Gurpilei itsatsitako bidaia modua

Beste era batekoa. Horrelakoa da autokarabana erabiltzaileen bidaiatzeko modua. Gainera, geroz eta jarraitzaile gehiago ditu karabana bati bolantea eta lau gurpil gehitu eta inolako mugarik gabe bidaiatzea oinarri duen bizimoduak. Aske sentitzea; noiznahi noranahi joateko aukera izatea. Hori da guztien helmuga, eta indarra hartzen ari den zaletasuna; gero eta hedatuago dago euskal herritarren artean. Eta horrek hainbat aldaketa eragin ditu. Besteak beste, gero eta arautuago dago autokarabanen erabilera. Horrek erabiltzaileak poztu zein haserretu egin ditu, aldi berean. Askok “oso zorrotza” dela uste dute.

Azken urteetan nabarmen egin du gora autokarabana erabiltzaileen kopuruak. Jabi Saiz Sorbeltz Autokarabana Erabiltzaileen Euskal Elkartearen idazkariak azaldu duenez, “duela hamar urte inguru autokarabanen mundua ia ezezaguna zen askorentzat, baina ordutik hona eztanda antzeko bat izan da”. Arautegia zorroztu den hein berean erabiltzaileentzako zerbitzuak ere hobetu daitezela eskatu du, eta salatu du kasu askotan ez dela horrela gertatzen.

Horren adibide da duela egun batzuk Euskal Herriko autokarabana erabiltzaile batzuek Busturian egin zuten kontzentrazioa. Turismo ibiltaria sustatzea helburu dutela, 50 autokarabana inguru bildu ziren San Kristobal auzoko Presape inguruan, mota horretako ibilgailuentzako aparkaleku egokituak eskatzera. “Horrelako gutxi daude euskal kostaldean, eta daudenetan zerbitzuak hobetu behar dituzte”, aldarrikatu dute.

Modu horretan “inongo kontrolik gabe aparkatzea” saihestuko litzatekeela uste dute Sorbeltzeko kideek, hori baita gaur egun arazo gehien sortzen duen eztabaida. Batez ere, uda garaia hurbildu eta hondartzetako aparkalekuetako lehen ilarak autokarabanaz betetzen direnean. Horren harira, Saizek azaldu du Eusko Jaurlaritzaren Turismo Akanpalekuetarako Dekretuak ez duela horrelakorik debekatzen, “betiere gutxieneko arau batzuk errespetatzen badira”. Arau horien artean dago autoaren perimetroa gainditzen ez duen edozer ipintzeko debekua. Adibidez, eguzki oihalak. Hala ere, onartu du kostaldean Espainiako Kosta Legea dela arautzen duena zer egin daitekeen eta zer ez. “Horrek askotan kontraesanak eragiten ditu”, ohartarazi du.

Ur gordailuak, arazo nagusia

Sorbeltzek dituen datuen arabera, Euskal Herrian 3.000 autokarabana erabiltzaile inguru daude, osotara. Horrelako turismo ereduak pertsona helduenei loturik egon direla adierazi du Saizek, baina pozik aitortu du geroz eta gazte gehiago lotu zaizkiola “aisialdia ulertzeko era honi”.

Erabiltzaile gehienak modu librean dabiltza, baina elkarte baten babesean batzen diren horiek hainbat abantaila izaten dituzte. Horrela gertatzen da Sorbeltzek, Bizkaiko Caravaning Taldeak eta halako elkarteek bazkide izateagatik eskaintzen dituzten deskontuetan. Dena den, elkarte baten barruan izateak hori baino gehiago esan nahi duela azpimarratu du Saizek: “Nire ustez, Sorbeltz bezalako elkarte baten barruan egoteak talde bateko kide izatea sentiarazten du. Era berean, horrek presioa egiten laguntzen du, azpiegitura hobeagoak lortzeko”.

Zerbitzuguneetako arazo nagusiena ur zikinen gordailuek sortzen dute, eta auzi horri irtenbidea emateko eskatu dute behin baino gehiagotan elkartekoak: “Guretzat atontzen diren zerbitzuguneetan ur zikinak husteko zerbitzu bat ipini beharko lukete, gutxienez”. Gainera, “askok pentsatzen dutenaren aurka, autokarabana erabiltzaileak ere turismoak eragiten duen aberastasunaren sortzaile” badirela nabarmendu du Sorbeltzeko idazkariak: “Topiko asko dago gure inguruan”.

Azpiegitura berriak

Nahiz eta hainbat tokitan eskaintzen dituzten zerbitzuez kexu diren, gauzak ondo egiten direnean horiek goraipatu behar direla dio Saizek. Lanestosako kasua aipatu du. Izan ere, Enkarterriko udalerri horrek, Bizkaiko herririk txikienak, 6.000 metroko lursail bat prestatu du autokarabanarekin joan nahi duenak bertan utz dezan. Martxo bukaeran inauguratu zuten: “Joan den urtean bisitari mordoa izan genituela ikusita, udalak turismo mota hau sustatzeko beharra dagoela ikusi zuen”.

Behin martxan jarrita, Aste Santuko oporraldiak irauten duen bitartean beteta dioen kartela zintzilikatzea dute helburu. Horretarako, “puntako zerbitzuak” ipini dituzte. Herri erdigunean dago kokatuta. Egun baterako egonaldiak eta dutxetarako sarbideak bost euroko kostua dauka. Hala ere, egonaldi luzeagoak egiteko aukera ere badagoela nabarmendu dute kudeatzaileek. Aparkalekua gune berde batean ipini dute, eta guztiz automatizatuta dago. Hartara, urte guztian egongo da erabiltzaileen eskura, herriko denda, taberna eta jatetxe guztietan salduko baita bertara sarbidea emango duen txartela. Horrek, gainera, are gehiago handituko du erabiltzaileen askatasuna, eguneko 24 orduetan izango baitute aparkalekura sartzeko aukera.

Autokarabana erabiltzaile izateak bizimoduan baino gehiago bidaiatzeko moduan daukan eragina nabarmendu du Saizek. “Erlojura begiratu behar ez izatea, azken momentuan nora joan eta noiz itzuli erabaki ahal izatea, hori da guk aukeratu duguna”. Saizek egin duen gisara, beste hainbatek ere hautu hori egin duten seinale da azkenaldiko autokarabana erabiltzaileen gorakada.