“Finantza adierazleetan gomendioen pare gaude”

Europako Kontseiluak antolatuta, udal finantzei buruzko goi bilera egin zuten martxoan, Atenasen. Kide diren estatuetatik hainbat udal aukeratu dituzte, proba proiektu batean parte hartzeko. Euskal Herriko udal bakarra Galdakao da, eta Ibon Uribe alkatea emaitzak aurkeztera joan zen, Roberto Cañon Aurrekontu zuzendariak lagunduta.

Galdakaoko Udala Europako Kontseiluaren egitasmo batean parte hartzen dabil, Local Finance Benchmark izenekoa. Zer da zehatz proiektu hori?

Udaletan eskaintzen ditugun zerbitzuek kostu ekonomikoa dakarte. Parte hartzen ari garen egitasmo honek finantza baliabide horien kudeaketa maila hobetzea dauka helburu. Zelan? Ba, hainbat udalen arteko neurketa konparatibo baten bitartez.

Europako Kontseiluko Centre of Expertise delakoak, udalen finantza politikak neurtzeko adierazle multzo bat definitu du horretarako. Adierazle horiek, gure politikak neurtzeaz gainera, gomendioak dauzkate erantsita inplizituki. Beraz, geure buruaren neurketa egiten dugunean, gomendioak jasotzen ditugu, Rec 2004 eta Rec 2005 izeneko txostenetatik.

Zer egin behar du Galdakaok proiektu horren barnean?

Lehenengo eta bat, Europak definituriko adierazle multzoa autonomia erkidegoko testuingurura egokitu genuen. Behin egokituta, adierazleen neurketa egin genuen, eta txosten batean jaso ditugu emaitzen alde onak eta txarrak.

Aldaketarik ekarriko du horrek udalaren finantzen kudeaketara?

Bai, eta espero dugu Eudelen barnean ere aldaketak ekartzea. Tresna honen potentziala ez dago bakarrik bereziki praktikoa den metodologian, gomendioetan ere badu zeresanik. Adierazleak ez dira finantza helburuak huts-hutsean, herritarren parte hartzea eta gardentasuna ere badituzte helburu modura. Eta horiek Euskadiko gainontzeko herrietara zabaldu daitezke.

Oraingoz, zelako emaitzak lortu dituzue ebaluaketan?

Sistemak eskaintzen dituen finantza gomendioekaz nahiko parean gaude. Hala eta guztiz ere, parte hartzean eta gardentasunean hainbat urrats egin behar ditugu oraindik. Horretan badugu zer hobetu. Aurrekontu edo zerga proiektuak aurrera atera aurretik, esaterako, udalaren webgunean jartzea, irakurterrazak izatea, politika fiskalak ez izatea KPIaren eguneraketa soilik…

Martxo hasieran Atenasera joan zineten. Zer egin zenuten jardunaldi haietan? Zer sentsazio ekarri zenuten bueltan?

Esperientzia horren barri ematea beste herrialdeetako ordezkariei. Zipre, Erresuma Batua, Turkia, Grezia, Espainia eta Armenia herrialdeetako, CEMR udal elkarteen elkarteko, Europako Kontseiluko eta Centre of Expertiseko ordezkariak joan ziren goi bilerara, esperientziaren lekuko moduan, gure ondorioak ezagutzeko.

Gustatu zitzaien, eta proiektua luzatzeko asmoa daukate. Seguruenik, beste herri batzuekaz elkarlanean aritzeko aukera sortuko da.

Euskal Herriak duen parte hartzaile bakarra zarete. Zergatik parte hartu duzue?

Batetik, gure indarra neurtu gura genuelako eta arlo horretan irizpideak sendotu nahi genituelako. Ez da izaten alkateek ohikotzat daukagun gaia.

Eta, bestetik, Eudelen barruan oso argi daukagulako benetako Europa udal mailatik sortu edo birsortu behar dela, eta hor, gure autonomia erkidegoak, Euskadik, Euskal Herriak, aukera paregabea daukalako zuztarrak ondo errotzeko.

Zein egoeratan daude Galdakaoko finantzak? Zorrik baduzue?

Ba, alde horretatik, harro egon gaitezke, finantzak sano osasuntsu dauzkagulako. Ez daukagu zorrik, eta zarratu dugun likidazioak ziurtatzen du aurrezki batzuk badauzkagula ezustekoei aurre egiteko. Horri esker, gizarte zerbitzuetarako aurrekontuak gora egingo du, eta enplegu eta sustapen ekonomikorako ekintza asko ipiniko ditugu martxan.