Udal etxebizitza bat dago Bilbon, 88 herritarreko

Alokairu sozialean etxebizitza bat dago 88 biztanleko, Bilbon. Hego Euskal Herriko hiriburuen artean proportzio handiena duena da. Adibidez, Donostia da zerrendan bigarrena, eta 188 herritarreko etxebizitza bat daukate. Ia 4.000 udal etxebizitza daude Bizkaiko hiruburuan: 3.999, zehazki. Hala jakinarazi du Eduardo Maizek, gaur arte Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza eta Etxebizitza zinegotzi eta Udal Etxebizitzak erakundeko presidentea izan denak.

2013an, udal etxebizitza bat alokatzeko 8.677 eskari jaso zituen Udal Etxebizitzak erakundeak; aurreko urtean baino %13 gutxiago izan ziren. “Etxebidek bertan izena emana dutenak etxea alokatu edo erosi gura duten aukeratzera behartu dituelako gertatu da hori”, Maizen esanetan. Beherakada horren ondorioz, eskaria 2010. eta 2011. urteetakoaren antzekoa dela azaldu du.

Gehienak, kide bakarrak

Familia unitateei ere erreparatu diete Udal Etxebizitzak erakundearen iazko memoria osatzeko. Haren arabera, eskari guztietatik 5.214 kide bakarreko familiek egin dituzte. Beste 1.616 eskari, berriz, pertsona bik osatutako sendiek bideratu dituzte. Beraz, etxebizitza horietan alokairuan daudenen %60 inguru bakarrik edo bikoteagaz bizi dira. Hiru kidedun familiek 1.031 eskari aurkeztu dituzte. Azkenik, 816 eskari iritsi zaizkie lau kide edo gehiagok osatutako sendietatik.

Diru sarrerei dagokienez, 2.371 eskari 3.000 eta 9.000 euro artean kobratzen dituzten familiek egin dituzte. Beste 3.892, berriz, 9.000 eta 15.000 euro arteko sarrerak dituztenei dagozkie. 15.000 eta 21.000 euro artean kobratzen dituzten 1.948 familiak eskatu dute udal etxebizitza bat. 118 eskatzailek 21.000 eta 27.000 euro arteko sarrerak dituzte. 344k, azkenik, 27.000 eta 39.000 euro artean irabazten dituzte urtean.

Bilbok dituen 349.863 biztanleetatik 9.200 inguru udal etxebizitzetan bizi direla ekarri du gogora Maizek. Hirigunean ez ezik, gainerako zazpi barrutietan kokatuta daude etxeok, 21 auzotan banatuta. 3.999 etxebizitza horietatik, gainera, 96 elbarrientzat egokituta daudela azaldu du.

Eskatzaile gehienak gazteak direla ere nabarmendu du zinegotziak. Hain zuzen, hamarretik sei 35 urtetik beherakoak dira. 35 eta 55 urte artekoak ere ugari direla adierazi du Maizek: %25 inguru.

Gehien-gehienak Bilbon bertan erroldatuta daudenak dira. Gutxienez, bost urte daramate egoera horretan, hori baita etxebizitza horietako bat eskuratzeko baldintza. Hamar urtetik gora Bilbon daramatenak, bestalde, %81 dira. Batez beste, 16.399 euroren diru sarrerak dituzte.

Eskaerek behera egin arren, eskaria ase gabe dago. Beraz, etxebizitza sozial gehiago egingo dira. Zorrotzan, esaterako, 80 etxebizitza eraikiko dira maiatzerako.