Iruzurraren aurkako neurriak hartu ditu foru aldundiak

515 milioi euro itzuliko dizkie Ogasunak Bizkaiko zergadunei aurtengo errenta aitorpenaren kanpainan. Osotara, 596.000 aitorpen jasotzea aurreikusi dute, eta horietatik %79, gutxi gorabehera, itzultzekoak izango dira. Gainontzekoek 194 milioi euro ordaindu beharko dituzte.

Kanpaina ofiziala maiatzaren 5ean hasi eta ekainaren 30ean amaituko da. Hala ere, zergadun batzuen etxeetara hasi dira aitorpenak iristen. Bizkaiko Ogasun Sailak berak egindakoak dira, eta dena zuzen dagoen begiratu behar dute zergapetuek. Aldaketa eskaerarik jaso ezean, oniritzia eman zaiela ulertuko du administrazioak. Daborduko 350.000tik gora bidali dituztela jakinarazi du Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzen foru diputatuak.

Iruarrizagak iragarri du aurtengo kanpainak “aldaketa garrantzitsuak” dituela. Zerga iruzurraren aurkako neurri berriak sartu dira indarrean, eta ondarearen gaineko zerga berria ere onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek. Azken aldiz eskainiko dute, gainera, aitorpen konfidentziala egiteko zerbitzua. ETAk jarduera armatua bukatu duela eta, bertan behera geratuko da.

Ondarearen gaineko zergaren bitartez, 7.500 zergadunen aldetik 80,5 milioi euro biltzea aurreikusi du Ogasun Sailak. 2012ko kanpainan, 6.300 zergadun izan ziren, eta 62,6 milioi euro eskuratu zituen Foru Ogasunak.

Hainbat kenkari

Zerga arloan ere berrikuntza batzuk izango direla azaldu du diputatuak. Esaterako, “PFEZaren gorakadak etxeko ekonomietan izandako eraginari egokitzeko, zergaren eta kenkari orokorraren tarifak” egokitu dituzte.

Horrez gain, gizarte kenkarien arloa ere nabarmendu du. Aurtengo kanpainan, guztira, 634,5 milioi eurotik gorako kenkariak kalkulatu dituzte. Besteak beste, 65 urtetik gorako 123.000 bizkaitarrek 74 milioi euroko kenkaria izango dute. Bestalde, 73.000 zergaduni 6 urtetik beherako seme-alabengatik 17,5 milioi eurotik gorako kenkariak egingo dizkiete. 6 urtetik gorako eta 16 urtetik beherako ondorengoengatik, gainera, 4,5 milioi euroren kenkariak izango dituzte 99.000 zergadun inguruk. Beste 54.200 pertsonak, osotara, 55 milioi euroko kenkariak izango dituzte, elbarritasunen bat edo ezintasunen bat daukatelako.

Ohiko etxebizitza eskuratzeagatik zein etxebizitza kontua egiteagatik, 184.000 bizkaitarri ezarriko dizkiete kenkariak: 185 milioi eurorenak izango dira. Bestalde, 25.000 zergadunek ohiko etxebizitzaren alokairuagatik 26 milioi euroren kenkariak izango dituzte. Beste 195.000 zergadunek 140 milioi euro baino gehiagoren kenkariak izango dituzte Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei eta antzekoei ekarpenak egiteagatik.

Modu bat baino gehiago dago errenta aitorpena egiteko. Rentanet Etxean zerbitzuak etxeetara bidaltzen ditu aitorpenak. Finantza entitateen bidezko errenta zerbitzua ere badago, itzulketak hamar egunetan egiteko.

Ondasunak atzerrian

Astelehenean bukatu zen atzerrian ondasunak eta eskubideak dituztenentzako aitorpena aurkezteko epea. Atzerrian 50.000 eurotik gorako balioa duten ondare edo eskubideak dituzten 3.600 bizkaitarren aitorpenak jaso dituzte. Ogasunak ondareari buruzko informazioa ezagutu eta osatuta, aitortu gabeko errentak antzeman ahalko ditu.