“Hemen itsas gudu handiak izan ditugu, eta badira ontziak urpean”

Itsasoaren indarrak jende asko erakarri ohi du. Barruan gordetzen dituen bitxiek ere jakin-mina sortzen diote bati baino gehiagori. Unai Artaloitiak (Zornotza, 1969) horietako batzuk aurkitu eta bertatik bertara ikusteko aukera izan du. Besteak beste, II. Mundu Gerran hondoratutako itsasontzi baten ondoan igerian egin du.

Hochheimer izeneko Alemaniako ontzi bat aurkitu zuen hark, urpekarien lagun talde bategaz batera. Ikerketak egin ostean, ondorioztatu zuten II. Mundu Gerra garaikoa dela, “urpekari ingeles batek 1943an hondoratutakoa”. Bakio inguruan aurkitu zuten, 200 metroko sakoneran. “Noizbehinka” joaten dira bisitatzera.

Halako altxor bat aurkitzea zelan lortzen den azaldu du Artaloitiak: “Entzuna geneukan itsasontzi bat inguru horretan hondoratuta zegoela. Ez genekien zehazki non zegoen, baina, joan-etorri ugari egin ostean, ekinaren ekinez, azkenean aurkitu genuen”. Era horretako aurkikuntza bat egiteak ilusio handia sortzen duela dio. “Zirraragarria da horren tankerako elementu historiko bat ikusten duen lehenengoa izatea. Kontuan hartu ehun urte egin dituela ur azpian, bakarrik”.

Ez da izan horrelakoak gertatu zaizkion lehenengo aldia. “Galizian ere beste hiruzpalau aurkitu ditugu, geure kabuz. Haiek ere garai hartako Espainiako armadaren ontziak ziren: Blas de Lezo eta Cardenal Cisneros korazatuak. 140 metroko luzera zuten, istripuz hondoratutakoak biak”.

‘Minamari’ ontzira

“Sarri” joaten dira Bermeoko badian bertan, portutik “hiruzpalau miliara” dagoen Minamari ontzia ikustera. Hori ez zuten haiek aurkitu; ezaguna zen kokapena. “Ez dago oso sakon, 30 metro inguruan; eta, esperientzia apur bategaz, edonor joan daiteke ikustera”, gonbidapena egin du.

“Oso arriskutsua da”, Artaloitiaren esanetan, era horretako itsasontzien barrualdetik ibiltzea. “Batzuetan posible da ibiltzea, baina beste batzuetan ez, daramagun ekipamendua handia delako eta ezin dugulako sartu. Dena den, ontzi batzuk alde batetik bestera ikusi egiten dira; beraz, halakoetan interes handiko elementurik ere ez da egoten barruan”.

Orain proiektu berri batean ari da buru-belarri. 130 metroko sakoneran dagoen ontzi bat ikertzeko asti bila dabil. “Ea ontziaren izena aurkitzeko gai garen. Badakigu I. Mundu Gerrakoa dela, baina ez dakigu zein izan daitekeen. Kokapena badakigu, eta inoiz jaitsi naiz behera, baina ez dugu izan izena ikusteko erarik. Orain dauzkagun teknika berriek denbora eta aukera gehiago ematen digute sakonera horietan ibiltzeko”. Matxitxako lurmuturretik lauzpabost miliara dago ur azpiko altxor hori. Gehiago ere badaudela dio, baina sakonera handian galduta. Era horretako altxorrak etxetik gertu ikusteko aukera dagoela nabarmendu du. “Ez dago urrun joan beharrik; hemen ere itsas gatazka handiak izan ditugu, eta badauzkagu harribitxi batzuk gordeta”.

Itsasoan bakarrik ez, lehorrean ere ibiltzen da urpean. “Kobazuloetan sarri sartu gara. Burgos aldetik eta Gorbeiako kobazuloetan ibili gara. Eta Markina aldeko lagun batzuk harremanetan ari dira espeleologi talde bategaz, kobazuloak ur azpitik lotuko dituen proiektu bat garatzeko”.

Zetazeoegaz igerian ibilia ere bada. “Itsasontziegaz ibiltzen garenez atzera eta aurrera, zetazeoegaz sarri topo egin dugu. Uretara salto egin eta, uzten digutenean, igeri egiten dugu”. Animaliek eurek horretarako gogoa dutenetan soilik egin ahal izaten dute hori: “Askotan, kasurik ere ez digute egiten. Daukaten aldartearen arabera, hurbiltzen uzten digute edo ez”.

Gaztetatik itsasoan

Duela 26 urte hasi zen urpekaritza munduan. “Urpeko arrantzagaz hasi nintzen, gehienen antzera. Jacques Coustauren dokumentalak ikusten genituen umetan, eta jakin-mina sortu ziguten. Beraz, apurka uretara hurbilduz joan ginen”. Ekipamendua apurka erosi zuten, “orduan oso gazteak” zirelako. “20 urte genituen, eta diru gutxi”, gogora ekarri ditu bere hastapenak. Dioenez, sasoi hartan zailagoa bazen ere, gaur egun dauden ekipamenduegaz eta ezagutza mailagaz “oso erraza da uretan ibiltzea”.

Dena den, betiere segurtasun neurriak hartzea beharrezkoa dela dio. Jarduera horri lehenengoz ekingo dietenei gomendatu die eguraldiaren eta itsasoaren baldintzei erreparatzea eta, gainera, beti urpekaritza dakien norbaitegaz ateratzea itsasora. “Askoz errazagoa da horrela ikastea. Segurtasuna hartu eta itsasoa interpretatzen ikasten da”.

Istripu gehien urpekaritzako arrantza egitean gertatzen dela dio. “Ez daukazu non arnasarik hartu, soilik ur azalean. Botilegaz goazenean, ordea, arazoren bat sortuz gero arnasa hartzeko aukera daukagu, eta lagunen bat izaten da beti ondoan. Arrantzara sarri bakarrik ateratzen dira, arrain gehiago hartuko dituztelakoan edo”.

Egun, profesional gisa behar egiten du. Portura sartzen diren ontziek zulorik badute, konpondu egiten ditu, eta mantentze lanetan ere aritzen da. Itsasoko beharrak ere egiten ditu. “Lan honetan burua hotz ez baldin badaukazu, ezinezkoa da aurrera egitea”.