Euskal kultura erakusleihoan

“Bilbotarrei Aste Santuan aisialdirako eskaintza bermatu” eta “bisitarientzat euskal kulturaren erakusleihoa osatu”. Bi helburu horiekaz sortu zen iaz Basque Fest jaialdia. Lehen ekitaldiaren “arrakastak” bigarrena ekarri du, “oparoagoa”. Atzo hasi eta Pazko astelehenera arte, “euskal kultura eta abangoardiaren adierazpenez” beteko da hiriburua. Beste behin ere, musika, kultura, kirola, gastronomia eta enparauak uztartuko ditu, bost eguneko egitarauan.

Aurten ere musika kontzertu eta ikuskizunak izango dira Plaza Barrian eta Alondegian. Kale antzerki saioak, berriz, Zazpikaleetan. Herri kirolak Areatzara itzuliko dira. Eta Erriberako merkatuan, ohiko elikagai postuekin batera, euskal diseinatzaileen azken arropak egongo dira ipinita.

Espazio berriak

Berrikuntzarik ere badu aurtengoak. Nagusietakoa Zabalguneko merkatuaren eraikina izango da. Euskal disko, liburu, bideo eta jolasen azoka bihurtuko dute jaiegun hauetarako. 11:00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Gainera, bihar arratsaldean eta etzi goizean Euskal Herriko hainbat idazle euren liburuak sinatzen eta irakurleekaz berbetan egongo dira. Besteak beste, Toti Martinez de Lezeak, Kirmen Uribek eta Jon Arretxek baieztatu dute bertan izango direla.

Bigarren agertoki berria itsasadarra da. Itsasontziek lagunduta, hainbat ikuskizun egingo dituzte: txalaparta saioa eta antzerki emanaldia, besteak beste.