“Iaz Italiako Giroan lehiatzea esperientziarik politena izan zen”

Dorleta Eskamendik (Errenteria, 1992) bizikleta gainean ikusten du bere etorkizuna. Izan ere, hamabi urterekin hasi, eta txirrindularitzaren etapa guztiak igaro ditu bi gurpilen gainean. Orain ari da jasotzen egindako ahaleginaren emaitza. Bizkaia-Durango talde profesionaleko kide da Eskamendi, eta denboraldi berria hasi du asteburuan Frantzian, Cholet Pays de Loire lasterketa klasikoan. Nahiz eta bere ogibidearekin pozik dagoen, bere ametsa txirrindulari erabat profesionala izatea dela dio, “horrek lasterketa handietan ongi aritzeko aukera” ekarriko liokeelako.

Zelan ikusten duzu hasi berri den denboraldia?

Ondo ekin diogu, baina hasieran zalantzak izan genituen krisi ekonomikoa dela eta. Aurrekontu honekin ez genekien zein lasterketatara joango ginen, baina azkenean egutegi polit bat osatu dugu. Munduko Kopan eta beste hainbat lasterketatan parte hartzeko, gonbidapen bereziak eta UCI puntuak behar izaten dira, eta, horien arabera, aukera batzuk edo beste batzuk dituzu. Aurreneko astean, Frantzian izan ginen, denboraldiko lehen lasterketan, eta datozenetan Munduko Kopako beste hainbat ditugu Frantzian, Belgikan eta Luxenburgon. Horien ostean, Emakumeen Birarako prestatuko gara, guretzat oso itzuli berezia izaten baita.

Zeintzuk dira aurtengo helburuak?

Hamabi txirrindulari inguru gara Bizkaia-Durango taldean, eta talde moduan haztea izango litzateke aurtengo helburu nagusia.

Nola prestatzen duzue denboraldi-aurrea? Txirrindulariek badaukazue atsedenerako astirik?

Urtean hilabete bat izaten dugu atseden hartzeko, urri inguruan. Atseden horren ostean, martxan jartzen gara berriz ere. Hasieran, bizikleta gutxiko saioak izaten dira, eta, batez ere, mendira zein gimnasiora joaten gara. Gutxika, bizikleta gehiago erabiliz hasten gara, egoera fisiko on bat hartzen dugun arte.

Urte guztian oporretarako hilabete bat izanda, esaten den bezain gogorra da txirrindularitza?

Kirol gogorra da, baina gustatzen bazaizu… Ez dakit, baina, niretzat, kirol polita da. Entrenatu, atseden hartu, bidaiatu, lasterketan aritu… nahiko bizimodu polita da niretzat.

Nolakoa da Bizkaia-Durango taldea? Ezberdintasun handia dago atzerriko taldeekin alderatuz?

Egutegiari begira ez hainbeste, baina profesionaltasunari dagokionez bai. Atzerrian oso talde profesionalak daude, eta, denok dakigunez, hemen egoera ekonomikoa ez da guztiz ona. Horrek badu eragina. Bidaietan, materialetan… nabaritzen da. Baina lasterketen egutegiari dagokionez, gure taldeak egutegi oso zabala betetzen du. Eta esan daiteke talde profesional baten antzera aritzen garela.

Iaz diru bilketa egin zenuten Italiako Girora joan ahal izateko, eta helburua lortu zenuten. Zelakoa izan zen egitasmo hori?

Arazoa da erakunde publikoei esker osatzen dugula aurrekontuaren gehiena, eta askotan ordainketak atzeratu egiten dira. Erakundeek diru kopuru bat eskaintzen dizute, baina, berandu ematen badizute, ezin diezu gastu guztiei aurre egin. Horixe gertatu zen. Asko mugitu behar izan genuen, baina, eskujokoak egin ostean, 20.000 euro inguru lortu genituen Italiara joan ahal izateko.

Zer zailtasun ditu txirrindularitzak gaur egun?

Nire ustez, dirua da arazo nagusia, eta emakumezkoen taldeetan gehiago igartzen da. Azken finean, ez gara hedabideetan hainbeste ateratzen, eta horrek babesleen gaia zaildu egiten du. Babesleek pentsatuko dute ea zertarako inbertituko duten hainbeste diru talde batean, gero talde hori ia inon ere ez bada agertuko.

Zure kasuan, zeintzuk dira aurtengo helburuak?

Gero eta hobeo aritzeko helburua ipini diot neure buruari. Urtero, hobetuz goaz apurka, eta kanpoko lasterketetan ahalik eta ongien aritzen saiatuko naiz. Birari dagokionez, ahalik eta emaitzarik onena lortzea nahi dut. Eta Europako Txapelketara ere joan nahi dut. Suitzan jokatuko da.

Zerk bultzatu zintuen txirrindularitzara?

Etxean beti izan dugu bizikletan ibiltzeko ohitura. Nire osabak lasterka egiten zuen. Nire aitona eta aita ere ibiltzen ziren. Hori izan da etxean ikusi dudana, eta hortik hasi zitzaidan zaletasuna.

Zein izan da zure garairik politena bizikleta gainean?

Garai on asko izan dira. Italiako Giroan lehiatzea oso esperientzia polita izan zen. Horrez gain, Fleche Wallonne eta Flandesko Tourrera joatea ere oso ederra izan zen. Gogoan dut oraindik kategoria horretako lehen lasterketa ere. Munduko onenekin lehiatzea oso berezia izan zen, Durango-Durango lasterketan.

Eta txarrena?

Duela bi urte askotan erori nintzen. Hori dela eta, Birarako ipini nuen helburua apaldu egin behar izan nuen. Azkenean, Biratik erretiratu behar izan nintzen, erorketa baten ondoren.

Zein izango zen zure ametsa? Posible ikusten duzu hori gauzatzea?

Guztiz profesionala izatea, agian. Horrek esan nahi du lasterketa handietan maila on bat eta soldata on bat izatea. Oraintxe bertan apur bat zail ikusten dut hori lortzea. Horretarako, hemendik joan beharko nintzateke, hemen egoera ez baitago ondo.

Zuen taldea profesionala da?

Bai. Berez, profesionala da, baina, aurrekontuari dagokionez, ez ditugu beste talde batzuk izan dezaketen baliabide berdinak. Berez, guk talde horiek egiten dituzten lasterketa berdinak egiten ditugu, baina gero soldatak ez dira berdinak. Txirrindulari izateaz gain, gehienok ikasten gabiltza, eta beste batzuek lan egiten dute.

Noiz arte jarraitu nahi duzu bizikleta gainean?

Ilusioa eta motibazioa dudan bitartean segituko dut. Entrenatu nahi dut, hobetu nahi dut, motibatuta nago, ez zait kostatzen… Horrela nagoen bitartean bizikleta gainean segituko dut.