Herritarren Bilbo helburu

“Eta zuk, zer-nolako Bilbo nahi duzu?”. Galdera horri erantzuteko, jardunaldiak egin ditu EH Bilduk. Helburua: “Herritarren Bilbo eraikitzea”. Hiriburuaren diagnostikoa egin dute horretarako, eta hortik abiatuta plazaratu dituzte proposamenak. Lau ataletan banatu dituzte landu dituzten gaiak: pertsonak lehenetsiko dituen hiria, hiri eredu iraunkorra, bertoko kulturan oinarrituriko hiria eta askatasuna ardatz izango duen hiria. Lau horiek azpiataletan banatu dituzte. Hemezortzi lantalde osatu dituzte guztira, eta berrehun herritarrek parte hartu dute eztabaidetan. Astelehenean hasi ziren jardunaldiak, eta atzo izan zuten eztabaidarako azken eguna. Datorren urteko udaberrira arte luzatuko dute prozesua: “Bilbo aldatzeko oinarriak definitu nahi ditugu”, azaldu dute ondorioekin osatu duten txostenean. Hona agiriak jasotakoa.

1. Hiri iraunkorra

Hiri eredu iraunkorra lortzeko, bost azpiatal landu dituzte: hirigintza, mugikortasuna, ingurumena, etxebizitza eta turismoa. Erdialdearen eta auzoen arteko zatiketa nabarmendu dute jardunaldietan. Horrek “gizartean desberdintasun sozialak” sortzen dituela ondorioztatu dute. Horregatik, Bilbo “birsortu” egin behar dela uste dute: “Dagoenetik abiatuta, pertsonen zerbitzura jarri behar dugu hiria”.

Gaur egun espazioaren antolaketa eredua “lan egin eta ekoizten duten gizonentzat” pentsatua dagoela diote. Horrek mugak sortzen dituela uste du koalizioak, eta mugikortasunean eragiten duela: “Baztertu egiten dira produktibotzat hartzen ez diren kolektiboak”. Emakumeak, haurrak eta adinekoak jarri dituzte horren adibide.

Garraio publikoari dagokionez ere, gabezia nabarmendu dute: “Bilbotarrok oinez mugitzen gara nagusiki, baina hiriaren diseinuan autoak dira nagusi”. Garraio publikoaren erabilera sustatzea beharrezko ikusten dute. Herritarrek etxebizitza eskuratzeko dituzten arazoak ere nabarmendu dituzte: ohartarazi dutenez, udalak 16.000 etxe eraiki nahi ditu, baina, bien bitartean, 15.000 baino gehiago hutsik daude.

2. Pertsonen hiria

Pertsonak lehenetsiko dituen hiri bat sortu nahi dute. “Gaur egun, merkatuaren arabera eraikitzen da Bilbo”. Hori ondorioztatu dute jardunaldietan. Beharrezko ikusten dute herritarrak erdigunean jartzea: “Herritarrak bizitza politiko eta ekonomikoaren erdian ipini behar dira”.

Merkatua lehenestearen adibide modura, hiria turismora bideratzea aipatu dute. Bultzatzen den merkataritza ereduaz ere hitz egin dute: “Hemengoa suspertu beharrean, kanpokoa lehenesten da”. Eta elikagaiak ipini dituzte horren adibide: “Kontsumitzen dugunaren %4 soilik ekoizten da Euskal Herrian”. Hemengo produktuak kontsumitzearen aldeko jarrera agertu dute: “Landa eta hiriaren arteko aliantzak funtsezkoak dira, sare sozial eta komertziala eraikitzeko”.

2014ko otsailean, 32.360 langabe zeuden hiriburuan. Eta enplegu publikoa izan da gehien “kaskartu” dena, koalizioaren arabera. 2013ko datuen arabera, 29 urtetik beherako 2.374 gazte zeuden langabezian, eta horiei begira ere ez da politikarik garatzen, parte hartzaileen ustez. Zerga sistemaren politikan ere hutsuneak nabaritu dituzte: “Gutxiago dutenek gehiago ordaintzen dute”. Udalak egiten duen aurrekontuen kudeaketari irtenbidea emateko asmoz, “herritarrei beren bizitzan eragina duten gai guztien inguruan erabakitzeko eskubidea bermatu behar zaie”, haien iritziz.

3. Kultur hiria

Erdigunearen eta auzoen arteko desoreka nabarmendu dute kultura arloan ere. “Udalak zentroan egin ditu kultur ekitaldiak edo azpiegituren eraikuntza handienak”. Inbertsio ekonomiko handiak egin dira horietan, baina hutsunea ikusten dute beste hainbat esparrutan. Sorkuntza espazioen gabezia nabarmendu dute, besteak beste. Euskaraz eskaintzen diren kultur ekitaldiak ere “oso urriak” direla uste dute.

Aste Nagusia “kulturaren eztanda” gisa definitu dute: “Herritik herriarentzat sortutako jai eredua da”. Baina auzoetako jaiak indartzeko beharrizana ikusten dute: “Tokian tokiko komunitate sarea biziberritzeko helburua dute auzoko jaiek”. Uste dute Bilboko Udalak inbertsio txikia egiten duela horietan.

Hezkuntza esparruan ere gabezia ugari identifikatu dituzte hori aztertzen jardun dutenek. Aisialdiari dagokionez, eragile asko dauden arren, udalaren eta horien arteko harremanean ikusten dute hutsunea: “Deskonexio handia dago”. Egun hiriburuak duen eskola mapan ere aldaketen beharra azpimarratu dute. Landu dituzten gaien artean, hauek daude: eskoletan gertatzen den masifikazioa, toki gabezia eta auzoan D ereduan ikasteko eskubidea. Argi dute: “Udalak jarrera aktiboagoa hartu beharko luke hezkuntza komunitatearekin”. Antzera ikusten dute euskararen arloa ere. Hiriburuko biztanleen %50 euskaldunak badira ere erabilera murritza dela adierazi dute. “Hizkuntza politiken eraginkortasunik eza” eta udalaren eta euskalgintza eragileen arteko “harremanik eza” nabaritu dituzte.

Kirola da landu duten beste esparru bat. Hutsunea nabari dute hor ere: “Ez dago norabide argirik, ez eta harremanik ere kirolarekin lotura duten taldeekin”.

4. Askatasuna oinarri

Hiriburuko biztanleen %51,18 andreak dira. Azpimarratu dute udalak berdintasun arloarekin duen “konpromisoa eskasa” dela, eta udal politikako hainbat arlotan gabezia bera identifikatu dute: “Ez dago generoaren araberako adierazlerik”. Berdintasunera bideratutako politiketan jartzen den arreta “eskasa” adierazten du horrek, aditu taldearen arabera. Bestetik, ohartarazi dute 2011n egindako Emakumeentzako Hiri Debekatuaren Mapan identifikatutako gune beltzek beren horretan jarraitzen dutela.

Gazteriarentzako aurrekontuak ere “murritzak” direla ondorioztatu dute lantaldean. “Diru gehien aisialdirako ematen du udalak, eta “ez da garatzen gazteen beharrizanetara bideratutako politika eraginkorrik”. Helduei begirako neurrietan ere hutsunea nabari dute: “Hiria ez dago horien beharrizanetara egokituta”.

Migrazio politikei dagokienez, honakoa diote: “Hiriaren nazioartekotze prozesuarekin obsesionaturik dagoen udal gobernu honek ezer gutxi egiten du hirian bizi direnengatik”.