteko, bere buruaren buruzagi izan behar du. Inor ez da inoren lider norbere buruaren jabe izan gabe. Beldur eta mamu asko baldin badituzu, zaila izango da kanpoko gerra irabaztea. Horretarako, egoera bakoitzerako emozio egokia aukeratzen jakin behar da. Utz diezaiogun ilargira joateari; ekin diezaiogun gure barruari. Barrukoak ondo kokatuta, kanpoan daudenak ere kokatu egingo dira.