“Bilbo askotarikoa da; guztiontzako proposamenak osatu nahi ditugu”

Bilbo hiriaren ereduaz hausnartzeko prozesuan murgilduta dago EH Bildu. Eta prozesu horren sustatzaileak dira Haizea Ruiz (Bilbo, 1981) eta Xabier Landabidea (Bilbo, 1981). Bolsa aretoan astelehenetik ostegunera egindako jardunaldietan, buru-belarri aritu dira lanean. Hiriburuaren diagnostikoa aurkeztu eta ekarpenak jaso dituzte.

Nola abiatu zenuten prozesua?

HAIZEA RUIZ: Abenduan, Aldaketa abian izeneko dinamikarekin abiatu genuen prozesua, eta 2015eko udaberrian bukatuko da. Abendutik hona lantaldeak antolatu ditugu, hiriburuaren arlokako diagnostikoa egiteko. Egindako diagnostiko horietako datuak zabaltzeko egin ditugu jardunaldiak. Bilboren argazki orokorra atera dugu guztion artean. Irailetik aurrera, jardunaldietan osatutako azterketa hiriburuko eragileekin kontrastatuko dugu. Eta, horren ondoren, egoera aldatzeko proposamenak egiten hasiko gara. Diagnostikoaren hutsuneetatik abiatuko gara hori egiteko. Proposamen horiek 2015eko udaberrian aurkeztea da gure helburua.

XABIER LANDABIDEA: Arlokako azterketak egitea izan da diagnostikoaren lehen fasearen helburua, baina azterketa hori etengabe eguneratzea da izango dugun erronka nagusietako bat. Landu ditugun datuekin, ikuspegi fresko eta eguneratu batetik abiatuta egin dugu hiriburuaren azterketa. Ikusi dugu Bilbo ez dela aurkezten den bezain zoragarria, baina ezta horren txarra ere. Ni neu oso pozik nago prozesuarekin. Askotariko jendea elkartu gara, eta benetako bilbotarren beharrizanak agertu dira. Horregatik uste dut oso erreala dela osatu dugun diagnostikoa.

Zer nabarmenduko zenukete?

H.R.: Jardunaldietan, auzo eta zentroaren arteko desoreka nabarmendu da gehien. Azken urteetan izan dugun hiri eredua horren arabera eraiki da: zentrorako inbertsioak egin dira, eta auzoei arreta oso murritza jarri zaie. Azken finean, auzoetan bizi gara herritarrak, eta horretaz guztiaz jabetzen gara. Herritarrentzat baino gehiago, kanpokoak erakartzeko neurriak hartzen dira gaur egun.

X. L.: Landu diren arlo guztietan agertu da zentro eta periferiaren haustura hori. Argi dago bilbotarrak dugun erantzukizun bat dela. Pentsatzeko eta hausnartzeko tartea zabaldu dute jardunaldiek: Bilbo arlo eta abiapuntu ezberdinetatik pentsatzeko. Oso proposamen interesgarriak landu dira, eta oso interesgarria izango da horiek herritarrei zabaltzea.

Nola landu dituzue gaiak?

H.R.: Talde dinamika bidez landu ditugu arlo guztiak. Ordu erdian aurkezpen orokorra egin eta gero, taldetan banatuta egin dugu eztabaida.

X.L.: Horrelako gaiak lantzea oso zaila da. Aurkezpenetan, arlokako ondorio nagusiak aurkeztu ditugu, xehetasun orokorrak eman. Abiapuntua eman dugu, lantaldeetan banatzean horren inguruan eztabaidak pizteko. Egun bakoitzean, parte hartzeko dinamika ezberdin bat garatu dugu: world cafe-a, errealitatearen zuhaitza, eguzki lorea eta jinkana. Hirigintza pentsatzea serioegia da serioegi hartzeko. Aproposagoa iruditu zaigu modu jostagarri eta sortzaile batean lantzea.

Zer iritzi duzue horri buruz?

H.R.: Aberasgarriak izan dira. Eztabaidatzeko aukera eman diogu jendeari eta geure buruari, EH Bildutik harago dagoen jendearekin lan egin eta iritziak jasotzeko. Bilbo askotarikoa da, eta herritar guztiontzako proposamenak osatu nahi ditugu.

X. L.: Kuriositatea eragin dugu prozesu honekin. Jardunaldietan, EH Bildutik harago doan jendeak parte hartu du, eta hori oso aberasgarria izan da.