Auzoen indarra agertzeko jaialdia

Bilboko auzoek euren eguna ospatzeko aukera izango dute asteburuan. Horretarako, ekitaldiz betetako egitaraua prestatu du Auzotarrok taldeak, auzoetako jai batzordeen koordinatzaileak. Areatzan egingo dituzte ospakizunak. Jai batzordeek “azkenaldian egindako hausnarketa baten emaitza da” jaialdia, taldeko kide Igor Vazquezek azaldu duenez. “Beharrak aztertu eta gure auzoetan dugun jai eredua kontuan hartuta, uste dugu Bilboko auzoetako jaiak oso eragile garrantzitsuak direla gure auzoetarako eta Bilborako”.

Urte osoan antolatzen dituzten jarduera guztiei errepasoa eginez, “auzoetan kultura eta dibertimendua eskaintzeko” ahal duten guztia egiten dutela azaldu dute. “Parte hartzea sustatzea da gure lehentasuna”.

Udalari “parte hartze handiagoa” eskatu diote. Azkenaldian aurrerapauso batzuk eman direla onartu arren, “oraindik ere gehiago” eman behar direla deritzote. Besteak beste, diru laguntzei aipamena egin diete: “Nola uler daiteke udalak 750 euro bakarrik ematea jaietan egiten diren jarduera guztiak antolatzeko?”. Bilboko auzoetako bizilagun guztiei, “bilbotar guztiei, Bizkai osoari eta, azken finean, Euskal Herriko edozein lekutan herri jaien alde lan egiten duen edonori” Auzoen Egunera joateko deia egin diete.

Bihar goizean suziria jaurtiko dutenetik domeka iluntzera bitartean, ez da faltako musika, umeentzako animazio zein gastronomia eta kirol lehiaketarik. Eguraldi txarra badago, gainera, 500 metro koadroko karpa bat jarriko dute, aterpe gisa.

Auzo guztietako ordezkariek hasiko dute jaialdia, auzo suziria jaurtitzeko ekitaldian. Auzoetako aisialdi taldeei esker, umeek puzgarrietan ibiltzeko eta tailerretan parte hartzeko aukera izango dute goizean goiz hasita.

Era berean, goiz osoan paellak prestatzen ibiliko dira buru-belarri. Txapelketan parte hartzeko, eguerdian aurkeztu beharko dute prestatu dutena. Las Fellini taldeko kideek osatutako epaimahaiak ebatziko du zein paellak merezi duen irabazlearen txapela jasotzea.

Eguneko aldarrikapen ekitaldia 13:00ean egingo dute. Ordu horretarako herri jaien aldeko kontzentraziora deitu dute antolatzaileek. Jardueren artean, auzoen arteko lehen piragua lasterketa azpimarratu dute. Hain zuzen ere, Piraguen Bilboko I. Ikurrina jokatuko dute, Areatzako zubitik atera eta udaletxeko zubira bitartean. Auzotarrei animatzera joateko deia egin diete. Mandoilek eta Honat musika taldeek amaituko dituzte zapatuko jarduerak.

Domekan, sagardoa eta txorizoa dastatzeko aukera izango dute 11:00etatik aurrera Areatzara joaten direnek. Bat Bi Hiru Festa taldearen eskutik, haurrentzako animazioa izango da, 11:30ean hasita. Dantza taldeen emanaldiek eta Ze Esatek taldearen kontzertuak amaituko dituzte ospakizunak.

Bestalde, jaialdira joan ezin dutenei Twitterren #GoraJaiHerrikoiak traola erabiliz laguntzeko eskatu diete. Bihar eta etzi auzoetako jaien aldeko asteburua trending topic edo boladako gai bihurtzea nahi dute.