“Kanpaina hau hurrengo ekitaldiko moldaketa handien bezperakoa da”

Iazko kanpainagaz alderatuta, aldaketa gutxi dakartza aurtengoak, Jose Ramon Arrondo ekonomialariak esandakoaren arabera.

Zein aldaketa daude aurtengo errenta aitorpenaren kanpainan?

Egia esan, 2012ko kanpainagaz alderatuta, ia ez dago aldaketarik.

Zerga iruzurraren aurkako neurri berriak ipini ditu indarrean foru aldundiak. Zer esan nahi du horrek? Aldaketarik ekarriko du?

Jarduera ekonomikoen alorrean aldaketa batzuk egongo dira gastu kengarrien irizpideei dagokienez. Besteak beste, jardueragaz lotutako ibilgailuengatik egin daitezkeen kengarrietan eta ordezkaritza gastuetan egongo dira aldaketak.

Jarduera ekonomiko baterako erabiltzen diren ibilgailuei erreparatuta, erosi den auto batengatik egin daitekeen gehienezko amortizazioa 25.000 eurokoa da. Mantentze gastuetarako, bestalde, 2.500 euro aurreikusten dira. Agente komertzialen zein banaketarako furgoneten kasuan, ez dago mugarik.

Jarduera ekonomikoen etekinen kalkuluan zenbait gasturen kengarritasuna mugatzen duten arauak ezarri dira. Besteak beste, ordezkaritza eta harreman publikoen gastuei dagokienez.

Ondarearen gaineko zerga berria ere ezarriko dute.

Hala da, bai. Dena den, kanpaina hau hurrengo ekitaldian egingo diren moldaketa handien bezperakoa da. 2014an erreforma fiskal handia gauzatuko dute, modulu eta sozietateen sistema desagertuko da, eta zergadunek beste betebehar batzuk izango dituzte.

Zer dela-eta egiten dituzte aldaketa horiek?

Batetik, diru sarrera gehien eta gutxien dutenen arteko zuzentasun fiskala bilatze aldera. Bestetik, diru bilketa handitzen saiatzea ere badute helburu.

Bestalde, PFEZaren gorakadak etxeko ekonomian izandako eragina orekatze aldera, zergaren eta kenkari orokorraren tarifak egokituko dituela iragarri du foru aldundiak. Zer esan gura du horrek eta nortzuengan izango du eragina?

Prezioen igoerara egokitzeko, tarifa eguneratu egin dute. Igo egin dira zerga ordainketagatik egindako murrizketen eta kenkarien zenbatekoak. Tarifaren deflaktazioa %1,5ekoa da. Denengan du eragina, zergadunenganako presio fiskala ez areagotzeko.

Beste aldaketarik izan al da ekitaldi honetan?

Ez. 2013ko ekitaldia trantsizio urtea izan da, 2012koaren berdina. Hala ere, tarifagaz gertatu den bezala, seme-alabengatik zein gurasoengatik egiten diren kenkariak ere handitu egin dira.

Beste kenkari aipagarririk?

Ez. Aurreko urtean zeuden berberak. Aipagarrienak seme-alabengatik, gurasoengatik, etxebizitzagatik zein etxebizitza alokatzeagatik egiten direnak dira. Kenkariok desberdinak dira zergaduna 30 urtetik beherakoa bada. Alokairuari dagokionez, esaterako, kenkaria %20 da, gehienez, 1.600 eurora arte. 30 urtetik beherakoei dagokienez, kenkaria %25era artekoa da, gehienez, 2.000 eurora arte.

Etxebizitzaren kasuan gauza bera gertatzen da. Gehienezko kenkaria 1.800 eurokoa da, oro har; eta 2.300 eurokoa, 30 urtetik beherakoen kasuan.

Etxeetara iritsi dira Ogasunak berak egindako zenbait errenta aitorpen. Berrikustea garrantzitsua da, ezta?

Bai. Foru aldundiak berrikusteko aukera izateko denboragaz bidaltzen ditu. Eurek ez dakite norbait aurreko ekitaldian ezkondu den, etxebizitza bat alokatu duen, seme edo alabaren bat izan duen… Beraz, aitorpenak berrikusi egin behar dira, eta falta badira, datu berri horiek gehitu.