Erdi Arora itzuliko da Irala auzoa

Bilboko Irala auzoak denboran atzera egingo du, Erdi Arora iritsi arte. Izan ere, Ezkurtze parkean garai hartako azoka egingo dute gaur hasi eta etzi bitartean. Izena soilik ez, izana ere halakoa izango duela nabarmendu du Michel Redradok, azoka antolatzen duen Proffesional History elkarte eta enpresako kideak. “Euskal Herria Erdi Aroan izan zitekeen bezalakoa” aurkeztuko dute, “bertoko dekorazioa erabiliz”. Horretarako, Nafarroako erresuma hartu dute oinarri. “Bertako eta garai hartako zutoihalak, banderak eta, bereziki, kolore gorriak” erabiliko dituzte. “Ahal den heinean, historiagaz bat egiten duen dekorazioa jarriko dugu”, adierazi du antolakuntzako kideak.

90 erakustoki inguru ipiniko dituzte Ezkurtze plazan. “Artisautzagaz lotutakoak hainbat izango dira: zura, larrua, imitaziozko bitxiak, zilarra, zeramika, jantziak, eskujokoak, umeentzako egurrezko jostailuak… Denetarik pixka bat aurkitu ahal izango da”.

Elikagaiei dagokienez, benetako ekoizle direnak eraman nahi izan dituzte Iralara. “Fruituak, barazkiak, gaztak eta hestebeteak eramango dituzte. Eskaintza gastronomiko zabala egongo da”.

Tabernak ere jarriko dituzte. Horretan ere eskaintza zabala egongo dela azaldu du: “Euren lurraldeko osagaiak hartuta tortillak egiten dituzten errioxarrak, odolosteak eta txorizoak salduko dituen Burgosko taberna bat, perretxiko mokaduak prestatuko dituen beste bat, eta erretegi bat ere egongo dira”.

Denentzako jarduerak

Jarduerei dagokienez, “denentzako” ekintzak prestatu dituzte. “Kontu kontalariak, umeentzako antzerkia eta Erdi Aroko musika interpretatuko duten talde bi egongo dira”. Horrez gain, “zeramika, eskujokoak, errementaritza zein musika tresna tradizionalak lantzeko tailer parte hartzaileak” antolatu dituzte.

Erakusketen atalean, Erdi Aroko armak, gerlarien kanpamentu bat, zaldunen arteko borrokaldiak, magia ikuskizunak eta garai hartan erabiltzen dituzten tortura tresnen erakusketa aurkituko dituzte bertaratzen direnek. Dena den, batez ere, antzezlan parte hartzaile ibiltari ugari izango dira. Aktoreek publikoaren parte hartzea lortu nahiko dutela iragarri du.

Aktoreek eurek hartuko dute publikoa elkartzeko ardura. “Erdi Aroan pregoilariek egiten zuten lanaren antzekoa egingo dute”. Erakusketak ikusteko bisita gidatuak “antzerki eran” egingo dituztela ere aurreratu du. Egunero bi edo hiru bisita gidatu egongo dira. Gainerako tarteetan, erakusketak ulertzeko azalpenak dituzten oharrak ipiniko dituzte. “Bisitariek argazkiak atera ahalko dituzte, erakusketetan egongo diren zenbait elementutan. Esaterako, kaiola bat eta harrapagailu bat egongo dira”. Gaur, 17:00 aldera emango diete hasiera jarduerei, eta 21:30 arte izango dira. Bihar eta etzi, 11:00etatik 22:00etara bitartean ariko dira, gutxi gorabehera.

Gai bat urtero

Proffesional History elkarteak 2012an hartu zuen Iralako azoka hori antolatzeko ardura. Nafarroaren konkista izan zuten oinarri orduko hartan, urteurren biribilaren harira. Aurten, Erdi Aroko bizitza bera zelakoa izan dute gakoa: “Emakumeak familiaren barruan zuen garrantzia, ofizioak eta itsasoan zebiltzanen inportantzia nabarmenduko ditugu”.

Baleen arrantzari buruzko erakusketa bat baliatuko dute horretarako. “Arpoiak erakutsiko ditugu, beste gauza batzuen artean. Eta koipea zelan aprobetxatzen zuten azalduko dugu, bisita gidatuak eginez”.

Azokak “eskaintza osatua” dakarrela deritzo Redradok: “Dibertigarria eta parte hartzailea eta, batez ere, didaktikoa izango da”. Eguna familiagaz batera igarotzeko aukera ona dela uste du Fustiñanako (Nafarroa) elkarteko kideak. “Denentzako jarduerak daude”. Gauetan, gainera, ikuskizun parte hartzaileak egingo dituztela iragarri du. “Queimada erraldoi bat egingo dugu denentzat, gauero. Eguraldia lagun baldin badugu, egunero eskainiko ditugu ikuskizunak, iluntzen duenean. Ordu txarra ere ez da umeekaz egoteko, asteburua dela kontuan izanik”. Helburu nagusia bisitariek azokan parte hartu eta ondo pasatzea dela dio Redradok. “Gertuko giroa eman gura diogu”.