“Autokarabana zaleena oso turismo eredu interesgarria da”

Lanestosa Bizkaiko herririk txikiena da. Lurralde historikoko lehen hiribilduetako bat izan bazen ere, bizkaitar askorentzat ezezaguna da. Kantabriako (Espainia) mugan, bertatik igarotzen da kostaldea eta penintsularen erdialdea lotzen dituen errepidea, eta horrek eragin zuzena izan du bizilagunengan. Orain, igarobide hori baliatuz, autokarabanentzat apropos eginiko aparkaleku modernoa estreinatu berri du udalak. Jose Angel Ranero alkateak azaldu ditu nondik norakoak.

Noiz otu zitzaizuen Lanestosak autokarabanentzako aproposa zen lursail bat behar zuela?

Gobernura heldu ginenean erabaki genuen, duela hiru urte inguru. Bi arrazoi nagusi izan genituen erabakia hartzerakoan. Alde batetik, kontuan izan genuen Lanestosak ostatu bakarra daukala, eta horrek nahiko mugatzen die hona etorri nahi dutenei. Beste alde batetik, kontuan izan behar dugu gure paretik errepide oso garrantzitsu bat igarotzen dela, eta horretaz baliatu behar dugu.

Zein zen aparkalekua estreinatu aurretik zeneukaten egoera?

Herriko aparkaleku batean gaua igarotzen zuten autokarabana erabiltzaile ugari izan dugu aspalditik. Errezelo apur batekin etortzen ziren, guk zer edo zer esango genien beldurrarekin edo. Baina guk inoiz ez diegu ezer esan, ez zigutelako ezelango kalterik eragiten, eta guretzat ere interesgarria zelako.

Hain herri txikia izanik, apustu ekonomiko garrantzitsua egin duzue. Zer onura ekar ditzake honek?

Gure kalkuluen arabera, autokarabana erabiltzaileek orain arte ez genituen etekin berriak sor ditzakete. Turismo mota berria da hau guretzat, orain arte ia ezagutu ez duguna. Duela hiru aste estreinatu genuenetik, merkataritza establezimenduek esan digute igarri egin dutela aparkalekua martxan dagoela. Lehen asteburuan, adibidez, 28 autokarabana izan genituen, eta hurrengoetan ere haien presentzia nabaria izan da.

Azaldu duzunez, oso erantzun ona izan du orain arte. Zer espero duzue Aste Santuko egun hauetarako?

Hainbat dei jaso ditugu erreserbak egiteko, baina azaldu diegu gurean txartel elektronikoen bitartez funtzionatzen dugula. Herriko establezimendu guztietan ditugu salgai, eta ez dugu erreserbarik egiten. Lehenengo iristen denak dauka eskubidea. Aste Santuari dagokionez, espero dugu aparkalekua erabat betea izatea. Hau izango da gainditu beharreko lehen proba garrantzitsua.

Zer turismo mota da autokarabanena? Egia da gutxi gastatzen duen turista dela dioen ustea?

Topiko hori ez da erreala. Ikusi duguna da hilabeteetan zehar ibiltzen direla autokarabanetan, eta egia da, agian, afaltzeko orduan beren autokarabanetan egoten direla. Hala ere, bazkaltzeko, basoerdi batzuk hartzeko edo herriko saltokietan erosteko ez dute inongo arazorik izaten. Oso turismo eredu interesgarria da, eta, gainera, ez du inolako arazorik eragiten. Oso pozik gaude.

Beste herrietako erreferentziarik izan duzue aparkalekua eraikitzeko orduan?

Egia esan, ez. Beste hainbat lekutan nola antolatu ziren kontsultatzen ibili gara, baina konturatu gara ez zegoela guk nahi genuenaren antzekorik. Espainiako autokarabana erabiltzaileen elkarte batek, PACA delakoak, lagundu zigun behar genuena eta ez genuena identifikatzen. Eta behin bukatu dugunean zoriondu egin gaituzte, oso ondo dagoela esanez.

Zer eskain diezaioke Lanestosak bertaratzen denari?

Lehenik eta behin, aparteko naturgunea; lasaitasuna. Eta bigarrenik, aipatu behar da Lanestosa Erdi Aroko hirigune historikoa dela eta bisitatzea merezi duten hainbat eraikin dituela. Horrez gain, arte paleolitikoaren museoa daukagu Kobenkoba kobazuloan. Eta inguruetako basoetan mendi ibilaldiak egiteko zazpi ibilbide prestatu ditugu. Ibilbide horietarako sakelakoetan erabiltzeko gida bat eratu dugu.