Ohiko itxura berreskuratu guran

Urteko lehen hiletako denboraleek gogor astindu zuten kostalde osoa. Denboraleek eragindako kalterik entzutetsuenak portuetakoak eta kostaldeko herrietako eraikin eta kaleetakoak izan diren arren, hondartzek ere sufritu dituzte, eguraldi eguzkitsua iritsi arte jende askok erreparatu ez badie ere.

Espazio horien ohiko irudia desitxuratu eta aldatu dute uraren astinduek. Aste Santua iritsi da, eta jai egunak hondartzetara lehenengo osteratxoa egiteko aprobetxatzen dute askok, eguraldi ona eta tenperatura epelak lagun. Baina bisitari horiek ezustekoren bat edo beste aurkituko dute, sortutako kalte guztiak oraindik konpondu gabe daudelako.

Bakion, esaterako, denboraleen eragina “nabaria” da oraindik. “Gurean gogor jo zuten”, azaldu du Aitor Apraiz alkateak. “Harea kopuru handia eraman zuen itsasoak, besteak beste, uhin-hausle azpietatik. Beraz, arrapala eta sarbide batzuk erori egin dira”.

Horrez gain, “dutxa zein hoditeri batzuk apurtu egin dira, eta beste batzuk airean geratu dira”, urak harea eraman izanaren ondorioz. “Horiek guztiak konpondu egin behar dira oraindik”.

Kalteok jazo eta gero lan-mahai bat sortu zuten. Eusko Jaurlaritzak zeresana duten administrazio guztiak elkartu zituen koordinazio mahaian: Bizkaiko Foru Aldundia, Espainiako Kosta Mugapea, Eusko Jaurlaritza bera eta udaletako ordezkariak. Erakunde bakoitzak bere gain hartu behar izan zituen zenbait lan, eta berehala ekin behar izan zieten horiei. “Kosta Mugapeak, esaterako, berehala sartu zituen bere makinak eta zenbait lan aurreratu dira daborduko”.

“Garbiketak egitea, hondakinak ateratzea, harriak hondartzetatik kentzea eta uhin-hausleak konpontzea zen helburua”, esan du Apraizek. Lan guztiak ez dira egin. “Udarako denak bukatzea” dute helburu; “gehienak, behintzat”.

Hasita dauden lanak aurreikusi bezala doazela esan du, “martxa onean”. Beste batzuk hasteko itxaron egin beharko dute, “hau kate bat delako”. Kosta Mugapea ari da gehiena egiten. Foru aldundia, bestalde, “garbitasun lanetan aritu da”. Udarako prest izan gura dituzten behar guztiak amaitzeko “lan handia” egin beharko dute.

Edozelan ere, Aste Santuan hondartzara gerturatzeko zailtasunik ez da izango. “Bakion sartu eta ibiltzeko modua badago. Hondakinak eta harriak daborduko garbitu dira. Dutxak eta ura izateko hoditeriak eta bestelako elementuak ere konpondu dira. Zenbait sarrera erabat berritu barik egongo dira, baina egongo da sartzeko eta irteteteko modua”, azaldu du Apraizek. Hondartzako zerbitzuak ere prest daudela ziurtatu du. Hala ere, udako bainu denboraldia hasi arte, ez da sorospen zerbitzurik egongo.

Hareari dagokionez, “dagoena” egongo dela esan du. Modu artifizialean ez dute ekarriko. Beraz, itsasoak dakarrena egongo da. “Bere denbora behar du horrek. Apurka etorriko da”. Horregatik, Aste Santuko egunotan, oraindik, harri asko aurkituko dituzte bainua hartzera edo pasieran ibiltzera doazenek.

Lea-Artibain, Mendexako Karraspio hondartzan aparkalekuko horma guztia eta murrua apurtu zituzten denboraleek. Jesus Anakabe alkateak azaldu duenez, berria egiten ari da Kosta Mugapea. 821.000 euro bideratuko dituzte kalteak konpontzeko.

“Horma berritu egin behar da, harea azpitik bi metrotan hasita. Espaloia ere berritu egingo da eta lehen baino zabalago geratuko da. Zerbitzu guztiak berritu beharko dira: kaleargiak, paperontziak… Baita dutxa eta hoditeriak ere”, ekarri du gogora. Azken horiek ekainaren 1erako egongo dira prest, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak hondartza denboraldia martxan jarriko duenerako.

Aparkalekua itxita egongo bada ere, hondartzara jaisteko aukera badago. “Lekeitio aldetik dauden lehenengo eskailerak daude zabalik. Hortik sar daiteke”. Bestalde, aparkalekuan sartzerik ez dago. Ekainaren 15erako aurreikusi dute berau zabaltzea.

Harea kopuru handiak eraman zituen itsasoak Mendexan ere. “Inoiz ez dut ikusi hain hutsik hondartza. Itsasoa, dena den, hasi da bueltan ekartzen”. Horrez gain, Lekeitioko portua dragatu egin behar dute, eta bertako harea Karraspiora eroango dutela dio alkateak. “Udarako prest egotea espero da”.

Gorlizi dagokionez, “kostaldeko leku guztietan bezala, asko nabaritu” zuten denboralea. Ondorio larririk, baina, ez zuten izan. Hala azaldu du Aitz Oleaga Turismo Bulegoko beharginak. “Harea asko mugitu zen leku batetik bestera, eta hondartzara sartzeko bideetako batean dagoen egurrezko pasagune bat apurtu zitzaigun. Baina bada nondik sartu hondartzara”.

Pasagune hori konpontzeko lanetan ari dira. Harea ere, “apurka”, bere lekura itzuli da. Hondartzara jaisteko ez dago arazorik. “Beti egon da zabalik”.