Sestao erdiguneko berdegune bakarra salgai dago

Hilerriko zelaia izenez ezagutzen dutena babesteko asmoz, Sestaoko hainbat herritar aldarrikapen horren inguruan batu dira azken hilabeteetan. Izan ere, udalak bi hektareako berdegunea enpresa bati saldu gura dio, horrek merkataritza gune berri bat eraiki dezan. Modu horretan, Ezkerraldeko herri horretan gehien erabiltzen den gune naturala desagertu eta kontsumorako beste gune berri bat eraikiko da Sestaon.

Bi hektarea dituen Hilerriko zelaia Sestaoko gerriko berdearen zati garrantzitsuenetariko bat da. Franco hil osteko lehen udal gobernuak sortu zituen Sestaoko gune berde berriak, eta geroztik sestaoarrek gehien erabiltzen dituzten aisialdirako espazioak bihurtu dira. Gainera, Hilerriko zelaiak badu are garrantzitsuagoa egiten duen berezitasun bat: beste eremu naturalekin alderatuz, maldan ez dagoen bakarra da. Beste bietan, Markonzagan eta Las Camporrasen, aldapek ia erabili ezin egiten dituzte, batez ere pertsona helduenentzat. Hain zuzen sastaoarren %30 dira adinekoak. “Salduz gero, pertsona nagusiak soilik espaloietatik eta errepide ertzetik paseatzera behartuta egongo dira”, azaldu du Sestao Activo plataformako kide Iñaki Dominguezek.

Hala ere, utzikeria aspalditik datorrela gogorarazi du, eta horren ardura udalari egotzi dio. “Azken urteetan aparkaleku gisa erabilia izan da, hirian aparkatzeko dagoen arazoari aurre egiteko. Eremua lursail txikiak erosiz eraldatu zen, eta azken urteetan eraldaketa hori txarrerako izan da”. Hala adierazi du Dominguezek bere kolektiboaren iritzia.

Horren adibide da, haren ustez, duela urte batzuk makina hondeatzaileek lurra altxatu eta harriak bota izatea, batez ere behin-behineko adabakia izango zela ziurtatu zietenean. “Harriz estaltzea erabaki zuten. Orduan, bizilagunoi inguru hori erabiltzeko geneukan aukera kendu ziguten”. Orain, enpresa pribatu bati saldu nahi diotela ohartarazi du: “Lekuak erabilera urria daukala argudiatu dute”.

Bizilagunei “susmagarria” iruditzen zaie hiriguneko espazio natural lau bakarra saldu nahi izatea, batez ere udalak industria eta zerbitzuetarako egokitutako beste 190.000 metro libre dituenean. Gainera, merkataritza gune berri bat eraikitzeak sarbide berriak beharko lituzkeela ohartarazi du. Sarbide horiek Markonzagako parkea erdibitzea “eta dagoeneko txikia den Las Camporraseko eremua are gehiago txikitzea” eragingo luke”.

Balizko hiru erosle

Horrengatik guztiagatik, auzokideek eskatu dute balizko merkataritza gune berri baten beharra izanez gero, propio helburu horretarako libre dauden 190.000 metro koadroak saldu daitezela. Horrez gain, orain arteko berdegunea atondu eta jesarlekuak, iturriak, bolatokia eta petankan jolasteko gunea mantendu eta hobetu ditzala eskatu diote bizilagunek udalari.

Merkataritza gunearen hipotesiak indarra hartu du, gainera. Dagoeneko hiru enpresak eskaera egin dute bertan beren zentroak zabaltzeko. Horien artean dago Mercadona. Laster, gainera, Valentziako supermerkatu kateak Bizkaian 40 behargineko lehen supermerkatua zabalduko du Basauriko Urbi auzoan.

EAJ, PSE-EE eta PPren babesarekin eta Bilduren aurkako bozekin onartu zuen udalak eremu hori lehiaketan jartzea. Irailean jarriko da martxan, eta irabazten duenak 4.000 metro karratu izango ditu merkataritza gunea eraikitzeko. Ordainetan, beste 7.000 metroetan pasealekuak, gune berdeak, kirol instalazioak zein doako aparkalekuak eraiki beharko ditu. Mercadonak baieztatu du lehiaketara aurkeztuko dela, baina beste bi enpresek asmo berbera dutela jakinarazi diote udalari dagoeneko.